Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Elkarrizketa
Gaizka GURRUTXAGA
Java Kiwi Atlantico taldeko txirrindularia

«Txirrindulari ona izateko balio dudan edo ez ikusteko aukera izango da niretzat»

Java Kiwi Atlantico taldean arituko da kontinental mailan hurrengo denboraldian 21 urteko aizarnazabaldarra. Bere zuzendaria izango den Enrique Salgueirok deitu zion bizikleta uzteko erabakia hartuta zuenean. Oso gustura zegoen Eulen taldean, baina bertan hiru urte eman ondoren ilusioa galduta zuen.

Gaizka Gurrutxagak aldaketa behar zuen Eulen taldean hiru urte eman ondoren. (NAIZ)
Gaizka Gurrutxagak aldaketa behar zuen Eulen taldean hiru urte eman ondoren. (NAIZ)

Txirrindulari profesionala izateko gai den edo ez erakusteko aukera bezala hartu du Gaizka Gurrutxagak aizarnazabaldarra kontinental mailara pasatzea. Bere buruarengan sinisten du, eta morala eta indarra itzuli dizkio talde galiziarraren deiak.

Nola sortu da Java Kiwi Atlantico taldearekin profesionaletara pasatzeko aukera?

Eulen 23 urtez azpiko taldean hiru urte egin ditut eta pixka bat ilusioa galduta neukan; bizikleta uzteko asmoa nuen. Dena uzteko zorian nengoenean deitu zidaten esateko ea nahiko nukeen beraiekin korritu hurrengo urtean, interesa zutela. Datu batzuk bidali nizkien eta baietz esan zidaten. Kontratua sinatu dut eta hurrengo urtean beraiekin arituko naiz.

Afizionatuetan lehen 25 txirrindularien multzoan ibili zara lasterketa askotan, baina ez duzu zorterik izan...

Zorte handirik ez dut izan koronabirusarekin, baina lasterketa txukunak egin ditut. Hor aurrean ibili naiz, Tolosan zazpigarren bukatu nuen lasterketa gogor batean ihesaldian ibili ondoren. Hor aurrean ibiltzeko sakrifikatu egin behar zara eta lasterketa kontrolatzen jakin behar duzu, jendea zaindu...

Zure ibilbidean igoeretan nabarmendu zara gehien bat, ezta?

Gehiena aldapak gustatzen zaizkit, bai. Juniorretan lasterketa dezente egin nituen aurrean aldapa politak zeudenean eta afizionatuetan ere Tolosan ondo ibili nintzen lasterketa gogor batean. Beste pare bat ere egin ditut txukunak.

Zergatik aukeratu zaituzte?

Kontinental izateko kopurua osatzeko 23 urtez azpiko txirrindulari bat behar omen zuen taldeak. Nirekin jarri ziren harremanetan, datu batzuk eskatu zizkidaten, bidali nizkien eta zerbait ikusi dute ni aukeratzeko. Oraindik ez daukat maillotik, hurrengo hilabetean bidaliko didate materiala eta, ez dago zehaztuta, baina Calpe aldean elkartuko gara, entrenamenduak denak batera egiteko. Otsailean hasiko dira lasterketak.

Enrique Salgueiro profesional ohia da taldeko zuzendaria eta etorkizunean bigarren mailara pasatzeko asmoa daukatela esan du elkarrizketa batean...

Goraka joan nahi dute. Laugarren urtea da kontinental mailan eta iazko ziklista onenak mantenduko dituzte, haien artean Xavier Cañellas, oso txirrindulari txukuna, ondo ibiltzen dena. Eta fitxaketak ere ari dira egiten taldea indartzeko.

Espainiako Federazioaren egutegia osorik egin nahiko dute, World Tourreko probak kenduta. Hori bai, normalean talde kontinentalek arazoak dituzte hori lortzeko. Esan al dizute zer lasterketa dauzkazuen ziurtatuta?

Lasterketa guztiak daude markatuta eta ea gehienetan parte hartzerik daukagun. Hemen Ordizia eta Getxo egin dituzte aurten eta niretzat Ordiziako lasterketan ateratzea oso gauza ederra izango litzateke. Ezagunak etorriko lirateke; ilusioa egiten dit. Ordiziara joan izan naiz lasterketa ikustera, gertuko karrera da eta oso abentura polita izango da.

Txirrindulari batzuek nahiago izaten dute amateur mailan jarraitzea proba gehiago dituztelako ziurtatuta talde kontinental batean baino. Zure kasuan jauzia emateko beharra zenuen?

Nahi nuen nire burua probatu ea balio dudan edo ez ikusteko. Azkenean, Eulen taldean oso gustura egon naiz, giro ona zegoen, baina hiru urte asko dira eta ilusioa itzali egiten zaizu. Kolore berriekin ikusi nahi duzu zure burua, ilusio berriak izan, eta horrekin pozik sentitzen zara, beste abentura bat probatzeko gogoarekin.

Zure burua hurrengo urtean profesionaletan lehiatzeko moduan ikusten al duzu?

Profesionaletan ibiltzeko maila ona izan behar da, baina uste dut entrenatzen serio eta nire buruarengan sinistuz posible dudala maila polita ematea. Aukera honek moral handia eman dit eta moral horrekin indarra jasoko dut, nire buruan sinistuko dut eta dudan guztia emango dut. Txirrindulari ona izateko balio dudan edo ez ikusteko aukera izango da niretzat. Ahal dudana demostratzen saiatuko naiz eta ea gai naizen txirrindulari ona izateko. Ilusioa daukat eta ea etapa berri honetan dena ondo ateratzen den. Egurra ematera aterako naiz.

Familiaren babesa izan al duzu?

Ni txirrindularitzan hasi nintzen anaia, Xabier Gurrutxaga, bizikletan asko ibiltzen delako. Berak ez zuen korritu juniorretan edo afizionatuetan, masterretan baizik, eta zikloturista bezala aritu da Quebrantahuesos eta horrelako probetan. Berarekin hasi nintzen, Zumaiako Viveros San Anton taldean ibili nintzen gero, Zarauztarra taldera pasa nintzen ondoren juniorretan eta afizionatuetan ere Zarautzen jarraitu nuen. Berarekin ibiltzen naiz asko. Senideek asko animatu naute eta batez ere anaiaren laguntza izan dut.