Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Haimar Arejita
Musikoa eta Gatiko taldeko kidea

«Gaixorik egon gara, ohean eta leher eginda. BEC-en, katarsia»

Bidean aurkitutako harri berri bat bezala imajinatzen du Haimar Arejitak, Gatibuko gitarra-jotzaileak, taldeak sufritu duena. Hirugarrenean asmatu dute eta, bi atzerapenen ostean, larunbata 27an, azkenik, 20. urteurreneko kontzertua egingo dute BEC-en.

Haimar Arejita lehen planoan, iaz Naizerako emandako kontzertuan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Haimar Arejita lehen planoan, iaz Naizerako emandako kontzertuan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Kolpe latza izan da azken atzerapena, kalbario bat bezala irudikatzen dut: 2020ko martxorako iragarrita zeneukaten 20. urteurreneko kontzertuari agur eta pandemia gorri-gorrian. Azaroaren 13rako data berria jarri, tokia aldatu berriz ere, eta gaixotu egin zineten. Animikoki nola zaudete?
Gurutze-bide bat izan da, bai, noski. Lehenengo izan zen pandemia, gero covid-a harrapatu genuen ia dena prest zegoenean, Miribillatik BEC-era pasatu ahal izan genuenean aforo kontuengatik, zeren hori ‘mobida’ bat izan zen... Hirugarren harriaren aurrean aurkitu ginen eta harri hau, gainera, izan da erabatekoa, zeren gaixotu egin gara lau talde kide: bateria, perkusioa eta gitarra biak. Egon gara guztiok kutsatuta. Txertatuta geunden, baina gaixorik egon gara, ohean eta leher eginda. Gero berrogeialdia pasa behar eta, orduan, kontzerturik ez.

Pattalaldi ederra.
Bai, itzela. Imajina ezazu: hainbeste denbora itxaroten zaudenean, bat batean, unea iritsi eta gaixotu egiten zara. Mekaguen Dios!! Zer egin dut ba? Karmak zerbait ekarri digu, zerbait okerra egin dugulako? Bueno, orain azken saiakera, larunbata 27an.

Aldaketak egin dizkiozue kontzertuari?
Gu aurrez diseinatu genuen moduan egitera goaz. Aforoa azaroaren 13rako ezarri zigutena da, 8.000 gorako lagunentzat. Musukoa jarrita eta ezin da bertan ezer edan.

Oraindik sarrera daude, baina ikusi berri dut lehenengo solairuko A eta B harmailekoak agortuta daudela.
Sarrerak ia agortuta daude, oso gutxi gelditzen dira.

Hemen egingo den lehen kontzertu handia da izango da zuena. Esperimentu bat bezala balioko du, agian?
Uste dut gurea izango dela Euskal Herrian egingo den kontzertu handiena covid-a eta gero. Hainbeste jenderekin egiten dena bai, behintzat, eta guri tokatu zaigu, euskal talde bati. Esperimentu bat izan daiteke: espero dut bertatik ez irtetea inor kutsaturik.

Badakit ez duzuela asko aurreeratu nahi, ezusteak prestatu dituzuelako gonbidatuekin, baina zein kontzertu mota izango da?
Gure hogei urteen atzera begirada izango da. Hogei urteotako abestiak  errepasatuko ditugu eta batez ere jendearekin berriro elkartzeko unea izango da, eta denok pixka bat bat parentesi bat egiteko unea. Ze oraindik hau ez da bukatu.

Luzerako doala ematen du.
Bai. Espero dut ezetz, baina bukatu ez dela badakit. Guk gainera gure azalean bizi izan dugu. Espero dugu kontzertua parentesia bat izatea denontzat, denok ondo pasatzea eta han gauden denboran dena ahazteko parada izatea.

Ematen zuen pandemiaren gorriena pasatuta geneukala, baina ez dakit gauzak bere onera itzuli ote diren. Musikaren mundua nola dago?
Gauzak aldatu dira baina ez asko, zeren eserita egon behar izan dugu orain gutxira arte musukoarekin kontzertuetan. Aforoak pìxka bat handitu dira eta, behin neurri horiek malgutu direnean eta batez ere kontzertuetan eserita egotearen neurria kendu denean, ikusi dugu pausu bat eman dela normaltasunerako bidean. Kontzertuetan, behintzat, eskertzekoa da jendea zutik ikustea. Dena den, igerri da asko, kontzertu gutxiago egon direlako, eta egon direnak aforo mugatua zeukatelako. Azken finean izan da desastre bat kontzertuentzat. Guk jo dugu, formatu txiki bat egin dugulako, akustikoan, eta horrekin mugitu gara, baina hauxe bizirik irautea izan da.

Urteurrena, pandemia... inflexio puntu bat izan da zuentzat?
Bai, noski. Hau ospakizun bat zen hasieran, baina covid-a etorri zenean gelditu zen stand by-en, eta orain arrastaka eraman dugun kontzertu bat da. Ez dugu bertan behera utzi nahi izan, jarraitu dugu aurrera egoerak uzten digun heinean. Orain nahi duguna da kontzertu hau ‘gainetik kentzea’ nolabait, hau da: gogo asko dugu emateko, baina pixka bat sama izaten ari da egoera oso aurka dugulako. Egoera normal batean gozamena izango zen, baina orain, egia esan, egoera daukagu kontran. Zorte txarra izan dugu agian, eta, inflexio puntu honen ostean, lasaiago begiratu eta prestatu nahi dugu etorkizunean zer egingo dugun. Hau behin gainetik kenduta, zeren erantzukizun handia da 8.000 sarrera edukitzea hor gainean.

Zorte txarra izan duzue, bai.
Ez da zuk kontrola dezakezun zerbait. Gugatik egingo genuen 2020ko martxoan, baina ezin izan zen egin denok etxean geundelako. Orduan, orain gure helburua izan da kontzertua aurrera eramatea bai ala bai. Covid-a harrapatu genuenean errazena izango litzateke bertan behera utzi, sarrerak itzuli eta listo. Pikutara. Baina esan genuen: egin behar dugu jendeagatik, eta gugatik ere, merezi dugulako, hau ospatu behar da ahal den moduan. Eta azaroak 27an saiatuko gara egiten.

Agertokiaren gainean larunbatean mamu guztiak uxatuko dituzue?
Espero dut baietz, hauxe katartikoa izatea. Denontzat katartikoa izatea espero dut.