Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Hedoi Etxarte
Idazlea, musikaria eta editorea

«36ko gerran hasitako afera hor geldituko da, ez ixtea erabaki zelako»

Bederatzi urteren buruan, Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) hirugarren poema liburua argitaratu du, ‘Sortaldekoak’ (Susa). Hedabideetan maiz entzun dugun arren, ahots bila ibili da. Azalean, asmo-adierazpen bat: Pilar Berezibar Galdos amonaren argazkia, San Kristobal mendian, 1931n.

Hedoi Etxarte. (Gorka RUBIO/FOKU)
Hedoi Etxarte. (Gorka RUBIO/FOKU)

Agian iritsi zaizue, sare sozialetan eta Youtuben espresuki zabaldu den kanaletik, ‘Zerua eta sua’ bideoa. Bandera gorri bat, iraultzaileen txapela daraman neska, Audi zuri bat eta Iruñeko txokorik ‘tradizionalistetan’ zehar eginiko bidaia musikatua. Heriotza, bizitza eta memoria nahasirik, bertako eta urrutiko istorioak, iraganeko eta gaurko ahotsak. Bideoa ‘Sortaldekoak’ (Susa) liburuaren atariko gisakoa da; are gehiago, Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuaren soinu-banda al da? Aurki beste bi bideo zabalduko  dituzte. Adi egon beharko.

«Nondik nator, zer naiz ni». Galdera sinple eta erabakigarri horiei erantzuten saiatzen da gizasemea aspaldidanik. ‘Sortaldekoak’ lanak gordetzen dituen olerkietan Etxartek atzera begiratu du, bere familiaren biografiari erreparatuz. Baina ez da hor gelditu, bertso hauetan 36ko gerra galdu zutenen zantzuak, Imemasako ‘Echarte pobrearen’ (Echarte diruduna nagusia zen) eta egun gurpil-aulkiak bultzatzen dituzten kanpotarren istorioak bildu baititu, hainbat idazleren ahotsarekin batera: Roberto Bolaño, Hanna Arendt, Beppe Fenoglio, Vasili Grossman, Pirritx, Porrotx eta Marimotots... argitaratzailea eta irakurle amorratua den aita baten ajeak akaso?

Iruñeko Katakrakeko liburudenda eta argitaletxeko editorea izanik, Susa aukeratu duzu olerki liburua plazaratzeko. Zer dela eta?
Ulertzen dut beste batzuek egin izana, baina niri oso bitxia egingo litzaidake; gainera, behar dut distantzia hartu. Aurreko biak ere Susarekin argitaratu nituen eta oso arraroa egingo litzaidake poema liburu bat Susa ez den norbaitekin argitaratzea.

Azken liburutik (‘Suzko liliak’ eta ‘Sinplistak’ izan dira aurrekoak) bederatzi urteko tartea hartu duzu. Ez dakit topikoa ote den, baina bertso hauetan heldutasunaren ahotsa aurkitu duzula iruditu zait.
Izan daiteke. Lehenengo liburua 23 urterekin atera nuen, eta bigarrena 26rekin, gaztetasuna bukatzen ari denean. Bederatzi urtean bizitza asko aldatu zait, eta hori izan zen helburua, honen bila nenbilen. Orain lau urte horrelako bulkada izan nuen, baina ez nintzen iritsi espero nuen tokira. Egia da orduko poemaren bat iritsi dela, baina ia gehienak gerora etorri dira.

Mamu ugariz beteriko orrialdeak dira, belaunaldi eta jatorri desberdinetakoak. Baina batez ere, hiru ardatz daude, hiru galera: amatxi, aita eta jaio ez zitzaizuen umea. Galerek sortutakoa al da ‘Sortaldekoak’?
Hemen badago genealogia eta ontologia; hau da, nondik gatozen eta nor garen. Eta nondik gatoz handi bat arbaso ezezagunak dira, baita arbaso ezagunak (aitona-amonak, osaba-izebak…), baina baita gure bizitzan izan ginen eta izango ez garen hori  ere (haurra, nerabea, gaztea...). Horrekin guztiarekin zauriak ireki, eta ikusiko ditugu itzuliko ez diren mundu horiek. Eguneroko bizitzarekin egindako piezak dira, baina oso modu esplizituan. Ez lehenengo liburuan bezala, non surrealismoaren bidetik ibili nintzen; ez bigarrenean, gehiago espresionismoaren bidetik... Hemen bilatu dudan ahotsa bestelakoa da.

«Ez ditut olerki hauek amorrutik idatzi, beste espiritu batetik, askoz etxekoagotik edo idatzi ditut»

Bertolt Brecht-en aipu batekin hasten da poema liburua: «Dagoeneko zauriak minik ematen ez duenean, orbainak ematen du min». Zauriz ere bai, baina orbainez beteriko herria al da gurea?
Bai. Nik uste dut hor dagoela geldituko den eta konponduko ez den afera bat, 36ko gerran hasten denarekin. Eta ez dakit hori noiz iritsiko den, zeren erabakia izan da hori ez ixtea. 78-80ko hamarkadan aukera bat izan zen: boterean egon direnek eta, are kasu askotan, 36-39an hildako gehienek izan zituzten erakundeek –eta zuzenean eta esplizituki aipatzearren, EAJk eta Alderdi Sozialistak– erabaki zuten paktu bat egitea frankismoaren parte batekin eta, beraz, berdin zaizkiela aurretik gertatutakoak.

Hori dela eta, ez da ikertuko ez egia ez justizia ez erreparazioa. Eta 40 urteko atzerapenarekin: plakatxo bat, aurresku bat eta gutxi gehiago. Baina ez da inolako lanik egin norabide horretan.

Nik ez ditut olerki hauek amorrutik idatzi, beste espiritu batetik, askoz etxekoagotik edo idatzi ditut, baina atzean dagoena da injustizia baten, eta ez dakit horrela deitu, egiaztapen bat. Inoiz justizia eta inoiz egia izango ez den zerbaiten konstatazioa da, kasu honetan gure familiaren bidez kontatuta.

‘Sortaldekoak’ liburuko bertso askotan Intxortako frontean eroritako gudariak, Gurs eremuan espetxeratuko sendia… zure familiaren «geografia» euskal familia askoren historiaren isla izan daiteke.
Baiezkoan nago. Gertatzen da beste fenomeno bat: Nafarroa Garaian, Jimeno Jurioren bitartez, 80ko hamarkadaren oso hasieratik egin da lan militantea, baina historiaren ikuspegitik oso zorrotza. Gainera, lan hori eguneratzen doa gaur egunera arte. Esaterako, 2.900 hildakotik hasten dira, eta 3.500 zenbatuta daude gaur egun. Gero aparte egin ziren beste ikerketak: nork hartu zituen erabakiak, nork hil zituen…

Orduan, ez da egon justiziarik, ez direlako zigortu hori egin zutenak: ez dira zigortu ez penalki, ez publikoki, ez sinbolikoki.

Ez da erreparatu, eta ez zaizkie itzuli lurrak hori pairatu zutenei, ez etxeak ez tabernak ez ezer. Baina behintzat lan bat egin da eta gaur-gaurkoz askoz aurreratuago dago, Nafarroa Garaian 40 urteko aurrerapena dagoelako Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekiko, lehen aipatutako erabaki politikoagatik.

Orduan, horrek egiten duena zer da? Historia eta mota honetako gaiak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ia gai folklorikoak izatea. Arrasaten, esaterako, 80ko hamarkadan zehazki esan zuten, EAJk eta PSOEk, ez zutela inongo monolitorik egingo hor hil zituztenen omenez.

Gaur egunera arte jarraitzen duen dinamika da, nahiz eta prentsaren bitartez beste gauza batzuk esan diren. Baina errealitatea hori da. Orduan, zentzu horretan, nahi nuen konstantzia utzi: Arrasateko Udalak, besteak beste, Intxorta elkartearen lanak publikatu ditu, eta hau badago historia liburuetan jasota, baina nik nahi nuen literatura lan batean ere egon zedin.