Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Mina eta umiliazio izugarria suposatzen dute guretzat urriaren 12ko ekitaldiek»

Urriaren 12ko biharamunean Estatuaren bortizkeria pairatu duten bi herritarrekin hitz egin du NAIZek, torturatua izan zen Mikel Egibarrekin eta Triple A-k tiroz aita hil zion Pilar Garaialderekin. «Gure oinarrizko giza eskubideak urratu zituen indarkeriaren apologia eta gorespen ekintzak dira».

Mikel Egibar, 2015ean, espainiar Auzitegi Nazionalaren atarian. (J. DANAE / FOKU)
Mikel Egibar, 2015ean, espainiar Auzitegi Nazionalaren atarian. (J. DANAE / FOKU)

Urriaren 12a, Estatu espainiarrean, «Hispanitatearen gorespenaren eguna» izan ohi da, lehen «arrazaren eguna» ere bazen. Gaztela eta Aragoiko erresumak Amerikako kontinentera iritsi zirela gogorarazten duen «Hispanitatea». Kontinente berria «aurkitu» eta ehun urtera, biztanleria indigena 60 milioi pertsonatik sei milioi lagunera jaitsi zen, Londresko University Collegeko ikertzaileen arabera.

«Hispanitatea eraikitzeko odolez eta suez eraiki du bere errealitatea. Zentzu historikoan eta gaur egun ere», dio Mikel Egibarrek. Antiguotarra atxilotua, inkomunikatua, torturatua eta 10 urtez espetxeratua izan da. «Zoritxarrez gure herrian nahiko kasu arrunta da nirea».

Urtez urte gogoratu eta ospatu egin da genozidio hura, eta azken hamarkadetan, gainera, espainar Estatuko polizia-indarrei egindako desfilea eta omenaldia gehitu dira. Ildo horretan, Egiari Zorrek atzo arbuiatu egin zituen Estatuaren indarkeriaren biktimak umiliatzea, «urtero egiten baitzaizkigu umiliazio horiek Espainiako egutegiko data seinalatuetan, hala nola urriaren 12koan», eta «gure giza eskubideak urratu zituen indarkeria goraipatzen duten omenaldietan».

Pablo Garaialde Alegiako taxilaria hilda agertu zen 1982ko urtarrilaren 2an. Basozain batek bere taxiaren barruan aurkitu zuen haren gorpua, Berastegi herritik oso gertu dagoen inguru batean. Gorpuak ehizarako bi eskopeta-tiro zituen aurpegian, distantzia laburrera. Triple A enpresak bere gain hartu zuen atentatua, eta bere «akatsa» aitortu zuen biktima identifikatzerakoan, bere helburua Alegiako beste taxilari baten heriotza baitzen. Kasua hilabeteren buruan artxibatu zen eta ez zen beste ikerketarik egin.

Haren alabetako batek, Pilar Garaialdek, azaldu dio NAIZi urriaren 12ko ekitaldiek sortzen diotena. «Mina eta umiliazio izugarria suposatzen du guretzat. Gure oinarri-oinarrizko giza eskubideak urratu zituen indarkeriaren apologia eta gorespen ekintzak dira hauek, argi eta garbi. Zilegitasuna ematen zaio eta inpunitate osoa dutela adierazten zaie. Ez dugu ahaztu behar indarkeria honetaz baliatu zirenetatik gehien gehienak zigorgabe jarraitzen dutela eta zigorra jaso zuten gutxi horiek gerora ohoreak jaso dituztela».

«Atzoko eguna sektore guztien, indar polizialen, politikoen eta mediatikoen, elkar babesa eta batasuna erakusteko eguna izan zen», iritzi du Egibarrek. «Estatuaren indarkeria pairatu dugunontzat ez bakarrik umiliazioa, probokazioa ere bada». Eta probokazio horretan sartzen ditu Lakua eta EAEko sektore politikoan dagoen isiltasuna.

Biktimen umiliazioa, baina, kolore bakarrekoa izan ohi da eta hau «birbiktimatze modu bat» da Garaialderentzat. «Biktimen umiliazioari buruz ari diren guztietan gure biktima izaera ezabatzen dute, existitu ez balitz bezala, existituko ez bagina bezala». Errelatoa desitxuratzeko saiakera bat ikusten du hemen alegiarrak. Zentzu berean, Egibarrek biktima batzuen inguruko isiltasuna nabarmendu du. «Isiltasuna ez da mezuaren hutsunea, isiltasunak askotan bertsio bat legitimatu egiten du. Torturen inguruan bizi dugun ukazio horrek legitimatu egiten du horren atzean dagoen errealitatea». 

Egia bat eta errelato desberdinak

Lau hamarkada luze hauetan aitorpen ofizial gutxi jaso dute Garaialde sendian eta, iritsi direnak, azken boladan izan dira. Hilketaren 30. urteurrenaren bueltan Alegiako Udalak ekitaldi xume bat eta plaka batekin ekarri zuen gogora gertatutakoa eta Lakua eta Gogora institutoaren txostenetan ere agertzen da kasua. Espainiar Gobernutik, era berean, indemnizazio eskaera onartu zieten.

Argi dauka Euskal Herriak bizitako gatazkaren biktima gisa zer behar duen, «egia eta aitortza». «Zenbaitek pentsa edo esan lezake egi asko daudela, nik uste dut egia bat dela eta errelatoak desberdinak. Errelato zintzoa, aitortzailea eskatzen dut. Ez gu biktimoi bakarrik, gizarte osoari zor zaio egi hori, aitortza hori. Zoru etikoaz ari direnean, benetan diotsut, su eta gar jartzen naute. Zer zoru etiko? Nori? Denontzat beharko luke bada! Zinismoa eta faltsukeriak baztertu eta bada garaia has daitezen bizikidetzaren alde, giza eskubideekiko errespetuan eta konpromisoan oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko lan zintzoan, euskal gizarteak horretarako izan duen bilakaera positiboari jarraituz». Bizikidetzaren aldeko lan horretan «modu aktiboan urteak daramatzagula» nabarmentzen du Egibarrek eta galdera bota. «Beste sektoreak ari ote dira?»

Era berean, Egibarrek, Estatuaren indarkeria pairatu duenak «entzutea» behar duela nabarmentzen du. «Errelatoaren eremuan sartzen gara. Kontakizuna ezin du bakarra izan, nahiz eta hainabt sektoreri ez gustatu. Beste iritzi baterako tokia egon behar du. Bigarrena onartzea isiltasuna txarra dela edozein komunitaterentzat. Gerora begira gaixotasun komunitario bat bihurtzen da. Sektore politikoek erraztu beharko lukete kontakizunaren aniztasuna».

Gutun bonben isiltasuna

Emilio Alonso Manglano Cesideko buruzagi ohiaren biografiak, berriki argitaratuak eta NAIZen jasoa, Antoni Asuncion ministro ohiaren testigantzaren bitartez berresten du 1989an ezker abertzaleko militanteei bidalitako bonba-gutunak Estatuko aparatuetatik atera zirela. Kasu honetan ere isiltasuna izan da nagusi. «Oraingo honetan ere mugak gainditu dituzte. Lehentxeago aipatu dudan zoru etikoa hain sutsuki defendatzen omen dutenek beste aldera begiratu eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea jasanezina da», azpimarratzen du Garaialdek.

Gatazkaren testuinguruan  dauden «interes partikular» eta «etekin politikoak» agerian uzten dituela iritzi du Garaialdek eta bat dator Egibar. «Bi adierazpenekin gaia lurperatu egin nahi dute».