NAIZ

Kazetari Nobel saridunak: «Gure eginkizuna argia da, errealitatea eta fikzioa bereiztea»

Maria Ressa eta Dmitri Muratov kazetariek jaso dute ostiral honetan Bakearen Nobel saria. «XXI. mendeko kazetaritza berreraikitzeko» beharra aldarrikatu dute Oslon egindako ekitaldian.

Maria Ressa eta Dmitri Muratov, Bakearen Nobel saridunak. (Odd ANDERSEN/AFP)
Maria Ressa eta Dmitri Muratov, Bakearen Nobel saridunak. (Odd ANDERSEN/AFP)

Maria Ressa filipinarrak eta Dmitri Muratov errusiarrak, kazetariak biak ala biak, adierazpen-askatasunaren alde mintzatu dira ostiral honetan Oslon Bakearen Nobel saria jaso dutenean. «Kazetariak gara, gure eginkizuna argia da: errealitatea eta fikzioa bereiztea», aldarrikatu dute.

Norvegiako Nobel Batzordeak «adierazpen-askatasuna defendatzeko egindako ahaleginagatik» saritu ditu bi kazetariak, adierazpen-askatasuna  «demokraziarako eta bake iraunkorrerako baldintza» dela iritzita. Sarituek teknologia berriek planteatzen duten erronka, korporazio handien eta gobernu autoritarioen boterea aipatu dituzte Nobelak jasotzerakoan.

«Gertaerekin bizi eta hilko diren informazio-ekosistemak behar ditugu. Gizarte-lehentasunak aldatuz egingo dugu, XXI. mendeko kazetaritza berreraikitzeko, gorrotoaz eta gezurrez baliatzen den ekonomia-kontrola arautu eta debekatu bitartean», esan du Ressak bere hitzaldian.

Teknologia berriak «besarkatzeko» beharraz hitz egin du Ressak, eta Muratovek bat egin du filipinarraren ideiarekin.

«Kazetariak gara, gure egitekoa argia da: errealitatea eta fikzioa bereiztea. Profesionalen belaunaldi berriak badaki nola lan egin datuekin», esan du Novaya Gazeta egunkari independentearen fundatzaile eta zuzendariak.

Rappler ingurune digitala zuzentzen duen kazetari filipinarrak «boterearen eta diruaren joko morala» kritikatu du, Estatu Batuetako korporazio handiak kontrolatzen dituzten sare sozialek bultzatua, «ondorio tamalgarriak» baititu herrialde askorentzat, eta «mehatxua» da, adibidez, hauteskundeen aurka.

Hala, salatu du Ferdinand "Bongbong" Marcos, hildako diktadorearen semea, Filipinetako hauteskunde-lasterketaren buru dela, «gizarte-sareetako desinformazio-sare zabalari» esker.

«Bi urte baino gutxiagoan, Filipinetako Gobernuak hamar atxilotze-agindu eman zituen nire aurka; hamar aldiz fidantza ordaindu behar izan dut lana egiteko. Joan den urtean, ni eta lankide ohi bat difamazioagatik zigortu gintuzten zortzi urte lehenago argitaratutako istorio batengatik», azaldu du.

Ressa, Norvegiara bidaiatu ahal izan du duela astebete Apelazioen Gorteak baimena eman ziolako. Hainbat prozesu judizialetan murgilduta dago bere kazetaritza-ikerketengatik, eta ehun urtetik gorako kartzela-zigorra jasotzeko arriskuan dago.

Errusian kazetaritzak «bide iluna» zeharkatzen du, Muratov-en aburuz. Ehun bat kazetari, komunikabide eta ekintzaile «atzerriko agente» gisa izendatu dituztela salatu du eta, ondorioz, batzuek herrialdea utzi behar izan dutela.

"Novaya Gazeta"ko zuzendariak esan du tortura «ohiko jarduera» dela Errusian, eta, sarritan, kasu kriminalek «salaketa faltsuak eta arrazoi politikoak» izaten dituztela oinarri, hala nola Alexéi Navalnyren kasuan.

Muratovek Europako ekialdeko «joko geopolitikoak» salatu ditu, eta ohartarazi jada Errusia eta Ukrainaren arteko gerra «ez dela ezinezkoa».

Adierazpen-askatasuna kolokan

Berit Reiss-Andersen Nobel Batzordeko lehendakariak adierazi du, halaber, demokrazia «presiopean» dagoela eta «baztertzen» ari dela, adierazpen-askatasuna bezala, eta gorroto-diskurtsoa, albiste faltsuak eta polarizazioa mundu mailako fenomenoa direla.

«Aurtengo sariarekin, adierazpen- eta prentsa-askatasunaren garrantzia nabarmendu nahi dugu, gure gizarteetako bilakaera suntsitzaileari aurre egiteko», esan du.