NAIZ

XXI. mendeko ‘Euskararen gramatika’ argitaratu du Euskaltzaindiak

Azken hogeita bost urte hauetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartu ditu Euskaltzaindiak gramatika berria egiterakoan. Honela, kontuan hartu dira azken urteetan egindako ikerketa teorikoak, baina deskribatzailea da gramatika hau, ez teorikoa.

Euskaltzaindiak XXI. Mendeko ‘Euskararen gramatika’ argitaratu du. (Euskaltzaindia)
Euskaltzaindiak XXI. Mendeko ‘Euskararen gramatika’ argitaratu du. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak XXI. mendeko ‘Euskararen Gramatika‘ aurkeztu du ostiral honetan akademiaren egoitzan. Bertan izan dira Miren Azkarate euskaltzain osoa eta Gramatika batzordeko kidea, Pello Salaburu batzordeburua, eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Salaburuk lan berriaren iturburua argitu du lehenik goiz parteko agerpenean: «XXI. mendeko Gramatikak jarri genion izena Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira antolatu genuen Gramatika jardunaldiari. Eta XXI. mendeko ‘Euskararen Gramatika’ gisa aurkeztu genuen amaitu berria genuen gramatika ere bai».

Luze jo dute argitaratze lanek, baina Akademiak gaur aurkeztu duen ‘Euskararen Gramatika’k baditu mende honetan egin diren gramatiken ezaugarrietako asko, Salaburuk azaldu duenez: «Izan ere, garaian garaiko moldeak, kontzeptuak, izaten dituzte eskura gramatikariek eta horien arabera deskribatu eta azaltzen dituzte hizkuntzen ezaugarriak. Beraz, azken 25 urte hauetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartzea dagokigu».

Ondoren, gaur egungo gramatikek eta ‘Euskararen Gramatikak’ partekatzen dituzten ezaugarriak aletu ditu: «Egungo gramatikak talde lanaren fruitu dira. Ez dira egile bakarrarenak, baina ezta hainbat egileren kapituluen bilduma huts ere. Talde batek adostutako lanak dira. Gure kasuan, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen lana; gainera, deskribatzaileak dira gramatika horiek, ez dira gramatika teorikoak, baina kontuan hartzen dituzte azken urteetan egindako ikerketa teorikoak; izan ere, gramatika modernoak egungo ikerketen sintesi izan ohi dira. Horrez gain, gramatika hauek tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka bilatzen dute. Guri dagokigunez, azken hogeita bost urte hauetako euskarari buruzko ikerlanen ekarpenak ere ekarri ditugu Euskararen ‘Gramatika’ra».

Azken kontu honi dagokionez, Salaburuk gaineratu du horrek berarekin dakarrela «gramatika tradizionaletan ageri ez ziren kontzeptuak azaltzea», baina betiere «gramatikari garaikideen artean guztiz hedatuak daudenak».

Berritasunak

Zein dira, beraz, Euskararen Gramatikak dakartzan berritasunak? Pello Salaburuk berak nabarmendu ditu aipagarrienak.

- ‘Deklinabide’ eta ‘kasu-sistema’ kontzeptuak bereizi dira, eta, Van Eysek XIX. mendearen amaieran egin bezala, euskaraz ‘kasu atzizkiak’ eta ‘postposizio atzizkiak’ ere bai.

- ‘Argumentu egiturak’ eta ‘paper tematikoak’ kontuan hartu dira aditzen sailkapena egitean, baita hitz elkarketa eta eratorpena aztertzean ere.

- ‘Hitz ordena’ kontzeptua ikuspegi zabalago batetik aztertu da, eta ‘sintaxi egitura’ eta ‘informazio egitura’ bereizi dira. Eta informazio egitura aztertzean EGLU-I Eranskineko kapitulua osatu da.

- Morfologia lexikoari zazpi kapitulu eskaini zaizkio: Euskaltzaindiak hitz elkarketaz argitaraturiko lau liburukiak laburtu eta eratorpen atzizkiak banan-banan aztertu dira.

- Izenari, adjektiboari, izenordainei, adberbioari, determinatzaileei eta aditzei eskainitako kapituluak sakonki berritu dira. Hau da, EGLU-I eta EGLU-II goitik behera berrikusi, aldatu, eta osatu dira.

- Perpausetik goragoko ikuspegian sakondu eta diskurtso markatzaileei bi kapitulu mardul eskaintzea erabaki da, argitaratu zenean guztiz berria zen ‘lokailu’en gaia (EGLU-III) osatu, ‘diskurtso-markatzaile’en barruan kokatuz.

Dena den, Salaburuk ohar bat egin nahi izan du gaurko agerpenean: «Honekin euskararen gramatika osoa idatzi dela esan daiteke? Ez. Gramatika gaien azterketa, munduan dauden diziplina guztiekin gertatzen den gisan, ez da inoiz ere agortzen».