Manex Altuna

Nico Williams 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin jokatzen lesionatu da

Irlanda iparraldeko selekzioaren aurkako norgehiagokaren azken 30 minutuetan zelairatu zen Nico Williams eta min hartu zuen. Julen Agirrezabala eta Unai Vencedor 21 urtez azpiko Espainiako selekzioaren hamaikakoan izan ziren, Realeko jokalaria den Beñat Turrientes bezala.

Athleticeko jokalariak diren Julen Agirrezabala, Unai Vencedor eta Nico Williams 21 urte azpiko Espainiako selekzioarekin jokatzen izan dira azken astean Realeko Beñat Turrientes bezala. (@sefutbol)
Athleticeko jokalariak diren Julen Agirrezabala, Unai Vencedor eta Nico Williams 21 urte azpiko Espainiako selekzioarekin jokatzen izan dira azken astean Realeko Beñat Turrientes bezala. (@sefutbol)

Luis De La Fuente hautatzaileak partida ostean azaldutakoaren arabera, Nico Williams lesionatu egin da 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin jokatzen. Athleticeko jokalaria bigarren zatiko 57. minutuan zelairatu zen Irlandako iparraldeko selekzioaren kontrako norgehiagokan. Eslobakiaren kontrakoan berriz, hamaikakoan sartu zen.

Lezamara itzultzean Athleticen zerbitzu medikuek sakonago aztertu beharko dute zer daukan. De La Fuentek esan zuenarengatik, ez dirudi ezer larria denik. Kontraktura edo uzkurdura bat bakarrik izan daitekeela aipatu zuen. Zorionez, Athleticek ez du asteburu honetan partida ofizialik izango eta agian datorren urriaren 23an Villarrealen kontra jokatzeko moduan izan daiteke.

Denboraldi hasiera honetan Nico Williams hamabigarren jokalaria izaten ari da Marcelinorentzat. Partida guztietan parte hartu du, baina baten bakarrik jokatu du hasieratik. Rayoren kontra San Mamesen galdutakoan, hain zuzen ere.

Aurreko denboraldi amaieran egin zuen debuta lehen taldearekin eta Iñaki, anai nagusiak bezala, sekulako abiadura daukala erakutsi du hasieratik. Ligak berak ezagutzera emandako datuen arabera, txapelketako jokalari azkarrenen artean daude bi anaiak Real Madrileko Vinicius jokalariarekin batera. Iñaki Williamsek 35,2 kilometro orduko abiadura marka ezarri du eta Nico, Vinicius bezala, 35,1 kilometro orduko abiaduran korrika egitera iritsi da.

Horrekin batera, Nicok erraztasuna dauka baloiarekin aurkariei izkin egiteko. Etorkizun hurbil batean, eta dagoeneko ere, Athleticen erasoko jokoari asko eman diezaioke.

Golak egiterakoan eraginkorragoa izatea eskatzen zaio talde zuri-gorriko 9 zenbakiari, baina kritiketan sarri ahazten da Williams anaiek gaitasun apartak dituztela. Eta nabarmentzekoa dela, soldataz haratago, ez duela partidarik galdu azken bost urteetan. Beste modu batera esan da, beti egon dela prest taldeari laguntzeko.

2028rarte kontratua luzatu zion Elizegiren Zuzendaritza Batzak ere kontuan izan beharko luke jokalariaren inguruan hitz egiterakoan. Ez dauka inongo zentsurik, Jon Ander De Las Fuentes diruzainak elkarrizketa batean egin duen bezala, taldeko ikurra den jokalari baten gainean fokua jartzea soldatetan izan den igoera azaltzeko.

Agirrezabala eta Vencedor

Bestalde, Julen Agirrezabala atezaina eta Unai Vencedor 21 urtez azpiko Espainiako selekzioak azken egunetan jokatutako bi partidetan hasierako hamaikakoan izan dira, Realeko jokalaria den Beñat Turrientes erdilariarekin batera.

Williams anaien kasuan aipatu bezala, Athleticen gertutik zaindu beharko dute Agirrezabala atezainaren ibilbidea epe ertainean arazoak ez izateko. Oreretako mutilak maila aparta daukala erakutsi zuen Liga hasieran jokatutako bi partidetan eta Unai Simon itzuli denetik Bilbao Athleticekin jokatzen ari da asteburuetan. Laster pausu bat gehiago emateko moduan izango da eta talde zuri-gorriak asmatu beharra dauka nola jokatuko duen.

Atzerapen ofiziala

Ligak eskatu bezala, asteburu honetan Athleticek ez du partidarik jokatuko. Ofiziala egin da Real Madrilen aurkako norgehiagokaren atzerapena. Granada eta Atleticoren arteko partida ere atzeratu egin dute jokalari hego amerikarrek ezingo dutelako parte hartu selekzioen partidak dituztelako.