Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Durangoko alkatea: «Dei egin nahi diegu kulturzaleiei Azokan errespetuz joka dezaten»

Larunbatean irekiko den Durangoko Azokaren barruan zein kanpoan arduraz jokatzeko deia berretsi egin dute Udalak eta Gerediagak, hainbat eragile kultural eta herriko ostalariek babestu duten agerraldi publiko batean. «Azokaren taupada» bizirik mantentzeko egiten ari den esfortzua handia baita.

Hainbat eragilek babestu nahi izan dute Durangoko Udala eta Gerediaga elkartea. (DURANGOKO AZOKA)
Hainbat eragilek babestu nahi izan dute Durangoko Udala eta Gerediaga elkartea. (DURANGOKO AZOKA)

Euskal Editoreen elkarteko, Musika Bulegoko eta herriko ostalaritzako kideek parte hartu dute astearte goizean Durangoko Andra Mari elizpean Durangoko Azokaren alde egin den agerraldian.

Ima Garrastatxu alkateak aipatu duen bezala, agerraldi honen helburua izan da «Durangora etorriko diren euskal herritar guztiei herri osoan arduraz jokatzeko eskatzea. Horregatik, Azoka gerturatzen den doan heinean, gure ahalegin guztiak biderkatu behar ditugu Durangoko Azokan eta Durango osoan osasun eta segurtasun neurri guztiak errespetatu daitezen».

Era berean, astelehenetik Azokan sartzeko martxan jarri den txanda sisteman hitzordua eskatzera animatu dute.

Iazkoa edizio berezia izan zen; aurtengoak ez du erabat ohikoa. «Uste genuen aurtengoak beste urte batzuetako antzeko kopuruak izango zituela», aitortu du alkateak. Pandemiak izandako eboluzioa dela eta, eta Durangaldea gorriz dagoelako, neurri zorrotzak hartu behar izan dituzte.

Azokako guneetan Lakuak zehazten dituen osasun-neurrien irizpideak betetzen direla aztertu ondoren, han egoera bermatuta dagoela dirudi. Hortik kanpo, Lakuak berak orokorrean indarrean jarritako neurriek markatzen dituzte mugak.

Ima Garrastatxuk aitortu dudenez, egoera honek «esfortzu handia» suposatzen die Gerediagari eta Udalari. Udalari dagokionez, eta Landakoko guneetatik kanpo, Durangoko jaietarako jartzen diren baliabideak ezarriko dira. Udaltzaingoan errefortzuak jarriko dituzte, baita garbiketa zerbitzuetan. 

«Durangoko udalerri osoan osasun eta segurtasun neurriak mantendu behar direlako», haren hitzetan. «Horregatik –jarraitu du–, dei berezia egin nahi diegu Euskal Herritik datozen kulturzale guztiei errespetuz joka dezaten. Durangok ateak irekitzen dizkien bezala, errespetuz eta erantzukizunez bizi nahi dugulako Durangon».

«Azken egunetan ikusi dugu arduraz jokatzen badakigula. Hor izan ditugu, besteak beste, kontzertu erraldoiak edota alderdi politiko ezberdinen ekitaldiak, kalean zein barrualdean. Euskal kulturaren erakusleiho honetaz gozatzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritarrak, baina beti arduraz jokatuz, bai Landako Gunean eta baita kanpoan ere. Behin eta berriz esan dugun bezala: arduraz barruan, eta arduraz kanpoan», jarraitu du.

Gerediagatik eta Durangoko Udaletik esfortzu oso handia egiten ari direla gogorarazi nahi izan du alkateak, aurtengo Azoka ospa dadin. Eta horrela bukatu du: «Argi daukagu gu guztion osasuna bermatzea dela gure lehentasun nagusia. Horregatik, segurtasun neurri guztiak zorroztasunez betearaziko ditugu, bai Azoka barruan eta baita hortik kanpo ere, kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza berdina direlako. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa izango da guztion konpromisoa».