NAIZ

«Gera zaitez Mexikon» programa abiatuko da berriz, aldaketa batzuekin

Bidenen Gobernuak Trumpek martxan jarritako ekimena bertan behera utzi zuen, baina epaile batek berriz martxan jartzea agindu zuen. Asilo eskatzaileen baldintzak hobetzeko aldaketak egin badituzte ere, euren eskubideen aldeko erakundeek ez dute argi ikusten.

Migratzaile eta asilo eskatzaileen protesta bat Tijuanan, MPP programaren kontra. (Guillermo ARIAS/AFP)
Migratzaile eta asilo eskatzaileen protesta bat Tijuanan, MPP programaren kontra. (Guillermo ARIAS/AFP)

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak MPP laburdurarekin ezaguna den “Gera zaitez Mexikon” programari ekingo dio berriz ere. Noiz eta Mexikok asilo eskatzaileen segurtasuna bermatzea lortuko ote duen gero eta zalantza handiagok sortzen ari direnean.

Joe Bidenen Gobernuak indargabetu egin zuen Donald Trumpek sustatutako programa, baina epaile federal batek berriz martxan jartzea agindu zuen. Segurtasun Nazionaleko Departamenduak ziurtatu zuen hainbat aldaketa egin zituela berme handiagoak emateko, aldiz, migratzaileen defendatzaileek ez dute uste nahikoak direnik.

Human Rights First erakundearen arabera, ez dago MPP programa modu seguruan aplikatzerik. Salatu duenez, Biden Administrazioaren lehen zazpi hilabeteetan 6.356 txosten izan ziren kanporatutako edo blokeatutako migratzaileen aurkako erasoei buruz; horietan, besteak beste, asilo eskatzaileen aurkako 1.500 bahiketa, tortura, eraso eta bortxaketa zenbatu ziren.

Erakundearen hitzetan, migrazioa geratzeko neurria berrezartzean, indarkeria areagotuko da.
Joan den astean, Etxe Zuriak azpimarratu zuen «hurbiletik» lan egin duela Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen Administrazioarekin, prozesuan asilo eskatzaileei babeslekuak eta garraio segurua eskaintzeko. Iragarpenak, baina hainbat zalantza sortu ditu.

Berrikuntzak

AEBetako Gobernuak dioenaren arabera, Mexikora pertsona bat itzuli ostean, sei hilabeteko epean bere prozesua amaitutzat emango da. Epe hori zalantzan jartzen dute migratzaileen aldeko erakundeek eta uste dute litekeena dela migratzaileek mugako hirietan luzaroan bizitzearen arriskuei aurre egiten jarraitu behar izatea, aterperik eta baliabiderik gabe. Hala, uste dute Bidenek hartutako neurriak ez direla Trumpek ezarritakoen hain desberdinak.

Bestalde, AEBetako Gobernuak ziurtatu du MPP programaren bidez asilo eskatzaileek aukera izango dutela informazioa, aholkularitza eta lege ordezkaritza lortzeko. Programan izena ematen dutenek telefonoak erabili ahal izango dituzte abokatuei doan deitu ahal izateko gune konfidentzial batean.

Horren harira, Aaron Reichlin Melnik AEBetako Immigrazio  Kontseiluko politika kontseilariak gogorarazi duenez, 2019ko urtarriletik 2021eko urtarrilera bitartean MPP programaren bitartez artatutako etorkinek «zailtasun handiak» izan zituzten beren kasuak aurkezteko. Izan ere, AEBetan abokatu oso gutxi zeuden Mexikon zeuden migratzaileei laguntza legala emateko. Hala, Melnikek ekimenaren bertsio berrian aldaketa positibo batzuk aurkitu baditu ere, kritikatu egin du gobernu demokratak bertan Haitiko eta orain arte programan ez zeuden beste nazionalitate batzuetako etorkinak ere sartu izana.

Mexikok dio migratzaileen eskubideak zainduko dituela

Mexikoko Gobernuak agindu zuen «Gera zaitez Mexikon» programa berrabiatzen denean migratzaileen eskubideak zainduko dituela. «Arrazoi humanitarioengatik eta aldi baterako, ez ditugu euren jatorrizko herrialdeetara itzuliko hainbat pertsona, eta Mexikon itxarongo dute prozesu migratzailea», esan du Roberto Velasco Atzerri Idazkaritzako Ipar Ameriketarako buruak.