Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Silvia Federicitik Maria Gorosarrira, feminismoa hauspo

Gutxiengo baten gaia izatetik, saltoki handietako liburu salduenen zerrendetan sartu dira feminismoari buruzko liburuak, egileen euren harridurarako. Durangoko Azokako salmahaiak interes horren erakusle dira egun hauetan.

«Gure hots» dokumentala aurkeztu da asteburuan, Arrate Fernandez zuzendariarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)
«Gure hots» dokumentala aurkeztu da asteburuan, Arrate Fernandez zuzendariarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Aste honetan, eta bigarrena da jada, Maria Gorosarriren ‘Contra la banalización del feminismo’ (Txertoa) Bilboko erdialdean kokatutako saltoki handi batean hamar salduenen zerrendan sartu da. Etxetik, astelehenean bigarren haurra izan baitzuen, durangar irakasle eta ikerlari honek umorez hartu du albistea: «Nik saltoki horretan Edurne Uriarteren ‘Feminista y de derechas’ erosi nuen –dio–. Uste nuen beste publiko bat izango zutela».

Kazetaritzan eta Zuzenbidean lizentziaduna, EHUko irakaslea, Maria Gorosarrik liburu honetan ikerkuntza lan zehatz bat egin du. Dibulgaziozko lana da, baina publiko zabal bati bideratuta: «Edonork irakurtzea nahi nuen, feminismoak teoria kritiko bat duelako atzean, baina horretan ezkutatzen bagara, ematen du gainerako andreengandik urrunduko garela. Eta ez, subjektu bakarra gara. Beste emakumeengandik horrelako oinarri sexisten bidez urruntzen bagara, sexismoa aplikatzen gaude eta hori da gure kontra gizonek aplikatuko dutena ere. Irizpide sexista horiek dira ezabatu behar ditugunak. Ez dago irtenbide pertsonalik».

Egoera pertsonal batetik abiatu zen bere ikerketa: 2012-13 urteetan Berlingo Unibertsitatera lanera joan zenean, feminismoa mugimendu minoritarioa zen. 2017an itzuli zenean, egoera erabat desberdina zen, batez ere sanferminetako ‘Manadaren’ bortxaketak eragin zuen erantzun sozialagatik.

Feminismoa hedatu da, ‘gizarteratu’, baina baita ere ezereztu, banalizatu, ikertzaile honen arabera. «Gaur egun jarrera, marka pertsonala edo identitatearen parte bat bihurtu da feminista izatea. Euskal Herrian sinbologia edo iruditeria bat hartu du feminismoak, esaterako. Eta desberdina da feminista izan eta feminismoa egitea, ez baita nahikoa feminista gisa geure burua identifikatzea feminismoa egiteko», dio. Baina, une historikoa izanda ere, horrek ez du balio izan emakumeen eskubideen aurkako erasoak eragotziko dituzten egiturak eraldatzeko.

Liburuan feminismoan gaur egun eztabaidagai dauden gai nagusienetan jartzen du fokua: esaterako, erlatibismo kulturaletik sortutako jarrera batzuk edo gorputzaren eta sexuaren arteko banaketa. «Nik gai honen inguruko atalean bildu ditut nazioarteko legeak eta Naizen elkartearen terminologiaren alde egiten dut. Marxismoa eta queer mugimendua batzen dituen teoriko batek, Holly Lewis-ek, esaten du queer mugimenduak transexualitate eta transgenero borroken ikusgarritasuna hartu duela, baina transexualitatea ez dela teoriatik azaltzen, baizik eta giza gertakizun batetik. Hori ez dugu ulertzen, oraindik ez ditugulako hori ulertzeko lanabesak. Ni Naizenek egiten duen sexu identitatearen alde nago eta ez genero identitatearekin».

Emakumearen kategoria

Hain justu, azken gai horri heldu dio Silvia Federici pentsalari feminista eta marxistak ‘Larruazalaren periferiaz haraindi’ (Katakrak) bere azken lanean. Amaia Astobizak ekarri du euskarara. Gurean hainbeste interes pizten duen egile honen lanetatik itzuli duen laugarrena da. «Batez ere Federicik nabarmentzen duena edo galdetzen duena da ‘emakume’ hitza, kategoria moduan, ea ez dugun behar borrokan jarraitzeko».

Inoiz baino gehiago, «gorputza» baitute gaur egun mugimendu guztiek erdigunean: mugimendu feministak, antirrazistak, transak,ekologistak. Denek ikusten dute gorputza estatuarekiko konfrontazio gune eta praktika sozial eraldatzaileen bide gisa. «Federicik, ea emakumeen askapen borroka horretan, oraindik ere emakumea kategoria moduan hartu behar den galdetzen du. Ez bagara emakume ez gizon, espektro horretan kokatzen gara, orduan nondik borrokatuko gara desagerrarazten badugu kategoria hori? Mahai gainean jartzen du oraindik ere beharrezkoa dela emakume kategoria horri eustea borrokan jarraitu ahal izateko».
Estatu espainolean Trans Legearen inguruan sortu zen eztabaida. Federicik gaia zabaltzen du, AEBetan batez ere erreprodukzioari lotutako arazo asko dituztelako. «Esaterako –argitu du itzultzaileak–, fetuei ematen zaie juridikoki pertsonaren kategoria, horrela fetuak izan daitezke ordezkatuak epaiketetan. Berak lotzen du dena: emakume moduan ezin baduzu borrokatu horren kontra, emakumeetatik abiatzen dela borroka hori eta borrokaren zaku horretan sartuko dugula gainerako guztia».

Feminismoaren inguruko hausnarketa eta ikerketek askorako ematen dute. Hona, Azokan aurkitu daitezkeen adibide bakan batzuk: Leslie Feinberg-en ‘Borrokalari transgeneroak’ (Katakrak), Mikel Urdangarin Irastorzaren ‘Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza’ (Jakin) edo “Gure hots” dokumentala, Arrate Fernandez Itxasok Azokan aurkeztua.

Zinemagile andoaindarraren lehen luze honetan azken 40 urteetan Euskal Herrian emakumeen lan esparrua izan denaren erradiografia. Adin eta lur eremu desberdinetako emakumeak elkarrizketatuz, gure errealitateetan ispilu izan nahi du. Azken bi mendeen errepasoa egiten du, alegia, lau hamarkadon berri emanez, kontakizuna elkarrizketatuen iritziekin saretua.