NAIZ

Uxue Alberdi FIL Guadalaja literatur ekitaldi entzutetsuko protagonistetako bat izanen da

‘Jenisjoplin’ eleberria aurkezteaz gain, hainbat jardueratan parte hartuko du Uxue Alberdik Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan, Mexikon, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Munduko literatura ekitaldi garrantzitsuenetako bat da FIL Guadalajara, eta asteburu honetan hasiko da.

Uxue Alberdi Estibarizek ‘Jenisjoplin’ eleberria aurkeztuko du FIL Guadalajara nazioarteko hitzordu garrantzitsuan.
Uxue Alberdi Estibarizek ‘Jenisjoplin’ eleberria aurkeztuko du FIL Guadalajara nazioarteko hitzordu garrantzitsuan.

Uxue Alberdik FIL Guadalajaran hartuko du parte Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Idazleak ‘Jenisjoplin’ nobela aurkeztuko du programa ofizialean. Horretaz gain, jarduera ugaritako protagonista izanen da Guadalajara eta Mexiko Hirian, igande honetatik abenduaren 4ra bitarte.

2011tik Etxepare Euskal Institutuak euskal idazleen parte hartzea sustatu du sektoreko ekitaldi garrantzitsu honetako programa ofizialean euskal literaturari nazioarteko leiho bat eskaintzeko helburuarekin. Alberdiren aurretik, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi eta Eider Rodriguez izan dira topaketa honetan, besteak beste.

Pandemia dela-eta 2020an geldialdia egin ondotik, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak berriz irekiko ditu ateak aurten, eta euskal literaturako ahots nabarmen bat hartuko du berriz.

Identitatearen berrasmaketari buruzko kontakizuna

1984an Elgoibarren jaiotako idazle eta bertsolariaren ‘Jenisjoplin’ Consonni argitaletxeak gaztelaniaz plazaratu zuen 2020an, eta Mexikon ere zabaltzen ari da. Ingelesera ere itzulita dago. Eleberria identitate pertsonal eta kolektiboaren berrasmaketari buruzko kontakizuna da, 2010. urtean, eraldaketa betean dagoen euskal testuinguru soziopolitikoan kokatzen dena. Obrak harrera beroa jaso zuen irakurleen eta liburu-denden aldetik, eta oso kritika onak izan zituen. 2017an 111 Akademia Saria irabazi zuen.

Kontakizun, eleberri, saiakera, literatura-kronika eta haur literaturaren egilea da Alberdi. Euskadi Literatura Saria birritan jaso du, Haur eta Gazte Literaturan ‘Besarkada’ lanagatik eta Saiakeran ‘Kontrako eztarritik’ obragatik. 

Gaur egun, literatur tailerretako irakasle, iritzi artikulugile, itzultzaile, irakurle taldeen gidari eta letragilea da elgoibartarra, besteren artean. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera, Bertso Eskola Feminista jarri zuen abian.

46 herrialdetako 600 egileren bilgunea

FIL Guadalajara modu presentzialean itzuliko da larunbat honetatik, azaroaren 27tik, abenduaren 5era. Iberoamerikako liburuaren sektoreko profesionalentzat urteko hitzordu nagusia da. 35. edizio honetan 46 herrialdetako 255 erakusketari eta 600 egile bilduko dira, baita liburua, akademia, kultura, pentsamendua eta zientziaren alorreko figura garrantzitsuak ere. Bederatzi egunetan jarduera sorta zabala eskainiko du programak.

Literatura, akademia, kazetaritza eta zientzia-dibulgazioaren eremuko pertsonen artean honako hauek bertaratuko dira: Diamela Eltit, Sergio Ramirez, Margo Glantz, John Boyne, Camila Sosa Villada, Carmen Aristegui, Guillermo Arriaga, Laura Restrepo, Christophe Galfard, Claudia Piñeiro, Enrique Krauze, Monica Ojeda, Juan Gabriel Vasquez, Miguel Gane, Pura Lopez Colome, Brenda Lozano, José Luis Rodriguez Zapatero, Jose Gordon, Abdela Taia, Noemi Casquets, Julian Herbert, Benito Taibo, Jorge Ramos, Tamara Tenenbaum, Leonardo Padura eta Elmer Mendoza.

Aurten programatutako jardueren %30 inguru birtuala izango da, eta, besteak beste, protagonista hauek hartuko dute parte: Cristina Rivera Garza, Ana Luisa Amaral, Paul Auster, Etgar Keret, Muriel Barbery, Ken Follet, Isabel Allende, Jonathan Franzen, Amin Maalouf, Javier Cercas, Pilar Quintana eta Fernanda Melchor.