Mikel Aginagalde

Zaintza eredu berritzailea Usurbilgo egoitza berrian

Zaintza eredu aitzindarian oinarritutako eta elkarlanean diseinatutako egoitza datorren urtean abiatuko da. 127 pertsonarentzako edukiera izango du eta «etxebizitza» eredu baten arabera jardungo du.

Egoitza berria Usurbilgo Kalezahar auzoan eraikitzen ari dira. (Gorka RUBIO/FOKU)
Egoitza berria Usurbilgo Kalezahar auzoan eraikitzen ari dira. (Gorka RUBIO/FOKU)

Matia Fundazioak, zerbitzu soziosanitarioetan espezializatutako erakundeak Usurbilen zaintzadun ostatu-zentro berritzaile bat eraikitzeko proiektua abian du, eta datorren urteko udan, edo gehien jota irailean, martxan jartzea aurreikusten du, Udalarekin eta adinekoen zaintzaren arloko beste zenbait erakunderekin elkarlanean. Zentro horrek 127 pertsonarentzako edukiera izango du eta ohiko geriatriko batetik desberdinduko da, «etxebizitza» eredu baten arabera jardungo baitu.

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietaren hitzetan, «proiektu berritzailea eta aitzindaria da Euskal Autonomia Erkidegoan, bai gizartearen aldetik, bai hirigintzaren aldetik; izan ere, Matia Fundazioak adinekoei zuzendutako arreta-eredu berri bat jarriko du abian, nahitaez hara joan behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin».

Egoitza berriak hiri eta gizarte testuingurua integratuko ditu, egoiliarren independentzia, autonomia eta nortasun pertsonala sustatzeko. Gainera, eguneroko jardueren proposamenak egoitzan bizi diren pertsonen beharretan oinarrituko dira, eta rol profesionalak profilen arteko lankidetzan oinarritutako egitura horizontalean antolatuta egongo dira.

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu duenez, «eraikin berriaren arkitektura-diseinuari esker, hura bateragarria izango da bizitegi-ereduarekin, eta etxean bezala bizitzea ahalbidetuko duten espazio modulatuak izango ditu. Etxebizitza kontzeptua sartuko da, logelarena ordezkatzen duena, eta modu horretan gune pribatuak bermatuko dira. Horren bidez, familiekin, lagunekin edo boluntarioekin komunikatu eta elkar lagundu ahal izango dute langile eta egoiliarrek».

Partaidetza eta lankidetza

Aipagarria da, bestalde, egoitza berri horren eraikuntzan izan den erakunde anitzen parte hartze aktiboa eta elkarlana. Izan ere, prozesu horretan, erakunde ugarik, sektore profesionalek eta komunitateko eragileek zainketen hornikuntzan parte hartu dute, zaintza-eredu berri hori kolektiboki eraikitzeko. «Udalak proiektu berritzaile horren finantzaketan parte hartu eta lagundu du modu batera edo bestera, eta Matia Fundazioarekin izaten ari garen elkarlana aktiboa eta etengabea da», esan du Agurtzane Solaberrietak.

Bestalde, Usurbilgo alkateak azpimarratu nahi izan du une honetan bertan hirigintza arauen aldaketa bat tramitatzen hasiak direla eta modu horretan egoitza berria eraikitzen ari diren lur eremu horretan 1.700 metro koadro gehiago eraikitzeko baimena emango zaiola Matia Fundazioari. «Egoitza eraikiko den gune horretan zaintza eredu berri bati lotutako proiektuak bideratu nahi ditu Matia Fundazioak eta Usurbilgo Udalak interes orokorrekin bat egin eta kolaboratu egiten du».

Zaintza ekosistema

Aipatutako proiektu berri horren harira, Solaberrietak gogorarazi nahi izan du aurreko legegintzaldian bi erakunde horiek hitzarmen sozial bat lantzen hasi zirela. Garai hartan konpromiso bat adostu zuten, eta, horren arabera, eraikiko den egoitzan eskainiko den zerbitzuaz harago, Usurbilgo herrian zaintza ekosistema berri bat martxan jartzea adostu zuten.

Akordio hori oraingo legealdian gauzatzen ari dela azpimarratu du Solaberrietak: «Egoitza berriaren proiektua beste egitasmo askoren abiapuntu izan da, eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan da prozesu horretan guztian zehar». Horrela, Solaberrietaren arabera, «abian dugun proiektuaren helburua izango da iraupen luzeko adineko pertsonen zaintza bermatzea, eta pertsonen nahiak eta desioak erdigunean jartzea, eta horiei erantzun bat emango dien zaintza eredu berri bat sortzea, ikuspuntu komunitario eta parte hartzaile batetik».