NAIZ

Ramnicu Valcearen aurka aukerak izateko, «topera» jokatu behar du Bera Berak

Errumaniako ligan hirugarren postuan da donostiarren arerioa, azken bost neurketak jarraian irabazi ondoren. Partidan «ernai eta adi» sartzea ezinbestekoa izango da, Imanol Alvarezen aburuz. Neurketa, ikuslerik gabe, Euskal Herrian 14.00ak direnean hasiko da eta ETB4k eskainiko du.

Bera Berako jokalariak Errumaniako lurretan, larunbatean Ramnicu Valcearen aurka egiteko prest. (BERA BERA)
Bera Berako jokalariak Errumaniako lurretan, larunbatean Ramnicu Valcearen aurka egiteko prest. (BERA BERA)

Ezustean Paris 92 atzean laga eta gero, Errumaniako Ramnicu Valcea taldearen aurka jokatuko du Super Amara Bera Berak EHF European League delakoan multzoen fasea jokatzeko eskubidea. Larunbatean Euskal Herrian 14.00ak direnean jokatu beharko dute Imanol Alvarezek zuzentzen dituen jokalariek kanporaketa honen joaneko dema –ETB4k zuzenean eskainiko du, bide batez–.

Donostiarrak joko aldetik oso ongi badabiltza, ezin gutxiago esan bere arerioari buruz, jokatu dituzten azken bost partidak irabazi dituelako eta Errumaniako liga indartsuan hirugarren postuan dago uneotan, liderrarengandik bi puntura baino ez.

Lan zailak izango dituela jakinean, Imanol Alvarez entrenatzaileak «kanporaketako 120 minutuak topera egiteko» eskatu die bere jokalariei. «Une onak eta txarrako pasako ditugu, baina Parisen irabaztean gure autoestimua handitu da», azpimarratu du ermuarrak.

Talde frantsesarekin alderatuta, Ramnicu Valcea Bera Berarekiko «antzekoagoa» omen da, Alvarezen hitzetan, alegia, joko bizia asko atsegin duela. «Entrenatzaile aldaketak on egin die, eta historiari begiratuta beraiek dira faborito. Korrika asko egiten duen taldea da eta atzerantz egiten ere badakiena, kontragola –gola jaso arren, jokoa geratu gabe trantsizio azkarrean erasotzea– ere egiten du. Ondorioz, partidan ernai eta adi sartu behar dugu eta Europan gaudenez badakigu sendo egon behar dugula», gaineratu du entrenatzaile bizkaitarrak, beti ere Ramnicu Valcea faborito dela garbi utzita.

Nazioartean eskarmentua duten jokalariz beteta dago Errumaniako taldea. Hala, Serbiako selekzioan jokatzen du Liscevic aurreneko lerroko erdiko jokalariak eta bere ordezkoa Dache errusiarra da. Ezkerreko lateralean Glibko ukraniarra ariko da gehienbat eta eskuinean Bucur errumaniarra zein Mireya Gonzalez espainarra aritzen dira.

Bigarren lerroari so eginez gero, pibotean Montenegroko Klikovac edo Elghaoui hungariarrarekin topo egingo dute donostiarrek. Hegaletan, berriz, Nikolic serbiarra edo Levchenko ukrainiarra aritzemn dira eskuinetik eta ezkerrean, ostera Florica, Errumaniako selekzioko jokalaria.

Defentsako lanetan bereziki Gorsheninsa errusiarra aipatu behar dai eta atepean, Hosu errumaniarra eta Roch alemaniarra Hau da, eskarmentu handiko taldea, azken denboraldietan Txapeldunen Liga jokatzen ohituta dagoena; halako arerio puskari aurre egin beharko dio Super Amara Bera Berak.

«Errumaniako partida 60 minutukoa izango da eta erritmo handia sartzen saiatuko dira. Horri eusteko kapaz bagara, aukerak izango ditugu. Sei edo zazpi goleko aldeaz galduko bagenu, zail izango genuke buelta ematea, baina begira Paris 92ren aurka, etxean berdindu arren han irabaztea lortu genuenean!», amaitu du alvarezek bere hausnarketa.

Bestalde, covid-19 kasuek gorantz egin dutelako Europako Ekialdeko herrialde horretan, ikuslerik gabe jokatu beharko dute larunbateko norgehiagoka. «Horrek nolabait berdindu egiten du Errumaniako partida», adierazi du Imanol Alvarezek.