NAIZ

Euskal errepresaliatuen senideenganako elkartasuna ardo kutxetan dator

Etxeratek ‘Ardoaren kanpainak’ jarri du martxan, euskal errepresaliatuen senide zein lagunei haien bidaietan laguntzeko helburuarekin. «Eskuratu euskal ardogileen ardo kutxa eta egin dezagun topa errepresaliatu guztiengatik eta gugatik ere», adierazi du Belen Aurrekoetxeak.

Aurten ere elkartasunez beteriko ardo kutxak salduko ditu Etxeratek, senideentzat oso berezia izaten den Gabon garaiaren hasierarako hilabete eskas falta dela. «Euskal mahastizainen ardo ekologikoei esker, eguberri hauetan Euskal Herriko kalitatezko ardoaz disfrutatu ahalko dugu berriz ere», azpimarratu du euskal presoen senide eta lagunen elkarteak bideo batean.

Belen Aurrekoetxea elkarteko kidea agertzen da bertan. Honek aurkezten du elikadura burujabetzaren alde lanean ari diren etxalde txikietan ekoiztutako ardoa saltzea xedea duen kanpaina, «senide zein lagunei haien bidaietan laguntzeko helburuarekin».

«Eskuratu euskal ardogileen ardo kutxa eta egin dezagun topa errepresaliatu guztiengatik eta gugatik ere», nabarmentzen du Aurrekoetxeak, iaz ardoa erosi zuten herritar guztiei eskerrak emateaz gain.

«Asko eskertu genuen iaz zuengandik jasotako elkartasun guztia eskerrik asko bihotz-bihotzez. Horregatik ari gara berriro ere martxan. zuen elkartasuna gure motorra delako», aitortu du.

'Depositoak bete elkartasun' dinamikari jarraipena emanez jarri zuen Etxeratek martxan 'Urrun daudenengatik, topa!’ lelopeko ekimena', «senide eta lagunei laguntza eta babesa eskaintzeaz harago, beharrizan ekonomiko hauek asetzeko».