NAIZ

Javi Martinezek 2026ra arte berritu du Osasunarekin, etete klausulan igoera ezarrita

Osasuna eta Javi Martinezen kontratuzko harremana 2026ra arte luzatu da eta etete klausulan igoera nabarmen bat eman dela ere adierazi du klub gorritxoak. Izan ere, erdilariaren klausula 25 milioi euroraino igo da. Kadete mailan iritsi zen Taxoarera eta aurtengoa bere bederatzigarren denboraldia da.

Javi Martínez ha anotado el 2-3 decisivo en el minuto 88. (Miquel BORRAS/LOF)
Javi Martinezek gol erabakigarria sartu zuen Mallorcan (2-3). (Miquel BORRAS/LOF)

Javi Martinezek 2026. urtera arte luzatu du Osasunarekin daukan hitzarmena, klub gorritxoak astelehen honetan iragarri legez. Berritze honekin, erdilariarekiko daukan «konpromisoa» indartzen duela azpimarratu du entitate nafarrak. Bere ustez, egungo eta etorkizuneko kirol proiektuaren «giltzarria» da Sorian duela 22 urte jaiotako jokalaria. 

Gainera, nabarmendu legez, bere etete klausulan ere igoera nabarmen bat eman da, orain norbaitek fitxatu nahi baldin badu gutxienez 25 milioi euro ordaindu beharko baitu. 

Martinez kadete mailan iritsi zen Taxoarera eta aurtengoa, beraz, bere bederatzigarren denboraldia ari da izaten elastiko gorritxoa defendatzen. Egun bere taldekide diren Moncayola eta Aresorekin batera, jubenil mailako garaikurra irabazi zuen Osasunarekin eta ondoren, hiru urtez, bigarren taldean aritu zen 2019an lehen taldearekin debuta egin zuen arte.

Egun, jada ziurtasun osoz esan daiteke, lehen taldeko jokalaria dela. Zortzi neurketetatik seietan hartu du parte –horietariko bi hasieratik, biak etxetik kanpo; Mallorcan eta Cadizen– eta Mallorcaren aurka gol bat sartu zuen, azken minutuan Osasunak partida irabaz zezan (2-3). Bere lehen gola elastiko gorritxoarekin pasa den denboraldian iritsi zen, Espanyolen aurka Kopako kanporaketan, hain zuzen ere.