NAIZ

Azazetan parke eolikoa ezartzeak «inpaktu larria» eragingo luke, Aldundiaren arabera

EH Bilduk Arabako ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du, Azazetako zentral eolikoak eragingo dituen kalteei buruzko azalpenak eman ditzan. Izan ere, Aldundiak egindako txosten baten arabera, parke eolikoa ezartzeak «inpaktu larria» eragingo luke eremuan.

Milaka lagunek parte hartu zuten larunbatean Araba Bizirik ekimenak deitutako manifestazioan. (Endika PORTILLO/FOKU)
Milaka lagunek parte hartu zuten larunbatean Araba Bizirik ekimenak deitutako manifestazioan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Arabako Foru Aldundiaren txostenaren arabera, Azazetan parke eolikoa ezartzeak «inpaktu larria» eragingo luke eremuan, animalien eta landarediaren hainbat habitat naturaletan izango bailuke eragina.

Ohar batean EH Bilduk salatu duenez, aipatutako txostenaren arabera, Iberdrola eta Lakuako Gobernuak sortutako Aixeindar enpresak proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen inpaktuaren txostenak «kalte horiek gutxietsi egin zituen».

Txostenaren ondorioak aztertu ondoren, talde subiranistak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du, azalpenak eman ditzan. «EH Bilduk jakin nahi du ea ahaldun nagusiak bideragarritzat jotzen duen parkea, txostenean esaten direnak jakin ondoren», adierazi du.

Arkamu eta Iturrieta

EH Bilduk gogora ekarri du Arkamun eta Iturrietan parke eolikoak ezartzeko egitasmoak baztertu zituela Lakuak antzeko arrazoiengatik.

Hori dela-eta, «planifikazioa eta adostasun soziala» eskatu ditu beste behin ere, izan ere energia eolikoaren lurralde plan sektoriala beharrezkoa dela uste du EH Bilduk.

Aixeindarrek Araban egin nahi dituen proiektuek eragile sozialen kezka sortu dute, eta herritarrek parte hartu dute azken hilabeteetan antolatuko diren ekimenetan. Pasa den asteburuan, esaterako, milaka lagun bildu ziren Gasteizen halako proiektuen aurkako manifestazioan.