NAIZ

Bikotekide ohiak hil zuen Natalya Bayluken heriotzarengatik epaiketa hasiko da astelehenean

2018ko abuztuan Uharten Natalya Bayluk hil izana egozten diote emakumearen bikotekide ohiari. Epaiketa astelehenean hasiko da Nafarroako Auzitegian, zinpeko epaimahaiarekin.

Natalia Bayluken heriotza salatzeko elkarretaratzea Uharten. (Iñigo URIZ / FOKU)
Natalia Bayluken heriotza salatzeko elkarretaratzea Uharten. (Iñigo URIZ / FOKU)

Natalya Bayluken heriotzaren epaiketak zinpeko epaimahaia izango du eta astelehenean bertan hasiko da. 2018ko abuztuaren 25ean hil zuen emakumea ustez bere bikotekideak, kolpeka. Epaiketa Nafarroako Auzitegian egingo da eta, gutxienez, urriaren 22ra arte luzatuko da.
Behin-behineko ondorioetan, Fiskaltzak 21 urteko espetxeratzea eskatu zuen –19 urte giza hilketa delitu batengatik eta 25 hilabete gehiago tratu txarren delitu batengatik– akusatuarentzat (A.B., 44 urtekoa).

Fiskalaren arabera, buruan aldez aurretik zituen hiru hematoma odoletan hasi izana izan zen heriotzaren arrazoia.

«Kolpe horiek behin eta berriz kolpatzeagatik zituen, eta abuztuaren 25ean akusatuak Natalia jo ostean, odoletan hasi ziren berrio», azaldu zuen.
Aipatutako espetxe zigorraz gain, fiskalak eskatzen du auzipetuak 25.000 euroko kalte-ordaina eman diezaiola biktimaren aitari, eta 40.000 eurokoa bi ahizpetako bakoitzari.

Epaiketaren lehenengo saioa astelehenean hasiko da, 9.30ean, Iruñeko Justizia Jauregian. Auzitegiko Bigarren Sekzioko magistratu bat izango da saioaren buru. Lehenik eta behin, epaimahaiko bederatzi kideak eta bi ordezkoak hautatuko dira. Jarraian, 12.00ak aldera, ahozko ikustaldia hasiko da, aldeek –fiskala, herri akusazioa, Nafarroako Gobernua eta defentsa– zinpeko epaimahaiko kideei aldez aurretik egindako alegazioekin.

Hurrengo egunean, 9.30ean hasiko da saioa, akusatuaren galdeketarekin, eta bertan izango dira auzipetuaren ama, Foru Poliziaren bost agente, Uharteko udaltzaingo bat eta bi lekuko.

Hilaren 20an beste hamar lekuko deituko dituzte, eta ostegunean beste horrenbeste. Saio horretan ere egingo da aditu-froga.

Azken egunean, ostiralean, alderdiek behin betiko ondorioak azalduko dituzte. Zinpeko epaimahaia astelehenean, hilak 25, hasiko da eztabaidatzen.