NAIZ

«Etxeko neurketetan gotortzearen garrantzia» azpimarratu du Alex Mumbruk

Obradoiro talde galiziarra izango da bilbotarren arerioa domeka eguerdian. Bizkaitarrek baino garaipen bat gehiago pilatu dute orain arte. Ondorioz, «aurkari zuzenen» arteko lehia izango da Miribillan jokatu behar dena.

Bilbao Arenaren indarra eta garrantzia goraipatu ditu Alex Mumbruk. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Bilbao Arenaren indarra eta garrantzia goraipatu ditu Alex Mumbruk. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Surne Bilbao Basketek igande eguerdian Obradoiroren aurka jokatuko du Miribillan. Galiziarrek talde bilbotarrak baino garaipen bat gehiago dute; hargatik, arerio zuzen baten kontra jokatu behar dutela jakinean, «etxean indartsu izateaari» garrantzia eskerga eman dio alex Mumbru bilbotarren entrenatzaileak bere asteroko prentsaurrekoan.

«Bistakoa da ACB Ligan etxetik kanpo irabaztea zenbat kostatzen den. Berdin dio Madril, Bartzelona, Lugo edo beste nonahi. Ondorioz, Miribilla gotorleku bihurtu behar dugu, ez dio inporta Obradoiro eso beste zeinen kontra. Azken baten, Real Madril edo Bartzelona kenduta, gainontzeko taldeak elkarrengandik garaipen pare bateko tartean baino ez gaude», adierazi du.

Real Madrilen aurka joan zen igandean 95-61 galdu zuen Bilbao Basketek, etxetik kanpo orain arte egin duen neurketarik eskasenean. aldiz, Bilbao Arenan jokatu dituen azken bi neurketetan, Fuenlabrada eta San Pablo Burgosen aurka, irabazle atera da talde bizkaitarra.

Alabaina, Obradoiroren kalitatea aintzat hartzeko eskatu du Badalonako teknikariak. «jaurtitzaile apartak ditu, barruko joko oso ona eta errekurtso taktikoak nonahi. Horrez gain, ongi entrenaturiko taldea da», azpimarratu du Mumbruk.

Joan zen asteburuan Tomeu Rigo, Alex Reyes eta Alejandro Galan min hartuta Bilbon geratu ziren. Domekako lehiara begira, Rigo eta Galanek jokatzeko aukera askorik ez dute. «Reyesek orain arte ez du taldearekin entrenatu, baina bere errekuperazioa beste biena baino hurbilagoko kontua da», onartu du Mumbruk.

Lesionatuen harira, astean zehar Ludde Hakanson suediarrak Real Madrilen aurkako jipoia neurri batean «entrenamendu txarrei» egotzidie. «Jende gazte askorekin entrenatu behar izan genuen eta ez da erraza entrenamenduen kalitatea mantentzea», hausnartu du Hakansonek.

Nolanahi, badirudi Galan eta Rigoren lekuan domeka honetan ere harrobiko bi jokalari deialdian sartuko direla. Madrilera Gonzalo Basterrechea eta Elvis Ude eraman zituen Alex Mumbruk.