Maite Ubiria

Bi urteko espetxe zigorra, bete beharrik gabe, ezarri diote Egoitz Urrutikoetxeari

Parisko Zigor Auzitegiak gaur jakitera eman du urrian Egoitz Urrutikoetxeari egin zioten auziari buruzko erabakia. Bi urteko espetxe zigorra ezarri dio, betetzeko beharrik gabe. ETAko erakundeko kide zela ezin izan duela frogatu onartuta ere «gaizkile elkarteko kide» gisa kondenatu dute.

Egoitz Urrutikoetxea. (Bob EDME)
Egoitz Urrutikoetxea. (Bob EDME)

Joan zen urriaren 7an ea 8an auzia egin zioten Egoitz Urrutikoetxeari Parisen. Epaiketaren amaieran fiskalak lau urteko kartzela zigorra eskatu zuen, betetzeko beharrik gabe. Asteazken honetan Parisko Zigor Epaitegiak bere erabakia jakitera eman du eta egun Lexantzuko herri kontseilari eta Euskal Elkargoko ordezkaria den euskal herritarra gaizkile elkarteko kide bezala kondenatu du, nahiz eta ez Egoitz Urrutikoetxea ETA erakundeko kide izan zela frogatzeko elementurik ez atzeman.

Bi urteko kartzela zigorra, betetzeko beharrik gabe, ezarri dio epaitegiak Egoitz Urrutikoetxeari. Lehendik kondenatua izan zenez urtebeteko froga epea eman diote. Denbora horretan zigorrak betetzeko jujeak (PAJ delakoak) ezarritako deialdiak errespetatu beharko ditu. Aldiz, Fijait fitxategian ez dute sartuko.

Egoitz Urrutikoetxeak NAIZi azaldu dionez, epaitegiak onartu du ezin izan duela frogatu ETAko kide zenik. Erakunde horrekiko «sinpatia» izatea egoitzi dio, baita hainbat militanteekin harremanak izana ere. Ebazpenak zapore gazi-goxoa utzi diola aitortu du. Espetxera ez da joanen, eta horrek lasaitasun bat eman dio. Izan ere, abokatuekin mintzatu ondoren, kezka sortzen dio ETA kide izan gabe -epaileak onartu du frogatzekorik ez duela hori- gaizkile taldeko kide gisa kondenatua izatea.

«Aurrekaririk gabeko erabakia da eta zalantzak sortzen ditu aurrera begira», azaldu du Egoitz Urrutikoetxeak. Baieztatu duenez heldu den otsailaren 17 eta 18an bigarren auzia izanen du, kasu horretan Dei Auzitegian.

Epaitegiaren erabakia plazaratu ostean EH Baik oharra publiko egin du. Mugimendu horren esanetan «gaur Egoitz Urrutikoetxea kartzeleratuko ez badute ere, zigorra jaso du». Hori dela eta «bere aurka diren prozedura juduzial guziak bertan behera gera daitezen» eskatu du EH Baik.  Bide beretik Paris eta Madrilgo gobrnuei zuzendu da «Euskal Herrian irekia den fasearen aldeko urratsak egin ditzaten» eskatzeko.

Bigarren auzia, otsailean

Oroitzearren, 2003. eta 2005. urteetan zabalduriko prozeduren ondorioz orotara zortzi urteko kartzela zigorra jaso zuen errebeldian Egoitz Urrutikotxeak.

Lehen auzia 2007an aztertu zuen epaitegiak eta lau urteko kartzela zigorra ezarri zion. Bigarren epaiketa 2010ean egin zioten, hau ere bera presente izan gabe, eta zigor berbera jarri zioten.

Hain zuzen joan zen hilabetean errepikatu zioten auzian jaso zuen 4 urteko zigorrari heldu zion fiskalak, nahiz eta oraingoan aitortu zuen arrazoirik ez zuela atzematen kartzelaratzeko eskaera babesteko.

Auzian zehar Egoitz Urrutikoetxeak ukatu egin zuen ETAko kidea izan zenik, baina aitaren ondoan 2005ean Genevan izan zen negoziaketa prozesuaren mesedetan lan egin zuela aitortu zuen.

Hainbat hautetsiren lekukotasuna

Euskal Elkargoko buru den Jean-Rene Etchegarayk lehendakariak 2000. urteaz geroztik gatazka armatua gainditzeko bidean Euskal Herrian izan ziren esfortzu anitzak izan zituen aipagai epaitegiaren aurrean.

Lekuko gisa hitza hartu zuen Egoitz Urrutikoetxeari eginiko auzian. Euskal agintariak bake eta bizikidetza eraikitze aldera presoen egoerari dagokionez egon den bilakaerari buruz hitz egin zuen.

Monique Elgoyhen Lexantzuko auzapezak ere bertako hautetsi den Egoitz Urrutikoetxeak herriko aferetan erakutsi duen inplikazioa nabarmendu zuen jujearen aitzinean.

Dosierraren hutsuneak agerian

Bi egunez luzatu zen auzian dosierraren hutsuneak agerian jarri zituzten defentsaren abokatuek.

Bere aldetik gatazkak alde guztietan eragindako sufrimenduari buruz luze mintzatu zen Egoiz Urrutikoetxea.

Bere familiak urte luzeetan bizi izan duen egoera latza xehetasun handiz azaldu zuen epailearen aurrean, baita Euskal Herrian zabalduriko abagune politiko berriari loturiko aukera politikoak mahaigainean jarri zituela.

Frantses Poliziak 2015ko urriaren 6an atxilotu zuen Egoitz Urrutikoetxea Saint-Denisen (Paris).

Espaniar hedabideek bere aurkako akusazio larriak zabaldu zituzten berehala. Alta, handik gutxitara agerian geratu zen bizitza normala zeramala Parisen, ikasketak eta lana urtartuz.

Atxilotu ondoren Fresneseko espetxera eraman zuten. Izan ere handik aste batzutara, 2015ko azaroaren 13an, auzia egin bitartean aske gelditu zen.