Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

ELGAren laguntzarekin Arantzazulab-ek eta Tolosak partaidetza prozesu bat sustatuko dute

Arantzazulab-ek Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin (ELGA/OCDE) elkarlana abiarazi du, herritarrekin partaidetza prozesuak sustatzeko. Tolosako Udalak herritarren deliberazio egitasmo ordezkatzailearen proiektu pilotua abiatuko du 2022an.

Tolosako alkatea eta Arantzazulab-eko zuzendaria, lankidetzarako hitzarmena sinatzen. (ARANTZAZULAB)
Tolosako alkatea eta Arantzazulab-eko zuzendaria, lankidetzarako hitzarmena sinatzen. (ARANTZAZULAB)

Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute herri honetan deliberazio egitasmo ordezkatzailearen proiektu pilotua abiatzeko, gerora beste leku eta erakunde batzuetara zabaltzea espero dena. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGA/OCDE) laguntza izango dute bidean, ausaz aukeratutako herritarrekin partaidetza prozesu berritzaile hori sustatzeko, «demokrazia deliberatiboko prozesuak gure herrian zabaltzeko eta instituzionalitzatzeko baldintzak sortzen hasteko».

Asteazken honetan eman dute elkarlanaren berri, garapen sozialerako laborategiak Arantzazun duen egoitzan, baina ELGA eta Arantzazulab erakundeen arteko elkarlana hasia da dagoeneko. ELGAk elkarrizketak egin dizkie eskualdeko interesdun nagusiei, proiektu pilotu hori gauzatzeko premiazko beharrak eta egon daitezkeen erronkak zehazteko.

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusia, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Mauricio Mejia ELGAko politika analista izan diren ekitaldian azaldu dutenez, deliberazio prozesu ordezkatzaileak herritarrak tokiko agenda publikoaren diseinuan inplikatzea du helburu eta ELGAk duen ezagutza eta nazioarteko esperientziak baliatuko dituzte Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak horretarako.

Lankidetzako gobernantzaren markoan kokatu du ekimen hau Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. «Erakunde publiko, gizarte eragile eta herritarren artean lankidetza behar da, gizarte bezala ditugun erronkei erantzuteko eta herri politiken ekosistema eraginkorragoa egiteko. Hori lortu daiteke deliberazio eta ekintza partekatuaren bidez, eta egitasmo hau horretarako tresna bezala aurkezten dugu», azaldu du.

«Txikitik hasiko gara, Tolosan, gerora bideak egiteko gure herrietako beste erakunde publikoetara hedatzeko. Gobernantza inklusiboago bat sustatzea da helburua», gaineratu du Goiak.

Gipuzkoan herritarren parte-hartzerako prozesuak bultatzen erreferente izan delako Tolosako Udala, Tolosatzen eskola irekia edo aurrekontu parte-hartzaileak adibide, herri horretan bultzatuko da deliberazio egitasmoa. «Udaletik herritarren eguneroko beharrei erantzun ahal izateko eta etorkizuneko erronka konplexuei erantzuteko formula magikorik ez badago ere, badakigu nola egin bide hori: parte-hartzetik eta adostasunaren bidetik. Hausnartu eta esperimentatu nahi dugu, eta hori da ekimen honek ematen diguna», agertu du Tolosako alkateak.

Eman beharreko pausoak

Mauricio Mejiak zehaztu du zeintzuk izan ohi diren gisa honetako ekimen parte-hartzaileak betetzen dituzten pausoak: lehenik instituzio jakin batek herritarrak deitu eta aukeratu behar ditu, ausaz eta bilatzen diren patroien arabera (izan sexua edo adina, kasurako), gai jakin bati erantzuna emateko. Informazioz bustiko ditu gero aukeratutako herritar horiek, gero deliberazioa abiatzeko. Herritar horiek boto edo adostasun bidez proposamenak egingo dituzte eta dagokion instituzioari bidali. Eta, azkenik, instituzioak erantzun egin behar die herritarrei, esanez nola aplikatu diren proposamenak bere politiketan eta zer eragin izan duten.

Baina nola egingo da prozesu hori Tolosan? Mejiak esan du hiru etapa nagusi bereiziko direla. Hasi dute lehenengoa, behar diren agenteekin elkarrizketak eta harremanak egitea, denen artean prozesuaren oinarriak adostu eta «hasteko prest» egon daitezen.

2022an bi norabideetan egingo dute lan: batetik, Tolosan existitzen den arazo espezifiko bat aurkituko dute, neutroa izango dena eta berau konpontzeko deliberazioa behar duena. Bestetik, deliberazio prozesua diseinatu eta bertan parte hartuko duten herritarrak bilatuko dira, Tolosako batzarra osatuz. Batzar hori herritar indibidualek osatuko dute zozketa zibiko baten bidez aukeratuta.

Tolosan deliberazio prozesua eginda, lankidetzako gobernantzako eredu hori beste herri eta erakunde batzuetara zabaldu asmo dute inplikatutako agenteek.