NAIZ

Euskoaren erabilpena sustatzeko kanpaina abian eman berri du Euskal Monetak

«Noren txanda?» lelopean euskoaren erabilpena sustatzeko kanpaina berria abian eman du Euskal Moneta elkarteak. 4.000 herritarrek eta 1.200 profesionalek baliatzen dute tokiko moneta Ipar Euskal Herrian. Zer beste tokitan nahi lukete euskotan ordaintzea zehazteko aukera izanen dute.

Aurten 50.540 euro banatu ditu Euskal Monetak Ipar Euskal Herriko 61 elkarteren artean donazio sistemaren bidez. (NAIZ)
Aurten 50.540 euro banatu ditu Euskal Monetak Ipar Euskal Herriko 61 elkarteren artean donazio sistemaren bidez. (NAIZ)

Kanpaina parte-hartzaile berria martxan eman du Euskal Moneta elkarteak. «Noren txanda?» du leloak eta tokiko monetaren erabilpena erraztea du xede.

Euskoren harpidedun orok ahal du parte hartu, zehazki elkarteari jakinaraziz beste zer tokitan nahi lukeen euskoa erabili zehaztuz. Elkartearen webgunean atzeman daitezke ekimenean parte hartzeko azalpen guztiak.

Kanpainaren amaieran euskal monetaren erabilpena zabaltzeari begira irizpide zehatzagoak izatea espero du elkarteak, bide batez euskal tokiko monetaren sarea zabaltzeko urrats sendoagoak eman ahal izateko.

Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren erabilpen maila gero eta handiagoa da. Egun hiru milioi eusko inguru eskuz esku dabiltza, 4.000 herritarrek eta 1.200 profesionalek tokiko moneta baliaturik ordainketak egiteko urratsa eman baitute «ekologia eta elkartasun balioen arteko lotura sendoak eginez», elkarteak ohar baten bidez nabarmendu duenez.

Horrekin batera Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko 28 udalerrik eta Euskal Elkargoak babesten dute gaur egun tokiko ekonomia sustatzea xede duen desmartxa.

Tokiko jarduerak babestea

«Itxuraz anekdotikoa den aukera horrek biharko lurraldea moldatzen du: trukeak birkokatzea, zirkuitu laburren garatzea, trantsizio ekologikoa zalutzea, tokiko enpleguari eta hurbileko saltokiei laguntzea, gizarte lotura indartzea, euskara sustatzea, elkarteak finantzatzea», aletu du elkarteak.

Eurotik euskorako trukaketa egiten den aldiro, transakzio horren %3 erabiltzaileak hautatutako elkarte bati ematen zaio. Trukaketa horren ondorioz aurten 50.540 euro eman zaizkie hainbat arlotan lanean ari diren 61 elkarte hartzaileri. Esaterako, Baionako Ikastolen Lagunak elkartea (BIL) iaz 2.901 eusko biltzetik aurten 4.241 eusko biltzera pasa da.

Horrendako, tokiko moneta zenbat eta gehiago erabili orduan eta handiagoak izanen direla «euskok lurraldearentzat dituen eragin positiboak», gogorazi dute kanpainaren sustatzaileek.

Izan ere, frantziar Estatua soilik ez europar eremua aintzat harturik ere erabilena den euskal monetaren zirkulazioa sustatzeko, ezinbestekoa da gero eta saltegi, profesional, hornitzaile, elkarte eta abarreko egiturek ordainketak euskotan egitea onartzea.

Elkarteak nabarmendu duenez, «horrela, tokiko moneta denen eskuetan ibiltzen ahalko da, eta haren erabilpena eguneroko keinua bilakatuko da».

Horregatik, euskoaren kide eta erabiltzaile orori zuzendu zaie elkartea galdera erraz batekin: gaur egun euskal monetaren sarean dauden 1.200 zerbitzuez gain beste zein lekutan gustatuko litzaizuke euskoa erabiltzea?

«Helburua da euskoaren kideek zer profesional nahi luketen tokiko monetaren sarean jardutea jakitea», laburbildu dute tokiko monetaren sustatzaileek.