Mari-Luisa Erdocio Etcheverry, Ipar Euskal Herriko lehen emazte bertsolaria

Emakumeak Ipar Euskal Herriko karriken izenetan agerrarazteko xedearekin, Bask’elles elkartea herrietako eragileekin harremanetan da, toki bakoitzeko emazte apartak atzemateko. Azkainen, Ipar Euskal Herrian ezagutzen den lehen emakume bertsolaria aurkitu dute: Mari-Luisa Erdocio Etcheverry.

Mari-Luisa Erdocio Etcheverry. Familia Artxiboa
Mari-Luisa Erdocio Etcheverry. Familia Artxiboa

Ipar Euskal Herriko Xilaba bertsolaritza txapelketa emakumeen parte-hartze ugariarekin jokatzen ari den honetan, momentu egokia da Iparraldeko hiru lurraldeetan ezagutzen den lehen emakume bertsolariaren ibilbideari begiratzeko. Mari-Luisa Erdocio Etcheverry deitzen zen, eta laster, bere omenez, jaioterri izan zuen Azkaineko erdialdean baratze bati bere izena emanen diote.

Mari-Luisa 1846an jaio zen, 1925ean zendu zen Donibane Lohizunen, eta ohiz kanpoko pertsona izan zen. Garaiko hainbat arau moral betetzen ez bazituen ere, ez zuen lotsarik izan taula gainean bertsotan aritzeko, eta bere aparteko dohaina zela-eta, irabazteko ere ez. Prentsan dokumentatua izan denaren arabera, Sarako Lore Jokoetan hiru aldiz saritua izan zen, 1869an, 1875ean eta 1884an. Baina kazetei begiratuta, urtero horren berri ematen ez zela ikusirik, beste urteetan ere sariak jaso izana posible da.

Aparteko beste sari bat ere izan zuen bere parte-hartzeak, beste emakume bertsolariei ireki zien bidea, bere ondotik bat baino gehiago ausartu baitzen garaian balentria hutsa zena egitera. Berak parte hartu eta bi urte beranduago, bost parte-hartzaileetatik hiru emazteak izan ziren.

Informazio hori guztia biltzeko, azkaindar talde bat mobilizatu egin da. Jendearekin mintzatzen eta artxiboetan begiratzen aritu dira. Dinamika horretan parte hartu duten herritarren taldean daude Marielen Deliart eta Herriko Etxeko Kultura eta Euskara Batzordeko Murielle Leizagoyen hautetsia, eta egun dakitena argitzeko bidean norabide ezberdinak hartu behar izan dituztela eta sorpresa ederrak izan direla azaldu dute.

Bildutako datuekin panel bat osatu dute, eta Bask’elles elkarteko kideek egitasmoaren oinarri gisara emakume ezberdinez egina zuten erakusketa ibiltariari gehitu diote. Erakusketa Lapurdiko herrian izan da gaur arte, eta Maulerako bidea hartuko du orain.

Bask’elles-eko Michaella Clapissonek nabarmendu du Azkainen muntatu den dinamika izan dela beraiek bilatzen dutenaren eredua, hautetsiak eta norbanakoak elkartu baitira herriko aparteko emakumearen ibilbidea ezagutu eta agerian emateko.

Elkarlan horri esker, ikerketa askoz sakonagoa izan da, eta azkaindarrek soilik egin zitzaketen aurkikuntzak izan dira, esaterako, bertsolariaren argazkia. «Herrian ez genuen ezagutzen, salbu, batzuek bertsolaritzaren munduan aipatzen zuten entzun zutela. Beñat Soule bertsozaleak egin zuen liburuan bere izena atera zuen erranez bertsolari bat izan zela XIX. mendean», azaldu du Euskal Museoan lan egiten duen Deliartek.

Hori abiapuntu hartuta, taldean parte hartu duen Maite Deliartek horren inguruan ikertzea proposatu zuen, eta elkarlanaren bidez informazio anitz lortzen joan zirela azaldu du Marielen ahizpak: «Lehen aldiz ateratzen da 1869ko artikulu batean: Julien Vinson kazetariak aipatzen du azkaindar gazte bat, eta badu deskribapen biziki polit bat, arras neska bizia zela, eta jendeak maitatu zituela bere bertsoak».

Testu hori “Revue de Linguistique et de Philologie comparée” aldizkarian argitaratu zuen Vinsonek, eta hitzordua «euskal poesia lehiaketa» gisara definitzen du.

Datu horiek guztiak biltzeko lau hilabeteko detektibe lana izan dela gaineratu du Deliartek: «Gutariko batzuk joan dira herriko artxiboetara, departamentukoetara, eta poliki-poliki xehetasunak atzeman ditugu». Amak 17 urte zituelarik izan zuen, aitarik gabe; horrez gain, aitatxi eta amatxia Hernanitik Lapurdiko herrira joan zirela deskubritu dute.

Bertsolariaren ohiz kanpoko bizitzaren zehaztapenak eman ditu museoko langileak: «Hamahiru haur ukan zituen, esposatu zen Pierre Etcheverry marinelarekin; ezkon egunean jada hiru haur bazituen, eta orduan legitimatu zituzten. Marinela baitzen, pentsatzen dugu bera zela haurren aita. Saran aritu zelarik jada hiru haur zituen, eta irabazi zuen».

Baina bertsoei buruzko informaziorik ez da ailegatu gaur arte, «bat-batekoa izanik airearekin joan dira». Kazetariak artikuluan kontatzen du berarengana joan zela bertsoetan esan zuenaz galdezka, baina jada ahantziak zituela.

Herrian zehar ere ikerketak egin dituztela azaldu du Leizagoyenek: «Patinenia etxean bizi izan zen, eta hortik lortu dugu familiak gurekin lan egitea, eta horiei esker lortu ditugu argazkiak. Hori momentu zoragarria izan zen, ez genuen uste hori izaten ahalko genuenik. Familiakoek ez zekiten nor zen, baina joan ziren ikustera, eta atzeman zuten».

Beharbada oraindik gauza gehiago ere deskubrituko dira, panela egin eta gero bertsolariaren familiako kideak atzeman baitzituzten erakusketaren aurkezpenean: «Estreina egunean etorri zitzaigun norbait erranez bere familiakoa zela; aditu zuela bere amatxia erraten bere amatxia bertsolaria zela, baina uste zuten amatxi burutik joaten zela, eta egin genuena ikusi zuelarik biziki hunkitua izan zen».

Beste argazki bat ekarri zuen hark, Mari-Luisa Erdocio Etcheverry bere senarrarekin, bere gurasoekin, eta bere bederatzi haurrekin (beste laurak hil zirela suposatzen dute). «Hori da politena, sortzen duzuna. Herriaren eta familiaren historia berreskuratzen da» erran du hautetsiak.

Eta bertsolariaren indarra azpimarratu du: «Garai horretan hori egitea zerbait bazen; upatzeko eszena batean nortasun handia izan behar zuen». Zentzu horretan, Deliartek hauxe gaineratu du: «Ez dakigu sobera nola zen denbora horretan, baina imajinatzen ditugu emakumeak beti etxean haurrekin, eta hor ikusten da ez zela beti horrela».

Garai horretako emakume bertsolariei buruz ezer gutxi jakin badaiteke ere Vinsonek lehenago Hondarribiko emazte bat izan zela aipatzen du. «Orduan, hemen ez bezala, beste aldean emazteak bertsotan aritzeko ohitura ba omen zen, ez kalean, baina bai etxeetan», baieztatu du Leizagoyenek.

Protagonistak Lore Jokoetan parte hartu zuen hiru aldietan saritua izan zen. Lehen aldian, irabazlea izan zen Piarres Ibarrartekin batera, “ezkontzeko eskaera” gaiari erantzunez. Bigarrenean, lehen tokia eskuratu zuen ere Joanes Etchetorekin tokia partekatuz, “gazte mobilizatu baten azken agurra bere emaztegaiari” buruz kantatzeagatik. Hain apartekoa izan omen zen bere bertsoa, non Chambrun kondesak sari berezia eskaini zion. Azkenik, 1884an hirugarren tokia eskuratu zuen.

Herriz herri

Erdocio Etcheverryren lorpenei buruzko informazioak aberastu duen erakusketak bidea egiten jarraituko du. Herri horietako batzuetan lana egina dute, eta besteetan ari dira, baina lortutakoekin oso kontent agertu da Bask’elles-eko Clapisson.

Herri zein hiri, kostaldeko zein barnealdeko tokietan, Ipar Euskal Herri osoan zehar ari dira dinamika hedatzen: Baiona, Donapaleu, Ziburu, Donibane Lohizune, Sara, Biarritz, Hazparne, Donibane Garazi, Senpere, Ezpeleta, Kanbo, Urketa, Biriatu, Bardoze, Hendaia, Azkaine eta Maulen. Toki batzuetan egon da janeko, eta beste batzuetan heldu den hilabeteetan joanen da.

Erakusketa aurkezten den toki bakoitzean emakume bat atzematen entseatzen dira, eta egindako lana balioesten dute izena ezagutarazteko. Batzuetan hitzaldiak izaten dira, eta inguruko prentsa gonbidatzen dute, biztanleei beren herriaren historiaren parte den pertsona hori ezagutarazteko.

Hurrengo urtean, proiektuaren lehen urratsa amaitutzat emango dutelarik, bildutako emakume ohargarrien informazioarekin eta argazkiekin, liburuxka bat argitaratuko dute. Erakusketaren parte izatera heldu diren emakumeez gain, beste izen batzuk ere jaso dituzte, baina ezin izan dituzte denak landu, eta ez dute denek liburuxkan tokirik izango, baina etorkizunerako oinarri baliagarria izan daiteke.

Egitasmoaren xedea agerian emandako emakumeen izenak karriketara heltzea bada ere, denetan ez da oraingoz egingarria; halere, herriko etxeetan engaiamenduak lortzen ari direla baieztatu du Bask’elleseko kideak. Toki guztietan ere ez da engaiamendu maila bera, anitzetan elkarteko kideei emaztearen izena ematen diete, eta gero beraiek izaten dira ikerketa lana eramaten dutenak.

Eskolekin ere ari dira elkarlanean, irakasle eta ikasleekin. Bigarren Hezkuntzako 17 zentrorekin garatu dute proiektua, eta aldiro biografia bat ematen diete horri buruz azterketa egin dezaten. Erakusketa bisitatzera ere joaten dira eskoletako haurrak, beren herriaren historia hobeki ezagutzeko xedez.

Elkarteko kideak, beraien aldetik, topografiari loturiko historia zehatz bati ere lotu zaizkio. Biarritzeko La Negresse auzoari izena eman zion emakumea existitu ote zen jakiteko, eta horrela izan bazen nor izan zen argitzeko, artxiboetara jotzen ari dira. Azkenaldian auzo horren izena zeresan handia ematen ari da, «negresse» hitzak emakume beltzak definitzeko daukan mespretxuzko kutsuarengatik. Hori dela-eta, eztabaida publikoa dago momentu honetan, izena aldatu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Clapissonek argi utzi du beraiek eztabaida horretan ez direla sartzen: «Gauza asko esan dira, eta esaten ari dira, gu ez gara polemika horretan sartzen, emakumea ezagutu nahi dugu, besterik ez. Badirudi existitu egin zela, eta garai bateko jendearen pentsaeran eragina izan zuela, horregatik jakin nahi dugu nor zen».