NAIZ

Allande Sokarros euskaltzale zuberotarra hil da

Allande Sokarros euskaltzale zuberotarra zendu da. Itzultzaile eta kazetaria, IK erakundeko militante lehenik, eta ondoren herri hautetsia izan zen. Eremu anitzetan itzal handia utzi du 1957an sortutako kulturgileak. Gorpua larunbatetik Mauleko beilatokian izanen da eta astelehenean erraustuko dute.

Allande Sokarros itzultzaile eta kazetaria hil da. (Bob EDME)
Allande Sokarros itzultzaile eta kazetaria hil da. (Bob EDME)

Allande Sokarros ostegun arratsaldean hil zen nahiz eta gaur goizean ezagutu den bere heriotza. 1957. urtean Zuberoako Etxebarre herrian sortutakoa, gazte zelarik hartu zuen bizitza osoan zehar atxiki duen herriarekiko maitasuna eta euskal kulturarekiko engaiamendua. Euskaltzale handia euskaltzain urgazlea ere bazen. Bere gorpua bihartik goiti Mauleko beilatokian izanen da, azken agurra eman nahi dion pertsona orori irekia. Astelehenean erraustuko dute Biarnoko Lahòra herrian 15:00etan.

Itzultzaile izan zuen ogibide urte askotan bere garaian Iparretarrak (IK) erakunde armatuarekin harturiko engaiamenduagatik Parisen kartzelaratu zuten militantea.

Bestalde, Euskal Elkagoa sortu zenean, 2017an, Ipar Euskal Herriko erakundearen lehendakariordeetako bat izan zen hautetsi abertzalea.

‘Zeruko Argia’n lehenik eta ondoren ‘Euskaldunon Egunkaria’n kronikalari lanetan ibili zen Sokarros. ‘Jakin’ aldizkarian ere idatzi zuen, hala nola ‘Agosti Xaho, laiko eta ezkertiarra, kristaudemokratek eta eskuindarrek omendua!’ artikulua agitaratu zuen aldizkarian.

Geroago Euskal Irratietara lotu zen. Xiberoko Botzan arituz, prefosta. Hain zuzen euskaraz jardunen duten irratien sareko kide den Gure Irratiak bere 40. urtemuga ospatzen duen urte hondar honetan heldu da irrati laguntzailearen zuberotarraren heriotza.

Zuberoako kultura eta zuberera

Sokarrosek euskal kulturaren zabaltze lanetan ekarpen handia egin zuen, besteak beste Bedaroa elkartearen eskutik. Pastorala izan zen Zuberoako kulturako adierazpen kutunetako bat.

Zuberoa izan du bere bizitza ibilbidearen ardatz nagusienetarikoa, herrialdeko garapenaren aldeko lan frango eginez, hala nola Su Azia elkartearen baitan.

Zuberotar euskalkiari buruzko ezagupenaren iturri amaigabea, herrialdeko parajeak, izenak, historioak, jendeak, mintzairak eta soinuak... nahi zuen orori ezagutarazteko burubelarri jardun du betidanik hainbat liburu egile izan zen kulturgilea.

Bestalde, ‘Zuberoa herria’ edo ‘Xiberoko xendak‘ bezalako liburuen bidez bere herriari zion atxikimendua adierazi zuen herri ekintzaileak.

Doluminak

2018az geroztik euskaltzain urgazle gisa aritu da Euskaltzaindian. Dolumin mezua plazaratu du bere heriotzaren kaietara euskararen akademiak.

«Socarros, Euskara eta Euskaltzaindia maite eta sustatu zituen zuberotar fierra», idatzi du Andres Urrutia euskaltzainburuak twitter sarean.

Jean Louis Davant euskaltzain emeritu zuberotarrak gogoan izan du laguna: «Galtze handia dugu Zuberoarentzat, eta zabalkiago Euskal Herri osoarentzat, horren zerbitzari sutsua baitzen, eta bien arteko zubi fidela. Badakik, Allande laguna, zinez dolu dauiat. Ago bakean eta gure oroitzan».

Bere aldetik, Jan Battita Coyos  Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkariak hauxe adierazi du sare beran: «Euskal gizartearen ezagutza handia zuen, zuberera eta euskara batua izigarri ontsa menperatuz. Zubereraz erraten den bezala, espiritü fi eta zorrotz zen, arraleriant".

Azkeneko urteotan, hain zuzen, sare sozialetan jarraitzaile aski aktibo izan da Sokarros. Hala, idazle eta solaskide zorrotza izan zen ekintzailea txiolari zirikatzaile bilakatu zen.

Zubererari eta pastoralari buruzko elkarrizketa eskaini zion GARAri 2020an: «Zuberoan euskararen praktika galtzen bada, pastorala galduko da».