Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusi gisa berrautatu dute, bozen %90arekin

Mitxel Lakuntza berrautatu dute datozen lau urteetan ELAko idazkari nagusi izateko, aldeko bozen %90,69 lortuta. Gainera, ordezkariek sindikatuaren lan-ildoak ezartzen dituen ponentzia onartu dute gehiengo nabarmenez.

XV. kongresuari amaiaera eman dio ELAk, Mitxel Lakuntza idazkari nagusi gisa berrautatuz. (Monika DEL VALLE/FOKU)
XV. kongresuari amaiaera eman dio ELAk, Mitxel Lakuntza idazkari nagusi gisa berrautatuz. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Goizeko 9.00etan hasi da ELAren XV. kongresuaren azken saioa Bilboko Euskalduna Jauregian. Duela 110 urte sindikatua sortu zen lekutik gertu eta duela 37 urte ehunka langile Euskalduna Ontziolaren itxieraren aurka borrokan ari ziren lekutik gertu, ELAko ordezkariek Mitxel Lakuntza hautatu dute berriro idazkari nagusi gisa hurrengo lau urteetarako.

1.200 ordezkari eta gonbidatu eserlekuak betetzen joan dira, eta hitzaldien eztabaida eta bozketarekin hasi aurretik, ekitaldi bat egon da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira. Horrela, aurten Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu eta omentzeaz gain, eta genero identitate disidenteagatik mundu osoan pertsona askok jasaten duten indarkeria salatzeaz gain, emakumeen aurkako indarkeria lan munduan ere gauzatzen dela gogorarazi du ELAk dantza artistiko baten bitartez.

Ondoren, ELAko hainbat sailetako arduradunek sindikatuaren hurrengo 4 urteak markatuko dituzten lan-ildoak azaldu dituzte. Hori eginda, adosturiko zuzenketak bozkatu dira, eta guztiak onartu dira ordezkarien babes handiarekin. Ia ez dute kontrako botorik edo boto zuririk izan.

LAB eta CIG sindikatuen parte hartzea

Biltzarrean bi gonbidatu berezi izan dira: Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia eta Paulo Carril galizizako CIG sindikatu idazkari nagusia.

Aranburu azpimarratu duenez, ELAk eta LABek «estrategia desberdinak» izan arren, biek amankomunean dituzte hainbat helburu eta borroka. Bide horretan, euskal sindikalismo independentista «erronka handiak» dituen ziklo berri batean murgiltzen ari dela nabarmendu du, eta «burujabetzaren aldeko konpromisoa praktikara eraman behar dela» berretsi du. Borroka horretan, ELA eta CIG edota Intersindikala moduko estaturik gabeko nazioetako beste sindikatu suberanistak bidelagun izan nahi dituela adierazi du Aranburu.

Carrilek euskarazko hitz batzuekin hasi du bere mintzaldia, eta ondoren, espainiar estatuarekiko eta botere politikoarekiko konfrontaziozko hitzartzea egin du. Langileek garai zailak bizi dituztela gogorarazi ondoren, «alternatiba bat formulatzeko borondatearekin» lan egitearen alde agertu da. «Posible da politika horiek aldatzea borrokaren eta mobilizazioaren aldeko apustua eginez, hori baita lan-eskubideen konkistaren bidea», esan du gogor kritikatu ondoren Espainiako Estatuan ematen ari den eta sindikatu subiranistak kanpoan utzi dituen negoziaziorako mahai soziala.

Bozkaketa

Eguerdian egin da batzorde eragile berriaren bozketa. Txandaka, ordezkariak agertokiraino jaitsi dira eta botoak hautestontzietan sartu dituzte. Zenbaketa egin bitartean, kongresuko parte-hartzaileek atseden hartu eta indarrak berreskuratu ahal izan dituzte luntx batekin. Kafea hartzen zuten bitartean, ordezkariek gogo onez komentatu dute kongresuaren nondik norakoak.

Auditorioan bueltan, bozketaren emaitza aurkeztu da. Ez da ezustekorik izan, hautagaitza bakarra baitzegoen, eta Mitxel Lakuntza aukeratu dute botoen %90 eskuratuta. Era horretan, batzorde eragilea ere berritu da, eta lehen aldiz parekidea izango da gizonen eta emakumeen artean. Hiru dira batzorde eragileko kide berriak: Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa) eta Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak).

Bozketaren emaitza honako hau izan da: 624 boto (% 90,69) alde, 42 aurka (% 6,10), 17 zuri eta 5 baliogabe.

Lakuntzak ziurtatu duenez, datozen urteetan ELA «borrokalari» bat gidatuko du, «kontrabotere izaera eta lan-prekarietatearen aurkako borroka» berretsiko dituena eta «aldebakarreko» prozesu subiranista baten aldeko apustu garbia egingo duena.

Mitxel Lakuntza, ELAren XV. kongresuko hitzartzean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Mitxel Lakuntza, ELAren XV. kongresuko hitzartzean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Ildo horretan, mobilizazioaren eta greba orokorraren garrantzia azpimarratu du. «Greba ezinbesteko tresna da prekarietateari aurre egiteko. Ezinbestekoa da lan hitzarmen hobeagoak lortzeko. Soilik borrokatzen dugunean entzuten gaituzte».

«Kapitalismoak eragiten duen indibidualismoaren aurrean, teknologia berriek eragiten duten isolamenduaren eta inposatu nahi diguten mundu birtualaren aurrean, pertsonen arteko despolitizazioaren eta deskonexioaren aurrean, sindikatuak badu zer eskaini: isolamenduaren aurka bat egitea, mundu birtual horren aurrean benetako emozioak partekatzea, etsipenaren aurka borrokatzea eta amets egitea. Horretarako daukagu sindikatua, amets horiek egia bihurtzeko. ELAn oinak lurrean ditugun ameslariak gara», esan du Lekuntzak kongresua ixteko.