NAIZ

44 urteko langile bat hil da bart Bergaran, «istripu ez traumatiko batean»

LABek jakinarazi duenez, Markinako 44 urteko langile bat hil da pasa den gaueko lan jardunean Bergarako Fagor Ederlanen. «Istripu ez traumatiko» batean izan dela zehaztu du baina txanda sistemen kalteez ohartarazi du.

Bergarako Fagor Ederlan lantegian gertatu da heriotza. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Bergarako Fagor Ederlan lantegian gertatu da heriotza. (Andoni CANELLADA | FOKU)

44 urteko Markinako langile bat hil da bart Bergarako Fagor Ederlan lantokian, LABek larunbat honetan jakinarazi duenez. Sindikatu honen kidea zen B.O.M. «Istripu ez traumatiko» baten ondorio dela erantsi du.

«Aurten jada 59 langilek galdu dute bizitza Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan, eta horietatik 15ek lan istripu ez traumatiko deiturikoetan –aipatu du LABek ohar batean–. Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure doluminik zintzoenak helarazi nahi genizkieke B.O.M. langilearen lankide, lagun eta senitartekoei».

Hauxe aipatu du jarraian: «Heriotza hau ezin diogu halabeharrari egotzi Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta sikologikoa: erritmo zirkadiarra kaltetzen du (gizakion prozesu fisiologikoak kontrolatzen dituen giza erloju biologikoa) eta horrek hipertentsioa, estresa,nekea, insomnioa eta beste hainbat patologia eta arrisku sortzen ditu».

«Argi daukagu baita ere, lantokietan egiten diren arriskuken ebaluazioetan ez direla jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak eta, beraz, ez dela lan osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten. Hainbat eta hainbat gaixotasuna profesional daude, isil isilen eta inor konturatu gabe langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak», erantsi du LABek.

Hau guztia dela eta, «bada ordua langileon osasuna eta bizitzak aintzat hartuko dituen prebentzio politika eraginkor baten kultura sustatzeko eta langileon lan eskubideak defendatzeko», adierazi du. Administrazioek horretan «erantzunkizun handia dutela» nabarmendu du.

Mobilizazioetarako deia egingo dela aipatu du, azkenik, LABek, «lanpostuetan heriotza gehiagorik ez» aldarrikatzeko.