Ikastolen aldeko jaietan garrantzi berezia izan ohi du urte bakoitzerako aukeratutako leloak, azken finean, jaialdiaren aurkezpen-ikur bihurtzen delako. Oraingo honetan, “Hegan Oinez” da aukeratutako leloa, eta hortik abiatuta, logoa, abestia eta bideoklipa ere egin dira.
Lizarrako ikastola orain dela 50 sortu zela abiapuntutzat hartuta, garai hartan ikastolako komunitatea «jaio berria» zela baina laster oinez ikasi zuela nabarmendu ondoren, orain hegoak atera zaizkiola, adierazi nahi du leloak, «oinez iritsi ezin garen lekuetara iristeko».
Bere hurrengo xedea, hain zuzen, haur eskola da, «proiektu ameslaria zirudienari jarraitasuna ematea ahalbidetuko duena, baina haurren behar eta eskaerei egokitutako lanabes eta baldintzarik hoberenak eskaintzen jarraituko duen eta gaur egun etengabe berritzen den errealitatea dena», adierazi du Lizarra ikastolako komunitateak.
Logoak ideia honetan sakondu nahi du: «50 urteetan pausorik pauso bidea egin dugu, Lizarran euskaraz bai, bizi eta hazi gara, eta orain abiadura hartu eta hurrengo 50 urteetarako hegan egin nahi dugu. Ega inguruan hegan, igerian Egan, baina beti ere oinez. Errealitatearekin bat, oinak lurrean sendo, mugarik gabe hegan eginez».
Eta nola egin nahi dute bide hau?: «Txorien eta arrainen antzera... Oskola hautsi, hasieran oinez ikasi, eta indarrak hartutakoan, hegan. Egan, etorkizunera hegan. Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik lau haizetara euskara zabaltzen». Eta horretarako, bidelagun izango dituzte logoan azaltzen diren pertsonaiak: susu, pio, ur, muxu eta txio.
Bideoklipa
Bideoklipak ere ideia horiek nabarmendu nahi izan ditu. Aurkezpen ofiziala abuztuan antolatutako ekitaldian egin zen eta egileak Lizarra ikastolako ikasle ohiak dira. Hauen artean, esate baterako, Urko Peralek musikaren konposizioa egin du, tradiziozko musikaren eta gaur egunekoaren erritmoak bateratuz; Iñigo Urrizelkik bideokliparen produkzioa burutu du; edo, Iñaki Elkano, lan zinematografikoaz arduratu da.
Bideoklipean, bestalde, ikastolako Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta bosgarren mailako ikasleek ere parte hartu dute estribilloa abestuz.
Bideoak Lizarraldearekin harreman estua dauka, bertako paisaia desberdinetan filmatu da eta: Pilatosen Balkoia, Zubielkiko geltoki zaharra, Irantzu Monasterioa, Lizarrako Gazteluen Gurutzea… Lizarra Ikastolak eskualdearen euskalduntze prozesuarekin eta zonaldearekin duen erlazio estua azaldu nahi izan dute modu horretan.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
