NAIZ

Parisko auzitegiak Estatu frantsesa zigortu du, klimaren gaineko akordioak ez betetzearren

Bizi!k ongi etorria eman dio gaur Parisko Auzitegi Administratiboak harturiko erabaki historikoari. «Hemendik goiti, gobernuek ezingo dute larrialdi klimatikoaren gaia saihestu» nabarmendu du mugimenduak. Erabakiak Ipar Euskal Herriko erakundeak behartzen dituela oroitarazi du.

2019ko irailaren 21ean Baionan antolaturiko klimaren aldeko mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU)
2019ko irailaren 21ean Baionan antolaturiko klimaren aldeko mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU)

Urriaren 14an, Parisko Auzitegi Administratiboak frantziar Estatua kondenatu zuen Parisko Akordioaren karietara Estatuak harturiko engaiamenduak betetzeko direla oroituta. Era berean, Estatuaren alferkeriak eragindako kalte ekologikoak konpontzeko agindu zuen epaitegiak.

Bizi!k ongi etorria eman dio gaur Parisko Auzitegi Administratiboak harturiko «erabaki historikoari». «Hemendik goiti, gobernuek ezingo dute larrialdi klimatikoaren gaia saihestu» nabarmendu du mugimenduak.

Alabaina, 2015 eta 2018 urteen artean, Estatu frantsesak 15 milioi tona CO2 gehiago isuri zituen bere buruari ezarritako mugarekin alderatuta.

2022. urterako, beraz, Estatuak kalte horiek konpondu beharko ditu karbonoaren aurrekontua 15 milioi tonatan murriztuz.

«Aurrekaririk gabeko epaiketa honek gerora etorriko diren gobernuak ere behartuko ditu, edozein dela bere kolore politikoa», nabarmendu du Bizi!k gaur plazaratu duen ohar baten bidez.

Ipar Euskal Herriko erakundeek ebazpenak finkaturiko irizpidea bete beharko dutela gaineratu du mugimenduak.

Euskal Elkargoko hautetsiek iragan ekainean onartu zuten Klima Planak 2030erako isurketak %19an murriztea aurreikusten du, «Europako Batasunak bozkatutako planak isuriak %55az murrizteko finkatzen duen helburutik urrun», Bizi!k azaldu duenez.

2020ko martxoan iragan ziren bozetan Metamorfosi Ekologikoaren Ituna izenpetu zuten 46 hautagaitza garaitu zirela gogoratuz ekintza horren bidez hautetsiek engaiamendu zehatzak hartu zituztela adierazi du Bizi!k.

Hitza Hitz batzordeko Begirale ekologikoen jarraipen lanaren ondotik, heldu den azaroaren 6an, larunbatez, Euskal Herrian metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko lehen txostena argitaratuko du Bizi!k.