Idoia ERASO
MAULE-LEXTARRE
Elkarrizketa
ALLANDE SOCARROS
KULTURGILEA, EUSKALTZALEA ETA MILITANTE ABERTZALEA

«Zuberoan euskararen praktika galtzen bada pastorala galduko da»

Gaurko egunez antzeztu behar zen «Abdelkader» pastorala Pettarreko lau herrietako biztanleek emanik, baina, pandemia dela eta, 2021era arte gibelatu dute. Herri antzerki mota horri buruz, XX. mende hasierako Zuberoari buruz eta euskararen egungo egoeraren inguruan mintzatu gara idazle, kazetari, itzultzaile, militante abertzale eta hautetsi den Allande Socarrosekin.

Zuberoako euskara elkarte nagusi den Sü Aziak, zubereraren ezagutza eta hedapena bultzatzearekin batera, herrialdeko euskal kultura sustatzen du xede, eta, bide horretan, liburuak argitaratzen ditu. Elkarteko kide da Allande Socarros eta kaleratu duten azken argitalpenari buruz mintzatu da GARArekin: ”Pastoralen gerla: Urdiñarbe 1909-1912”. Liburuan, herri antzerki zaharraren inguruan aritzeaz gain, Urdiñarbe “gerla” horretara eraman zuen inguru sozial eta politikoa ere azaleratzen da. Obraren bigarren partean Euskaltzaindiko ohorezko kide eta pastoral idazlea izan zen Junes Casenave-Harigileren argitaragabeko lan batzuk bildu dituzte.

«Pastoralen gerla: Urdiñarbe 1909-1912» liburuan gatazkaren oinarria izan zen gizarte egoera agertarazten duzue.

Gorrien eta zurien artean izan zen borroka da. Gorriak, ez ziren hain gorriak ere, baina antiklerikalak ziren, erlijioak gizartean ezarria zuen menpekotasunaren aurkakoak; zuriak menpekotasun horren aldekoak ziren. Gatazka hori piztu zen, lau urte aitzin Frantzian onartu egin zutelako Estatua eta Eliza bereizteko legea, eta horrek bazterrak sutan ezarri zituen.

1896tik auzapeza zen Lazare Bedaxagar [Jean-Mixel Bedaxagar kantari ezagunaren birraitona] eta gorrien alde egin zuen, nahiz eta ez zen antiklerikala, baina bai langileen aldekoa, erlijio katolikoak gizartea menpeko ezartzeko zuen nahiaren kontrakoa. 1906an Urdiñarbera etorri zen Auguste de Mendite, apez aski oldarkor bat, eta “Eskualduna” astekarian idazten zituen kronikek giroa sumindu egin zuten. “Pastoralen gerla” deitu dugun horren ardatza da hori, zeren eta 1909an Urdiñarben izan ziren hiru pastoral. Lehena apirilean egin zuten “Roland” izan zen, eta, prestatzen ari zirelarik, antza, batzuk sumindu egin ziren, eta erabaki zuten beste pastoral bat egitea, hiruzpalau hilabeteko tartearekin. Zuriek, orduan, “Abraham” paratu zuten, maiatzean. Eta bigarren emanaldia egin zenerako, emazteek bakarrik beste pastoral bat egin zuten: “Sainte Helene”. Horrela, 1909ko ekainaren 6an bi pastoral egon ziren Urdiñarben, gizon zuriena eta emakume gorriena.

Baziren, beraz, emakumeen eta gizonezkoen pastoralak.

Pastorala ez zen mistoa, bazen gizonezkoen pastorala, eta gutiago egiten zena, emakumeena. Gaur egun den mistotasun hori berantago hasi zen, II. Mundu Gerratik landa. Arizale askoz gutiago ziren; 30 ziren gehienez.

Horrelako gauzetan ikusten da pastoralen inguruan gauza anitz aldatu direla.

Bai, aldatu ez direnak dira funtsezko arauak; oso guti dira. Bi talde behar dira, bata bestearen arerio direnak, talde horiei erraten zaie, urdinak eta gorriak, edo giristinoak eta turkoak; urdina zeruaren kolorea da, eta gorria infernuarena. Aldiz, aurten covid-19agatik atzeratu den “Abdelkader” pastoralean ezin izanen da erran giristinoak urdinak direnik, zeren eta sujeta, pertsonaia nagusia, musulmana da. Erdi Aro aurretik egiten zen sailkapenari bueltatu beharko da, gorriak eta urdinak, onak eta gaiztoak, zeren eta pastorala aspaldiko kontua da, Erdi Arokoa baino askoz aurrekoagoa; tragedia greziarrarekin ahaidetasuna badu. Baina datorren urteko pastoralean, ez dira giristinoak eta turkoak izango.

Zeintzuk dira funtsezko arau horiek? Zertan aldatu da?

Behar da lehen perediku bat, jelkaldiak, hogei inguru, eta azken peredikua. Ontsalaz behar luke pertsonaia nagusiak hil, zeren horrek agerrarazten du tragedia bat dela. Eta ezaugarri inportantea da ere euskaraz izatea.

Gero gauza anitz aldatu dira, mistoak dira, aberastu egin dira edukian, bada taula jokoa, dantza gehiago sartu da… Garaikidetu egin da, eta horrek salbatzen du. Normala da aldatzea funtsezko arauak gutxi gorabehera errespetatzen badira.

Zuberoatik kanpo pastoralak egiten hasi dira. Baiona inguruan, adibidez, «Katalina de Erauso», «Gerezien denbora» eta «Andere Serora» izan dira azken urteotan.

Bai, ni ez naiz hain aldekoa. Ez da nahi dudala gorde zuberotarrendako, baizik eta aski artifiziala delako. Zuberoan zergatik iraun du pastoralak? Tradizioan garatu baita eta transmisioan oinarritu. Hor transmisiorik gabeko zerbait da, gainera, zuberotar anitz badira arizaleetan. Nik transmisio hori nabarmen ikusten dut, eta ez dut uste luzaz iraungo duenik.

Gero Zuberoan ere luzaz iraungo duenik ere, kontuz! Hor badago, eragile nagusi bat, funtsezkoa dena, galtzen baldin bada pastoralak ez duena irauteko ziorik, eta hori euskara da. Euskararen praktika galtzen bada pastorala galduko da, eta Zuberoan galtzen ari da, hori argi eta garbi erran behar da. Ez da batzuek uste duten bezain sendoa.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Zuberoan?

Zail, oso zail. Hor inkestek gezurrak esaten dituzte, ez da posible, ez da jada Zuberoan herritarren %70ek euskara dakitela; jakitea, beharbada, bai, baina praktikatzen dutela behintzat ez. 14.000 zuberotarretatik euskara egunero bizi direnak 3.000 badira anitz da, anitz! Egoera larria da, Euskararen Erakunde Publikoak nahi duena erraten du, baina egoera larria da.

Errealitate horretaz ohartzen gara, edozein herritara joanik, euskara guti entzunen duzu, eta belaunaldi gazteetan oraindik gutiago. Egia da ere, ikastoletan, hezkuntza elebidunean, badela ikasle kopuru bat, urtetik urtera handitzen dena gainera, baina horrek ez dio galerari aurre egiteko nahikoa ematen.

Kostaldeko pastoraletan ikusi da oraindik Zuberoan ez dena ikusi, hau da, errejenta edo zuzendaria emakumea izatea.

Hori ondo dago, eta ez dut uste Zuberoan kasik inork duenik horretan arazorik. Gertatzen dena da gaur egun ez direla lehiatzen, oraindik. Izan ziren bi; “Ederlezi” pastoral alternatiboko errejenta Nicole Lougarot izan zen, eta, aurretik, “Jesüs” pastoralean, San Frantses kolegioko gazteek eman eta Aita Junes Cazenavek idatzi zuena, errejenta Sophie Larralde izan zen.

«Eskualduna» kazetako artikuluak eman dituzue liburuan. Artikuluon bitartez, garaiko gizartea ezagutzeaz gain, euskara eta ortografia nolakoak ziren ere ikus daiteke.

Bai, nahiz eta erran behar den kazetako bultzatzaileak eta jarduleak zuriak zirela, erlijioaren eta kontserbatismoaren aldekoak, baina bazuten hori, euskararen aldekoak ziren, atxikimendu hori argi ikusten da. Aldiz, gorri anitz euskararen kontrakoak ziren, baina ez Bedaxagar.

Liburuko berezitasun bat da kronikak bi orrialdetan ematen ditugula, ezkerreko orrian jatorrizkoak agertzen dira eskaneatuta, orduko ortografian, eta, eskuinean, guk geuk eman ditugu egungo idazkeran. Horrek aukera ematen du ikusteko zer-nolako aldeak izan diren euskara idazteko moldean. Gero, euskara polita da, aberatsa baina herrikoia; gaur egun ere atzematen diren esamolde batzuk ere badira, eta hori aberasgarria da. Nahi izan dugu lehen idazten zen bezala eta egun idazten den bezala agerian eman.

Junes Cazenave-Harigileren lan argitaratu gabeak ere ezarri dituzue liburuan.

Oso euskaltzale sutsua izan zen. 2018ko irailean hil zen eta nahi genuen baitezpada bere lan argitaratu gabeak agertu. Bere lan anitz argitaratu dira, pastoraletako testuak demagun, baina gehienak ez dira atera oraindik. Sail berri bati hasiera eman nahi izan diogu Aita Junes Cazenave-Harigile gogoan, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu hurrengo argitaraldietan.

Liburuaren bigarren partean, bere bospasei testu badira. Bada testu bat, bereziki garrantzitsua dena eta pastoralaz bere jakitatea erakusten duena. Ematen dituen datuak dira ustez nondik datorren pastorala, zein diren arauak, zein bilakaera ikusten dion… Jean-Louis Davantek gauza bertsua egin du, baina frantsesez, Elkar argitaletxearekin. Liburuko beste testuak, sineste zaharrak dira.

Beste obra anitz gelditzen dira oraindik argitaratzeko?

Anitz daude, etengabe idazten zuen. Lanetatik erdia baino gehiago oraindik argitaratzeko badirela erranen nuke. Horren erronka da euskarazko irakurleak izan daitezen, eta haz daitezen. Eta hor bada arazo bat, oro har Euskal Herrian, baina baita Zuberoan ere: irakurtzeko ohitura gutxi da.

Aurretik irakurtzen zen gehiago, baina gero izan dira euskararen aurkako eraso horiek, eta transmisioaren etetea parte handi batean. Zuberotarrek euskara gehien irakurtzen dugu, hain zuzen ere, pastoraletan. Pastorala ikusten den momentuan berean, testua irakurtzeko.

Zein da euskara batuaren eta zubereraren artean Zuberoan bizi den harremana?

Zuberotar gutxik dakite batua, edo gutxik egiten dute indarra ulertzeko edo egokitzeko. Baina, bestalde, erran genezake Hegoaldetik, Nafarroa Beheretik edo Lapurditik etortzen direnetatik, zenbatek egiten dute indarra zuberera emateko? Dagoeneko pozik egongo nintzateke zuberera salbatuko baldin balitz, hortik bada aukera harremanek beharra sortzeko, euskara batua ere erabiltzeko. “Ere” esaten dut, zeren eta nik ez dut sekula zuberera salduko batuaren beharrean, hori argi egon dadila.

Zein ikuspegi dago Zuberoan euskara batuari buruz?

Euskalkiak eta batua ez dira bata bestearen etsai, baizik osagarri eta aberasgarri. Leku askotan, hasieratik batua ikasten dute, beste aukerarik ez dago, bertako euskalkia galduta badago. Batua ikasten da, eta hori euskara da.