Oihane Irazu
Elkarrizketa
Naiara Burgoa
SATEVI zerbitzuko gizarte langilea

«Indarkeria bikarioan, seme-alabak objektu moduan erabiltzen ditu gizonak min egiteko»

Naiara Burgoa SATEVI zerbitzuko gizarte langilea da. Argi utzi nahi du indarkeria bikarioa beste indarkeria mota bat gehiago dela. Eta seme-alaben heriotzara iritsi aurretik, seinale asko daudela aita batek seme-alabei tratu txarrak eragiten dizkiela ikusteko. Helburua beti amari min egitea da.

Indarkeria bikarioa bezala ezagutzen den kontzeptua betidanik existitu izan da, baina Sonia Vaccaro psikologo argentinarrak ipini zion lehen aldiz izena. Indarkeria bikarioan, seme-alabek ordezkatzen dute ama. Hau da, seme-alabak objektu moduan erabiltzen ditu gizonak emakumeari min egiteko.

Zer da, zehazki, indarkeria bikarioa? Zergatik deitzen zaio horrela?

Indarkeria bikarioa ez da gauza berria. Betidanik eman den indarkeria mota da. SATEVI zerbitzutik argi utzi nahi dugu emakumezkoen kontrako indarkeria mota bat gehiago dela, ez da aparte dagoen indarkeria bat, beste bat gehiago da. Batzuetan hedabideetan indarkeria motetatik aparte uzten dela ohartu gara, eta, horregatik, uste dugu oso garrantzitsua dela argi uztea beste indarkeria mota bat dela.

Indarkeria bikarioa betidanik eman den indarkeria mota bat da, baina orain dela hamar urte ipini zitzaion izena. Sonia Vaccarok ipinitako izena da. Argentinar hori psikologia klinikoan eta biktimologian espezializatuta dago. Indarkeria bikarioan, seme-alabek ordezkatzen dute ama. Hau da, seme-alabak objektu moduan ipintzen ditu gizonak emakumeari min egiteko. Bi egoeratan eman ahal da indarkeria bikarioa: harremana martxan dagoenean, eta gurasoak bananduta daudenean. Oraindik banatuta ez daudenean, “umeak kenduko dizkizut” bezalako mehatxuak oso ohikoak dira. Mehatxu horiek  areagotu egiten dira gurasoak banatzen direnean.

Mota askotako indarkeriak daude seme-alabak hil aurretik: hotza egiten duenean umeak praka laburrekin ateratzea, gosaldu gabe uztea, orraztu gabe... Indarkeria psikologikoa ere badago, umeak amaren kontra ipiniz… Esaten dugunez, helburua beti amari min ematea da eta, behin banaketa gertatzen denean, amari ezin zaionez zuzenean min egin, ba zelan egiten diot? Seme-alabekin! Kalte hori izan liteke psikologikoa (amaren kontra ipiniz seme-alabak), edo, lehen esan moduan, praka laburrekin hotza egiten duenean kalera eroatea… eta, azkenik, seme-alabak hil amari min egiteko. Hori da helburua. Amari min egitea.

Orain dela hilabete batzuetako Tenerifeko indarkeria bikario kasuaren oihartzuna mundu osora zabaldu zen. Zure ustez, indarkeria bikario kasuak hain ezagun bihurtzea positiboa ala negatiboa da? «Domino efektua» eragin dezake edo, alderantziz, ikusgarritasuna beste emakumeak laguntzeko baliagarria izan daiteke?

Tenerifekoa muturreko kasua izan zen. Telebistetan ematen dituztenak muturreko kasuak izaten dira, hilketak. Hori baino min gehiago egiterik ez dagoelako. Zure galderari erantzunez, esan daiteke kasuok egoera ezagutarazten laguntzen dutela. Gizartea zer gertatzen den identifikatzen hasi da, benetan arrisku bat dela, hau da, benetan seme-alabak arriskuan daudela. Baina mutur horietara ez da heldu behar, horren aurretik beste mila kasu eta indarkeria daudela aipatu behar dugu.

Egia da kasu mediatiko tamalgarri horiek laguntzen dutela indarkeria bikarioa ezagutarazten, eta, gizartetik aparte, emakumeei ere pasa daitekeena identifikatzen laguntzen diete. Izan ere, kasu horiek beldur handia sortzen dute eta laguntzen dute pentsatzeko tratu txarrak ematen dituen aita bat sekula ez dela aita ona  izango. Hori argi izan behar dugu, ze oraindik ere batzuek ez dute argi. 2015etik, adin txikikoen legeak biktima diren emakumeen seme-alabak ere zuzenean biktima moduan jasotzen ditu. Beraz, esan daiteke kasuok batetik «domino efektua» sortu dezaketela, baina, bestetik, egoerok identifikatzeko eta ezagutzera emateko ere balio dutela, kontzientzia hartzeko.

Zergatik uste duzu hain ezezaguna dela indarkeria mota hau beste batzuekin alderatuta?

Ez dakit, baina dakidana da ez dela gutxitan pasatzen. Ez da ezagutarazten, hori da gakoa. Urte luzez ezagutu dugu “gurasoen alienazio sindromea”, orain dela gutxi legez kanpo geratu dena. Ohikoa izan da epaitegietan sindrome horren aitzakian erasotzaileak babestea, amak seme-alabak manipulatzen dituela esanez.

Horregatik oso garrantzitsutzat jotzen dugu epaitegietako profesionalek bai formakuntza bai sentsibilizazioa edukitzea. Nik formakuntza saio bat jaso dezaket, baina, sentsibilitaterik ez badut, ezin izango dut nire lana ondo egin. Kontuan hartu behar da gizarte matxista batean bizi garela eta beti esan izan dela emakumeak gizonaren dirua nahi duela, emakumeak gizonaren dirutik bizi nahi duela… Sarri hori izan da askoren buruan egon dena, “gurasoen alienazio sindromea” babestu duena. Lehen esan bezala, legalki hori ez da existitzen, baina gizartearen buruan bai. Horregatik garrantzitsua da instituzioen aldetik laguntza hori edukitzea; kontuan hartu behar dugu seme-alabak entzun behar ditugula.