Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Arrisku neoliberalen aurrean, lurraldeen eta gorputzen autodefentsa

Lurralde eta gorputz desberdinak zeharkatzen dituzten zapalkuntza molde historikoak, feminismoek dituzten oztopoak eta erronka teoriko zein praktikoak agertu ditu Marxfem konferentziak.

Marxfem jardunaldietako lehenengo mahai-ingurua, presentzialki egin den bakarra. (Jon URBE/FOKU)
Marxfem jardunaldietako lehenengo mahai-ingurua, presentzialki egin den bakarra. (Jon URBE/FOKU)

Marxfem Nazioarteko IV. Konferentzia marxista-feministako hiru egunetako lehenengoa izan da ostegun honetan eta Lorena Cabnal Guatemalako maia-xinka herriko indigenak, Silvia Federici filosofo feminista italiarrak eta Dilar Dirik idazle kurduak estreinatu zuten konferentziako panel nagusietan lehena: ‘Feminismo garaikidearen erronkak eta analisiak’.

Zapalkuntzarako molde historikoen adierazpenak agerikoak eta anitzak dira egun, hala eman dute jakitera pantailaren atzetik hitz egin duten hiru belaunaldietako emakumeek. Lurraren eta emakumeen gorputzen defentsaren ideiari heldu dio Lorena Cabnal-ek, ezin baitira borroka biak bereizi, bere aburuz, pentsamendu feministan.

Kontatu du nola xinga herria kolonizazioaren aurrean historikoki borrokalaria izan dela, baita emakumeak ere, baina, kasurako, indarkeria sexualen testuinguruan «bakarrik» geratzen zirela andrazkoak. «Horregatik, gorputza komunitatean defenditu behar zela uste genuen», nabarmendu du.

Guatemalan bezala, Rojavan zapalkuntzek zeharkatzen dituzte lurra eta gorputzak. Turkian jaio baina Alemanian hezi den Dilar Dirik-ek esan du Rojava ez dela munduan gertatzen ari denaren isla besterik, bertan elkarlotzen baitira, beste hainbat lurraldeetan bezala, multinazionalen esplotazioa, klima larrialdia edo patriarkatuaren gisako egiturazko zapalkuntzak.

Borroka horien guztien aurrean emakume kurduak egon direla gogoratu du Dirik-ek. «Gatazka ez da bukatu, baina orain emakumeek gatazkarako tresnak dituzte eta hori arrakasta bat da», ospatu du.

Arriskuak

Kapitalismo basak eta haren ordezkari agerikoenak diren erakundeak, Munduko Bankua eta Nazio Batuen erakundea, kasurako, feminismoa xurgatuz bezatzeko ahaleginaz ohartarazi dute hirurek. Federicik gogora ekarri du nola 1980ko hamarkadan erakundeok saiatu ziren Mugimendu Feminista erakartzen emakumeak esku-lan merke bihurtzeko eta, neurri batean, orain ere berdin jarraitzen dutela dio. «Maltzurra» iruditzen zaio, horregatik, NBEk eta MBak generoaren inguruan hitz egitea «kolonizazio modu berriak» bultzatzen ari diren bitartean. Cabnal-en haritik egin du tira esanez lurraldearen ideia «funtsezkoa» dela: «Ezin dugu bereizi lurraren eta gure gorputzaren defentsa».

Feminismo liberalaren arriskuak ere aipatu ditu Dirik-ek, nola ari den sortzen «elite berri bat» feminismo iraultzailea eten asmo duena. «Ez gaitzaten bezatu liberalismoaren proiektu berriekin», aldarrikatu du.

Komunitarioa, bateratua eta berrikusia

Feminismoaren erronkak identifikatzea ere bazen mahai-inguruaren helburua, eta ideia bana bota dute hizlariek. Feminismo komunitarioaren bidearen alde egin du Lorena Cabnal-ek, «lurraldea, gorputza eta lurra» batera pentsatuko dituena.

Idazle kurduak, bere aldetik, borroka desberdinak bateratzeko beharra azpimarratu du. «Aztertu behar da nola antolatu dezakegun iraultza bat maila askotan», agertu du, eta bat egin du Guatemalako emakumearekin: «Lurraren defentsa autodefentsa feminista  bezala ulertu behar dugu».

Federicik, kideek bota dituzten ideiekin ados, marxismoaren berrikusketari buruz hitz egin du, feminismoa hura baino «harago» joan behar dela esanez: «Marxi asko zor diogu, baina soilik soldatapeko lanari begiratu zion eta guk harago joan behar dugu. Ikusi behar da nola har ditzakegun marxismoaren ideia batzuk beste kontzeptu batzuk garatzeko: kontzeptu feministak».

Azkenean online

Bilbon egitekoa zen, iaz, Transform! Europe, UPV/EHU, Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Barcelona, Rosa Luxemburgo fundazioa eta Berliner Institut fur Kritische Theorie erakundeek antolatutako pentsamendu marxista-feministari eskainitako zikloa, baina jardunaldiak atzeratu eta online egiten ari dira azkenik –irekiera ekitaldia salbu, Donostian egin dute ostegun honetan–, pandemiaren ondorioz.

Datozen bi egunetan ere nazioarteko eta Euskal Herriko hainbat hizlarik hartuko dute parte konferentzian; hala nola, Nancy Fraser, Frigga Haug, Lithi Bhattacharya edo Daniele Kergoat.