NAIZ

AHT berria «azpiegitura guztiz alferrikakoa dela» berretsi du EH Baik

Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidenteak agerraldia egin zuen atzo Baionan abiadura handiko trenaren (AHT) proiektua aipatzeko. Ustez lurperaturik zen egitasmoa berriro ere errailetan ezarri du Parisek. Iraganean bezala gaur ere «proiektua alferrikakoa dela» salatu du EH Baik.

AHTren linea berriaren aurka, 2012an, Baionan, eginiko protesta bat. (Bob EDME)
AHTren linea berriaren aurka, 2012an, Baionan, eginiko protesta bat. (Bob EDME)

Jean-Jacques Lasserrek prentsaurrekoa eman zuen asteazkenean Baionan departamenduaren Kontseilu Nagusiak duen egoitzan abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuari buruz mintzatzeko. Ustez lurperaturik zen egitasmoa berriro ere hauspotu du frantses Gobernuak. Horren harira, gaur ostegunean Euskal Herria Baik «proiektua guztiz alferrikakoa dela» nabarmendu du prentsa-ohar baten bidez.

Lasserrek azaldu zuenez, duela hiru aste jaso zuen Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionara eta Pauera helduko litzatekeen AHT berriaren proiekturako finantzaketa eskaera, 305 milioi eurokoa hain zuzen ere. 130 milioi inguru lirateke Euskal Elkargoak ordaindu beharrekoak.

Proposatzen den trenbideak Bordeletik Akizerako bidea egingo luke, handik Baionara, eta Lapurdiko hiriburutik Pauera. 2037rako eginda izatea aurreikusten da; 2022an hasiko lirateke proiektua prestatzen eta 2024an lanak. Finantzaketaren gaineko erabakia abenduaren 13rako hartua izatea nahiko luke Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidenteak, baina apirilera arte luzatu daiteke.

Gaur EH Baik nabarmendu duenez, ezagutarazi diren lehen diru aurreikuspenen arabera «4,5 miliar euroko kostua dituzten lanak eginez gero, 10 minutu irabazi daitezke Bordele-Baiona ibilbidean». Irabazitako denbora apur hori «garesti aterako dela» salatu du.

«Alferrikako proiektu horren gehiegizko finantzioaz gain, gure lurraldearentzat zein ondorioak izanen dituen» berdin ingurumena, ekonomia edo gizartearen gainean nabarmendu ditu EH Baik.

Aurreikusten den inbertsio handi horren parte bat erabili ahalko litzatekeela «egungo sarea berritzeko eta hurbileko trenbide sare bat garatzeko» uste du ezkerreko mugimendu abertzale eta ekologistak.

Elikadura burujabetza ere jokoan

Elikadura burujabetzari buruzko gogoeta zabalik den unean laborantza lurren eskasia areagotzera etorriko dela aipaturiko azpiegitura azaldu du EH Baik, besteak beste 6.000 hektarea inguru artifizializatuko dituztelako trenbide berria egiteko.

«Proiektu hori guztiz alferrikakoa da, ez baitu lurralde honen biztanleen beharrei erantzuten», gaineratu du. Horrendako, Departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa eta tokiko kolektibitate guztieri proiektuaren finantziamendua deuseztatzea galdetu die.

Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakariak bere negoziazioan bi zutabe daudela azpimarratu zuen atzo: finantzaketan erakundeak ordaindu beharreko kopurua zehaztea eta trenbidea Paueraino helduko dela ziurtatzea.

Ostiral honetan Pauen izanen den Departamenduaren Kontseiluko bilkuran gai-ordenean ez badute AHTri buruzko puntua jaso ere, proiektuari behin behineko sostengua eskatu dezake Lasserrek.