Oihane Irazu

Telefono bidezko arreta zerbitzua, ezinbestekoa

SATEVI indarkeriaren edo sexu erasoen biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzua gero eta ezagunagoa da. Aurtengo urtea amaitzeko hilabete pasa geratzen denean, 2.421 dei jaso ditu, iaz urte osoan jasotako 1.961ak baino askoz gehiago.

Oiane Zarate, SATEVIko koordinatzailea, eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria.
Oiane Zarate, SATEVIko koordinatzailea, eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei eskaintzen zaien telefono bidezko arreta zerbitzua ezinbestekoa dela argi utzi du pandemia egoerak. SATEVI telefono zerbitzuak 1.961 pertsonei eman zien arreta 2020an, horietatik 830 martxotik maiatzera bitartean. Aurten, eta urtea oraindik amaitu ez bada ere, 2.421 dei erantzun ditu, beraz, urte amaierako kopurua iazkoa baino askoz handiagoa izatea aurreikusten da.

SATEVIk eskaintzen duen telefono bidezko zerbitzuak etxeko indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio eta arreta eskaintzen du, hurrengo telefono honetara deituta: 900 840 111.

Zerbitzuak 51 hizkuntzatan erantzuten du, eta prestatuta dago entzuteko eta hitz egiteko desgaitasuna dutenei arreta emateko ere, bideo-interpretazioko kanal bat erabiliz. Zerbitzua berehalakoa da, anonimoa, konfidentziala eta doakoa, eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan. Eguneko 24 orduetan erabil daiteke, urteko 365 egunetan.

Zerbitzua profesional espezializatuek eskaintzen dute, profesional adituak izatea oso garrantzitsua baita. Naiara Burgoa zerbitzuko gizarte langilea da, eta, bere esanetan, «profesionalak behar dira indarkeria jasaten duten emakumeei arreta eta orientazioa emateko».

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktima diren emakumeak ez ezik, honako egoera hauek jasaten dituztenak ere artatzen ditu: indarkeria fisikoa, psikologikoa edo sexuala edo zaintza gabezia, bikotekidea edo bikotekide ohia ez den familiako edo inguruneko gizon batek eragindakoa. Besteak beste, erasoak, abusua, jazarpena, sexu probokazioa eta exhibizionismoa, prostituzio behartua, emakume eta neskatilen salerosketa, emakumeen genitalen mutilazioa eta ezkontza behartuak, sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako lan eremuko jazarpena  pairatzen duten emakumeei arreta emateko zerbitzua ere badela azpimarratu du Naiara Burgoak.

Bere iritziz, telefono zerbitzua hizkuntza desberdinetan eskaintzea oso garrantzitsua da. «Kanpotik zatozenean ez dago babesik, eta, indarkeria jasaten baduzu, SATEVIk zure hizkuntzan ere arreta eta babesa emateko aukera eskaintzen dizu». Azken finean, laguntza emateko erraztasunak eskaintzen ditu, informazioaren, orientazioren eta akonpainamenduaren bitartez.

2020ko udaberrian bizi izandako konfinamendu egoerari begiratuta, aipatzekoa da urte osoan jasotako 1.961 deietatik 830 martxotik maiatzera bitartean egin zirela. Horietatik 422 erasotzailearekin bizi ziren bitartean egin zituzten biktimek. «Batzuek erasotzailea erosketak egitera edo zaborra ateratzera irten zela aprobetxatu zuten».

Naiara Burgoak dei horien ezaugarriak aztertu ditu. «Egia da pandemia edo konfinamendu zorrotzaren garaian deien gorakada handia egon zela, baina guk igarri duguna dei motak ugaritu egin direla da, gehienak emozioak eustearekin erlazionatutakoak».

Izan ere, SATEVIko zerbitzua erabili zuten gehienak ia zortzi aste etxetik atera gabe erasotzailearekin bizitako emakumeak izan ziren. Naiarak dioenez, eguneko 24 orduak erasotzailearekin egonda, «zaila egiten zitzaien egoera, eta babes bila deitzen zuten SATEVIra».

Aurtengo urteari begiratuta, dagoeneko 2.421 dei erantzun dituzte, beraz, iaz baino %23 gehiago. Goranzko joera martxoan hasi zen, eta apirilean, maiatzean eta, batik bat, ekainean, joera hori mantendu egin zen. Horrela, 2021eko ekainean bikoiztu egin zen urtarrilean jasotako dei-kopurua.

SATEVIko teknikariaren esanetan, horren arrazoia gizartearen kontzientziazioa gero eta handiagoa dela izan daiteke. «Urte hasieratik gizartearen kontzientziazioa handitu egin dela ikusi dugu, baita SATEVIk eskaintzen duen zerbitzua ezagunagoa egin dela ere herritarren artean. Horregatik, deiak asko ugaritu dira 2020arekin alderatuta».
SATEVIk duen arreta zerbitzua gero eta ezagunagoa bilakatzeko ahalegina oso garrantzitsua dela nabarmendu du Naiara Burgoak, «zenbat eta ezagunagoa izan, emakume gehiagori laguntza emateko aukera egongo baita».

Askotariko datuak

Zerbitzuaren lanaren balantzeak askotariko datuak uzten ditu. Azken datuen arabera (2021eko bigarren hiruhilekoa) eta asteko banaketari erreparatuta, astelehenetan (%18,20) eta astearteetan (%16,59) izaten da deien ehuneko handiena. Orduari dagokionez, 11.00etatik 15.00etara bitartean kontzentratzen dira dei gehienak (%31,62), eta, ondoren, 15.00etatik 19.00etara (%26,73).

Hizkuntzari dagokionez, dei gehienetan, espainiera erabiltzen da, euskara ere bai, baina baita arabiera, portugesa edo txinera ere. Nazionalitateari dagokionez, emakumeen %74,40 EAEkoak dira jatorriz, %5,02 espainiar Estatukoak eta gainerakoak atzerritarrak (%19,86).

2021eko bigarren hiruhilekoan arreta jaso zuten emakume atzerritarren artean, Hego Amerikatik heldutakoak %11,48 dira. Ekialdeko Europatik eta Ipar Afrikatik heldutako biktimak %2,39 dira.

Adin ezaguneko biktimen artean, ehunekorik handiena 41 eta 50 urte bitartekoena da (%31,10), eta, ondoren, 31 eta 40 urte bitartekoena (%20,49). Ondoren, 51 eta 60 urte bitarteko emakumeen taldea dago. 60 urtetik gorako taldean (%16,25) igoera esanguratsua egon da, aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. Adingabeen kolektiboari dagokionez, azkenik,biktimen presentzia %1,06koa da (aurreko urteko aldi berean ez zuen presentziarik izan adin tarte horrek).

Egoera zibilari dagokionez, ehuneko handiena (%36,06) emakume ezkongabeena da, eta, %26,85, emakume ezkonduena. Dibortziatuak %15,35 dira, banantzeko edo dibortziatzeko izapideak egiten ari diren  emakumeak %8,44, eta, bananduak, %9,46. Ehuneko askoz txikiagoak dituzte izatezko bikote direnek (%2,56) eta, azkenik, harreman bat duten emakume alargunek (%1,28).