Iraide Ibarrondo

COP26 Aldaketaldiak «ekintzetara jotzeko» eskatu die COP26n parte hartuko duten Gobernuei

Glasgowen ospatuko den klima aldaketaren inguruko 26. konferentzia dela eta, hainbat euskal eragile COP26 Aldaketaldia plataformaren baitan elkartu dira konferentzian parte hartuko duten agintari mundialei «adierazpenen erosotasuna» utzi eta «ekintzetara jotzeko» eskatzeko.

COP26 Aldaketaldia prentsaurrekoan, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
COP26 Aldaketaldia prentsaurrekoan, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Igandetik azaroaren 12ra Glasgowen ospatuko den klima aldaktaren inguruko konferentziaren harira, Euskal Herriko hainbat talde ekologista eta sindikatu COP26 aldaketaldia plataforman batu dira. Plataformak COP26ko kideei eta gobernuei adierazpenen erosotasuna utzi eta ekintzetara jo dezatela eskatu die ostegun honetan egindako agerraldian. Horretarako, manifestazioa eta elkarretaratzea deitu dituzte azaroaren 6rako (larunbata) Bilbon eta Donostian.

COP26 konferentzian parte hartuko duten agintariei «material eta energia kontsumoaren murrizketa demokratikoki planifikatzea» eskatu diete zehazki COP26 Aldaketaldiko eragileek. Horretarako, planetaren mugekin «talka» egiten duen hazkunde ekonomikoaren bidea alde batera utzi behar dela azpimarratu dute: «Kapitalismoa da krisi klimatikoaren sorburua, eta ez da irtenbidea izango, berdez margotu arren».

Dena den, fokua etxean jartzea ere garrantzitsua da plataformaren aburuz, «klima larrialdiak, borroka globala izanik ere, tokian tokiko erantzunak behar dituelako». Hori horrela, Euskal Herrian egiten diren hondakin, biodibertsitate eta lurralde antolaketa edota energia politikek larrialdi egoera globalarekin zerikusi zuzena dutela salatu du COP26 Aldaketaldia plataformak.

Gure isurketak, EBko bataz bestekoaren gainetik

Izan ere, COP26 Aldaketaldiak jakinarazi du Euskal Herriko biztanleen CO2 isurketak Europar Batasuneko eta munduko bataz bestekoaren gainetik kokatu zirela 2018. urtean. Zehazki, Euskal Herriko biztanle bakoitzeko 8,7 tona CO2 isuri ziren atmosferara, EBko 8,6 tonako eta munduko 6,6 tonako bataz bestekoaren gainetik.

Testuinguru honetan, plataformak Lakuak hartutako erabakiak eta Europako Funtsen esleipena kritikatu ditu: «Ezin da trantsizio justurik egin baldin eta aldaketa egoera honetara ekarri gaituzten esku berberetan uzten bada. Bertako agintariak hori egiten ari dira, esaterako, pandemiatik suspertzeko europar funtsak jasotzeko lehen-lehen lerroan Iberdrola eta Repsol bezalako enpresak jartzen dituztenean». Gainera, Iberdrolak COP26an parte hartuko du.

Guzti hau salatzeko bi ekitaldi nagusi antolatu dituzte azaroaren 6rako. Alde batetik, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Kontxako hondartzan goizeko 11.30etan. Bertan, 100 metro luze eta 10 metro zabaleko neurrian ‘Klima ez da negozioa’ idatziko dute. Parte-hartzeko interesa dutenei euritakoak eramateko eskaera egin die Plataformak.

Egun bererako, azaroaren 6rako, hainbat hitzaldi Antolatu dituzte Bilbon, Santutxun. Hala ere, ekitaldi nabarmenena arratsaldeko 18.30etan udaletxetik hasita antolatu duten manifestazioa da.

COP26 Aldaketaldia Plataforma Euskal Herriko 18 talde ekologistek eta LAB, ELA, STEILAS, ESK, CCOO, CGT-LKN Bizkaia eta Etxalde Nekazaritza Iraunkorra sindikatuek, gazte mugimenduko eragileek, auzo elkarteek eta bestelako elkarteek osatzen dute.

COP26-ko edukiak

Konferentziaren helburu nagusia 2015ean Parisen hartutako konpromisoen jarraipena egitea izango da. Parisko akordio horretan beroketa globala 2 graduko igoeratik «oso behera» mantentzeko konpromisoa hartu zen, eta 2100 urterako 1,5 graduko igoera ez gainditzeko «ahalegin handia» egitea. Hala ere, oraingoz, munduko bataz besteko tenperatura industria aurreko garaiko tenperatura baino 1,1 gradu altuagoa da jada.

Beraz, Glasgowen eztabaidatuko dituzten gai nagusiak honakoak izango dira: berotegi efektuko gasen isurketen murrizkta posible berriak, neurri hauek hartzeko finantzazioa (herrialde txiroetan bereziki) eta nazioarteko komunitatearen elkarlan handiagoa helburuak betetzeko.