NAIZ

Julio Sotorekin osatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak

Azaroaren 14an Leitzan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du larunbatean Julio Sotok, egungo Nafarroako txapeldunak. Horrela itxitzat eman da final-laurdenen fasea, eta ondorioz, osatu da finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrendan.

Doneztebeko zinema lepo larunbateko saioan. (NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA)
Doneztebeko zinema lepo larunbateko saioan. (NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

200 entzule inguru bildu dira larunbatean Doneztebeko zineman, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Donezteben jokatu baita 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final-laurdena.

Maialen Belarrak aurkeztuta, sei bertsolari aritu izan dira kantuan: Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba.

Saioko ariketa puntuagarriak behin eginda, Julio Sotok eskuratu du epaileen puntu gehien, 387,5, eta hortaz, saioa irabazi eta Leitzako finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo (335), Iker Gorosterrazu (304), Ekain Alegre Gil (284,5), Egoitz Gorosterrazu (272,5) eta Sahats Aleman Sadaba (267).

Baina saioak bazuen beste interes bat ere, faseko azkena izaki, larunbatean argitu baita finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Lau final-laurdenetako irabazleei puntuazioaren araberako hurrengoa 14 bertsolariak gehitu zaizkie.

Gauzak horrela, osatu dira finalaurrekoetako hiru saioak, seina bertsolarirekin. Azaroaren 1ean Altsasun, azaroaren 6an Berriozarren eta azaroaren 14an Leitzan jokatuko dira hiru saio horiek. Horietatik denetik, zortzi bertsolari sailkatuko dira azaroaren 28ko Iruñeko finalera. Hauek dira finalaurrekoak:

Altsasun, azaroak 1ean, 17.30ean Iortia Kulturgunean hauxek arituko dira: Eneko Fernandez Maritxalar, Erika Lagoma Pombar, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin eta Oier Lakuntza Irigoien. Gai-jartzailea: Fernando Anbustegi Goñi.

Berriozarren, azaroak 6an, 17.30ean Entzunaretoan, hauek: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Alazne Untxalo Erregerena, Mikel Lasarte Cia eta Patxi Castillo Graciarena. Gai-jartzailea: Maialen Belarra Eneterreaga.

Leitza, azaroak 14ean, 17.30ean Herri Aretoan, hauek: Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Julen Zelaieta Iriarte eta Iker Gorosterrazu Elizagoien. Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea Agirre.

Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.