NAIZ
Gasteiz

Gaur hasi da Osakidetza 60 urtetik gorakoei errefortzu txertorako hitzorduak ematen

Astelehen honetan hasi da Osakidetza 60 eta 70 urte bitarteko pertsonei koronabirusaren aurkako txertoaren errefortzu dosia jartzeko hitzorduak emate. Osasun zerbitzuaren webgunearen bidez edo Lehen Mailako Arretako zentroetan eskatu ahal izango dute zita.

Osakidetzako profesional bat covid-19aren aurkako txertoarekin xiringa bat betetzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Osakidetzako profesional bat covid-19aren aurkako txertoarekin xiringa bat betetzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gasteizko Parlamentuan egin den kontrol saioan iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez, astelehenean hasiko dela 60 urtetik gorakoei covid-19aren aurkako txertoaren errefortzu dosia jartzeko hitzorduak emateko prozesua.

Dosi gehigarri horretarako RNA mezulari motako txertoak erabiliko dira (Pfizer edo Moderna), EMA Sendagaien Europako Agentziaren EMA eta Osasun Publikoko Batzordearen gomendioei jarraituz. Pfizerren kasuan, dosi bat jarriko da, eta Moderna mediaren kasuan, berriz, erdia.

Pfizer edo Moderna jaso zuten pertsonen kasuan, azken txertotik sei hilabetera emango dira oroitzapen-ziztadak. Astrazenecarekin immunizatutakoei dagokienez, azken dositik hiru hilabetera.

Sailburuak gogoratu du txertoa dela «birusari aurre egiteko tresnarik onena», eta «lehenbailehen» hitzordua eskatzera animatu du, errefortzu ziztadak antigorputzen kopurua handitzen duela eta, horrela, babes-maila igotzen duela azpimarratuta.

Osasun arloko profesionalen eta eremu soziosanitarioan lan egiten dutenen kasuan, prozesua dagoeneko hasita dago.

Bost eta hamaika urte bitarteko adingabeei dagokienez, Sagarduik adierazi du oraindik ez dakitela noiz hasiko diren txertatzen eta zein dosi inokulatu behar zaien.

Orain arte, Osakidetza immunosupresio-egoera larrian dauden pertsonei, hirurogeita hamar urtetik gorakoei eta Janssenekin txertatutako pertsonei ematen ari zitzaien errefortzu-txertoa.

Gaur egun, EAEn, 12 urtetik gorakoen %91k baino gehiagok jarraibide osoa du, eta 124.400 pertsona inguruk jaso dute errefortzua.

Bere aldetik, Uberak ebidentzia zientifikoan oinarritutako prebentzio-neurriak eskatu ditu, murrizketa berrien ordez. «Ez ditzagun herritarrak beldurtzeko neurriak hartu. Maskara kalean erabiltzera behartzea ez da ebidentzia zientifikoan oinarritzen, eta covid pasaportea ez da panazea, beste tresna bat gehiago baizik», defendatu du.