Partida borobila egin du Amorebietak ezusteko poza ospatzeko (1-2)

Amorebietak denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo Bigarren Mailako zelairik zailenean. Malagak hamar futbolariekin jokatu du azken ordu laurdena.

Zornotzarrek hamargarren minutuan ospatu dute Gururen lehen gola. (LALIGA)
Zornotzarrek hamargarren minutuan ospatu dute Gururen lehen gola. (LALIGA)

Partida borobila eginez eman dio erantzuna Amorebietak erronka zailenari. Eta, behingoz, merezitako saria ospatu ahal izan du. Etxetik kanpo lortu duen denboraldiko lehen garaipena, Bigarren Mailako zelairik zailenean heldu da. Izan ere, Malagak La Rosaledan galdu duen lehen partida ere izan da gaurkoa.

Iñigo Velezek askotan esaten duen bezala, osagarri asko batu behar izan dira emaitza hori lortzeko. Defentsiboki lan ezinhobea egin dute bere jokalariek; partida osoan izan ez bada ere, minutu askotan zehar Malagak bere erasoko jokaldiak aukera garbietan bilakatzea sahiestu dute. Eta etxekoek beharrezko aurrerapausoa eman dutenean, denbora agortzen zitzaiela ikusita, sufritzen jakin izan du talde zornotzarrak, urduritasuna larregi nabarmendu barik, behintzat amaitzeko bi minutu falta zirenean Malagaren gola heldu arte.

Aurkako ateari begira ere, sendo aritu da. Azken aste hauetan erasotzaile arriskutsuena izan den Iñigo Orozkoren bajak sor zezaken kezka ederki desagertarazi dute Guruk eta Obik. Zelaierdiko taldekideen laguntzarekin, Malagaren joko hasiera oztopatzearekin konformatu ez eta azkarrak ibili dira hutsuneak bilatu eta arean arriskua sortzeko ere. Behingoz, epaileak ere lagundu du, harmailetako presioari aurre eginez erabaki zailak hartzeko.

Amorebietak lehen gola sartu eta hamar minutu beranduago, etxekoek eskatutako penaltia ez du pitatu, aurretik Sekou jokoz kanpo zegoela ikusita; bigarren zatian Victor Gomezen gola ondo baliogabetu du, bere errematea jokoz kanpo zegoen Peybernesen hanken artetik pasa baita atean sartu aurretik; eta amaitzeko ordu laurden bat falta zela, Genarori txartel gorria erakutsi dio Alvaro Peñari emandako ostikada zatarragatik. Amorebietak orain arte bere alde izan ez duen konjuntzio astrala, hitz batez. Ondorioak sailkapenean ikus daitezke, talde bizkaitarra 18. postutik hiru puntura jarri baita.

Ate bietan saiakera bana ikusi ondoren, hamargarren minutuan aurreratu da Amorebieta, La Rosaledako harmaila zaratasua une txiki batez izoztuz. Guruk baloi luzea hartu, arean sartu eta Peybernes eta Dani Martinen aurrean zutoinaren albotik bidali du baloia 0-1ekoa jartzeko markagailuan.

Malaga erreakzionatzen saiatu da baina baloiaren jabetza da lortu duen bakarra. Amorebietak, sendo atzean eta ideia argiekin zelaierditik aurrera, arrisku sentsazio handiagoa eman du. Eta ez da sentsazioekin konformatu. Kontraeraso batean, Obi bigarren gola sartzetik oso gertu geratu da, Guruk baloia bidali ondoren. Hamar minutu beranduago, lehen zatia amaitzeko zazpi falta zirela, rolak aldatu eta Obik ikutu du baloia eta Guruk eraman du areara, berriro ere baloia lehen zutoinetik sartuz, oraingoan eskuinetik.

Bigarren zatia antzeko dinamikarekin hasi da baina, denbora pasa ahala, Malagaren beharra eta anbizioa gailendu dira, Amorebieta esfortzu fisikoa nabaritzen joan den heinean. 68. minutuan hotzikara etorri zaie urdinei aurreko disgustuak gogoratuz, Victor Gomezek gola sartu duenean. Baina epaileak baliogabetu du, bere errematea jokoz kanpo zegoen Peybernesen hankartetik pasa dela ikusi ondoren. Zornotzarrek arnastu dute Trujillo Suarezen erabakiarekin baina etxekoak nabarmenki haserretu dira eta sumindura gasolina bilakatu dute azken minutuetan ere gehiago estutzeko euren aurkaria.

Izan ere, 78. minututik aurrera, Genarok txartel gorria ikusi ondoren, hamar futbolarirekin jokatu behar izan duen arren, beste aurrerapauso bat eman du Malagak. Amorebietak partida osoko une zailenak bizi izan ditu, batez ere Luengok baloia bere atera bidali duenean zorte txarreko jokaldi batean markagailuan 1-2koa jartzeko. Zorionez, gol hori oso berandu heldu da eta andaluziarrek ez dute denborarik izan Amorebietaren ospakizuna sahiesteko.

PARTIDAKO FITXA:

Malaga: Dani Martin; Victor Gomez, Peybernes (Dani Lorenzo, 69.min.), Lomban (Chavarria, 84.min.), Cufre; Paulino, Escassi, Genaro, Jairo (Antoñin, 69.min.); Sekou Gassama, Brandon (Kevin, 56.min.).

Amorebieta: Marino; Larra, Oscar Gil, Markel Lozano, Luengo, Seguin (Aldalur, 7o.min.); Olaetxea (Larru, 90.min.), Iker Bilbao, Alvaro Peña (Mikel Alvaro, 83.min.); Obi (Amorrortu, 70.min.) eta Guru (Etxaburu, 90.min.).

Epailea: Trujillo Suarez (Tenerife). Dani Martini (31’), Sekou Gassamari (73’); eta Larrari (15’) atera die txartel oria. Txartel gorria erakutsi dio Genarori (78’).

Golak: 0-1, 10.min.: Guru. 0-2, 38.min.: Guru. 1-2, 94.min: Luengo, bere atean..

Gertakariak: 18.980 ikusle La Rosaledan.