NAIZ

Urretxu eta Zumarragako Santa Lutzi azoka, bertan behera covid-19aren ondorioz

Udalerriek erabaki dute azken asteetan jasan duten birusaren hedapen azkarra dela medio, ezin dituztela segurtasun neurriak bermatu eta, hortaz, ez dutela feria egingo datorren urtera begira ohi bezala ospatzeko itxaropenarekin.

Beste urte bateko Santa Lutzi azokan jende andana. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Beste urte bateko Santa Lutzi azokan jende andana. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Urretxu eta Zumarragako udalek abenduaren 13an ospatu ohi duten Santa Lutzi ganadu feria bertan behera uztea erabaki dute. Izan ere, azken asteetan herri horietan Covid-19 birusaren kasuetan gorakada handia eman da eta uste dute segurtasunez ospatzeko aukerarik ez dela izango.

Osasun Sailburuaren azaroaren 16ko aginduak zehazten dituen neurrien arabera udalerriak 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-egoeran jarraitzen duen bitartean, jarduerak aldi batera atzeratzea edo bertan behera uztea da gomendioa, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu 2021eko urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotako prebentzio-neurriak betetzea.

Feriak sortzen dituen jende pilaketa handiak ekidite aldera eta osasuna lehenetsiz bi udalek bat egin dute erabakia hartzerakoan.

«Ardura eta zuhurtzia»

«Urriaren 6ko neurriak aztertuta, bizi dugun egoeraren analisia eginda, covid-19aren goranzko joera ikusita eta Santa Lutzi Feriak sortu ohi dituen jende-pilaketak handiak saihesteko asmoz, bi herrietako udalek erabaki dute arduraz eta zuhurtziaz jokatzea, eta horrenbestez, 2021eko Santa Lutzi Feria bertan behera uztea», adierazi dute euren webguneetan.

Halaber, herritarrei gogoratu nahi diete egunerokoan aukera anitz ditugula eskura bertako produktuak kontsumitzeko eta horrela bertako ekoizpenari laguntzeko. «Santa Lutzi eguneoko lan horren erakustoki eta motor ederra izaten da eta horrexeagatik, bi udalotatik biziki animatu nahi zaituztegu orain inoiz baino gehiago bertako produktuak kontsumitzera», zabaldu dute.

Aurrerantzean Santa Lutzi feria «merezi duen bezala» ospatzea espero dute, baina horretarako datorren urtera itxaron beharko dute.

Bestalde, azokara lotuta antolatuak zeuden bestelako ekimenei dagokionez, abenduaren 12rako aurreikusia zegoen bertso saioa mantentzea erabaki dute, aforoa mugatua denez pilaketarik ez delako egongo, eta idi froga atzeratu egingo dute, udaberrira seguraski.