NAIZ

Martxoaren 31ko bonbardaketan ehortzitakoen senideak bilatzeko ikerketa hasi dute Durangon

Gerediaga Elkartea eta Durango 1936 Kultur Elkartea dabiltza ikerketa lana egiten, Durangoko Udalaren babesarekin. Momentuz, bonbardaketatik lurperatuta dauden 82 izenetatik dozena bat ehortzitakoren familiartekoen erreferentziak aurkitu dituzte.

Durangoko kanposantua. (GEREDIAGA ARTXIBOA)
Durangoko kanposantua. (GEREDIAGA ARTXIBOA)

Durangok bonbardaketa latza jasan zuen 1937ko Martxoaren 31n. Ez zen bakarra izan, baina biktima gehien eta hondamendi handiena utzi zuen erasoa hura izan zen. Guztira, 336 biktima zuzen zenbatu ziren. Gehiago ere izan zirela baieztatu daiteke, zeharkakoak kontuan hartuz gero. Orain, ehortzitakoak identifikatu eta gaur egungo familiarteko eta ondorengoak lokalizatzeko ikerketa lana hasi dute Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek, Udalaren babesarekin.

Erasoan hildakoak herriko kanposantura eraman ziren egunean bertan eta ostekoetan, eta asko hilobi komunetan lurperatu ziren.

2001ean Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko historialariak 1937ko martxoaren 31n izan zen bonbardaketari buruzko liburua idatzi zuen eta bertan hilobi komunetan ehortzitakoen zerrenda argitaratu zuen. Biktima horiei buruz, baina, ez dago informazio gehiagorik. 82 gizon-emakumeri buruzko erreferentzia bakarra izen-abizenak kasu batzuetan, edota txarrenean lurperatu zituzten garaiko plaken erreferentzia-zenbakia baino ez dira.

Hiru hilabeteko egitasmoa

Elkarteek Gogora Institutuak zabaldutako diru-laguntza deialdi batera aurkeztu dute egitasmoa. Hiru hilabeteko egitasmo xumea izango da, eta amaieran aurkitutako senitartekoekin topaketa egitea ere bada asmoa. Izan ere, bonbardaketen ondorioz Durangoko kanposantuko hobi komunetan ehortzitakoei gune duina atontzeko aukera zabaldu daitekeelako.

Gaur gaurkoz, dozena bat senitartekoren erreferentziak eskuratu dituzte, hilabeteko bidea egin duen ikerketan. Durangoko Udalak hobi komun horien kokapena identifikatzeko eskaera ofiziala egin zion uda aurretik Gogora Institutuari. Durangoko hilerriko hilobi komunetan ehortzitakoen zerrenda argitaratu dute horretarako, Gerediaga Elkartearen (www.gerediaga.eus) , Durango 1936 Kultur Elkartearen (durango1936.org) eta Durangoko udalaren (durango.eus) webguneetan.

Inork ehortzitakoren baten gaineko informaziorik izango balu ikerketa burutzen dabiltzan elkarteekin harremanetan jartzeko deia ere plazaratu dute. Posta elektroniko nagusia gerediaga@gerediaga.eus da.