NAIZ

Ikus-entzunezko Legea aldatzeko eskatu diote Madrili, euskarazko ekoizpenak bermatzeko

Gasteizko Legebiltzarrak Ikus-entzunezko Komunikazioaren lege-proiektua aldatzeko eskatu dio Madrilgo Gobernuari, euskarazko produkzioak bermatzeko. Jasone Agirrek aurkeztutako mozio bati jarraituz erdibideko zuzenketa hitzartu dute EAJ, EH Bildu, PSE eta EP-IUko legebiltzarkideek.

Jasone Agirre EH BIlduko legebiltzarkidea. (EH BILDU)
Jasone Agirre EH BIlduko legebiltzarkidea. (EH BILDU)

Gasteizko Legebiltzarrak espainiar Gobernuari eskatu dio Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorraren proiektuan egin beharreko aldaketak adostu ditzala, «eta bereziki ekoizpenetan egindako inbertsioetan bermatuta egon dadila euskarazko edukien ehuneko zehatz bat, bai eta gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialak ere».

Hala azaltzen da EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EP-IUk adostutako erdibideko zuzenketa batean, talde subiranistak aurkeztutako ekimen bati jarraituz hitzartu dutena. Bat egin dute Gobernu espainolari eskatzeko Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko lege-proiektua aldatu dezala gutxiengo nazional eta linguistikoen babesa eta kultura zein hizkuntza dibertsitatea bermatzeko.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea pozik agertu da Gasteizen lortutako akordioarekin, izan ere espainiar Gobernuaren lege-proiektua «zentralista, kontserbadorea eta merkantilista» da eta «ikus-entzunezkoen merkatuaren interesa» lehenetsi egiten du, funtzio soziala baino.

Hala, «kultura eta hizkuntza aniztasuna arriskuan jartzen du, aniztasun hori aipatu arren, ez duelako kultura edo hizkuntza betebeharrik zehazten; hain zuzen ere, ez du ehuneko zehatzik aurreikusten gaztelania ez den beste hizkuntzetarako eta ez du tarterik uzten, esaterako, autonomia erkidegoek Netflix bezalako plataformetan esku har dezaten».

EH Bilduko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du lege berriak elementu horiek kontuan hartzea. Zentzu horretan adierazi duenez, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko formulak guztiz aldatu dira eta sektorea bera paradigma aldaketa batean murgildurik dago, «eta horrek lege berriak egoera berri horretara egokitzea eskatzen du, babestuko gaituzten neurriak ezartzeko eta egiturak moldatzeko».

Halaber, ikus-entzunezkoen eremuan egun dituen eskumenak erabiltzeko eskatu dio berriz ere Lakuari eta, horren ildotik, Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzearen premia azpimarratu du, Katalunian aspaldi egin zuten bezala.

Fase goiztiar batean dagoen aurreproiektua

Joseba Diez Antxustegi EAJko legebiltzarkideak kritikatu egin du Madrilgo Gobernuaren aurreproiektua. «Legearen fase goiztiar batean gauden arren, ezagutzen ari garena ez zaigu bereziki gustatzen. Lehenik eta behin, ez duelako errespetatzen Euskadik komunikabideen eta ikus-entzunezkoen arloan duen eskumen eremua. Eta bigarrenik, hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko sentsibilitate falta ikusten dugulako», adierazi du.

PSEko legebiltzarkidea den Alberto Alonsok ohartarazi du ere legea oraindik fase goiztiar batean dagoela, eta nabarmendu du Miquel Iceta ministroaren «sentsibilitatea». EP-IUko kidea den Gustavo Angulok era oraindik aldaketak egiteko denbora dagoela nabarmendu du.

Espainiar eskuina ordezkatzen duten taldeek aurka bozkatu dute.