NAIZ

Zabaleta eta Rezusta aurrez aurre izanda, jotzaileen arteko lehia espero da Azkoitian

Binakako Txapelketako lehen jardunaldian garaipena erdietsi zuten bikoteek, Elezkano II-Zabaletak eta Irribarria-Rezustak, material aukeraketa egin dute ostegun honetan Azkoitin, Zabaletaren ausentziarekin, igandean elkarren kontra lehiatu aurretik.

Jose Javier Zabaletak ezin izan du material aukeraketan egon, baina igandean lanak izango ditu Rezustarekin atzeko koadroetan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jose Javier Zabaletak ezin izan du material aukeraketan egon, baina igandean lanak izango ditu Rezustarekin atzeko koadroetan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Aurtengo Binakako Txapelketako lehen jardunaldian garaile atera ziren bi bikote arituko dira aurrez aurre igande honetan Azkoitiko pilotalekuan txapelketako bigarren jardunaldian.

Elezkano II-Zabaleta eta Irribarria-Rezustak material aukeraketa egin dute ostegun honetan partidako eszenatoki berean. Bertan izan dira denak, Zabaleta izan ezik, arrazoi pertsonalengatik ezin izan baitu bertan egon.

Bi bikoteek nahiko erraz irabazi zituzten euren partidak aurreko asteburuan. Elezkano II-Zabaletak 7-22 irabazi zieten Ezkurdia eta Tolosari Mungiako pilotalekuan. Irribarria-Rezustak, aldiz, antzeko garaipena erdietsi zuten Altuna III eta Martijaren kontra Bartzelonan (11-22).

Igande honetan, ordea, partida gogorra espero da. Gehienbat jotzaileen arteko lehia espero delako atzeko koadroetan. Nor baino nor arituko dira Zabaleta eta Rezusta, gaur egun pilotarien artean dauden bi jotzaile nagusienak.

Zabaletaren bikoteak ez du inondik inora ezkutatu beraien lana edo jokoa zein den. «Badakigu gure lana oso ondo egin beharko dugula, defenditu ere oso ondo egin beharko dugula aukerak izan nahi baditugu. Guk badakigu gure jokoa zein den. Jose (Javier Zabaleta) saiatuko da pilota atzean ibiltzen eta ea nik aukerak aprobetxatzen ditudan», azaldu du Danel Elezkanok gaurko material aukeraketan.

Beste aldean, Bartzelonaraino bidaia egin behar izan zuten Irribarria eta Rezusta egongo dira. «Konfiantzarekin» iristen direla aitortu du Aramako aurrelariak. «Jose (Javier Zabaleta) oso ondo dagoela uste dut. Danelek ikaragarrizko partida egin zuen. Baina gu ere konfiantzaz gatoz, aurreneko partidan lanak ondo eginda, eta hori ere inportantea izango da», azpimarratu du gipuzkoarrak.