Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Joseba Ezkurdia
Aspeko aurrelaria

«Haserre puntu bat badut, partidetatik errazegi irten naiz»

Alde handiarekin finaleko onena izanda Martijarekin 2020ko txapela irabazi zuenetik, binaka nahi beste gozatu ezinik dabil Arbizuko aurrelaria. Iaz bezala, lehen hiru jardunaldietan ezin izan du garaipenik eskuratu aurten debutaria den Xabi Tolosarekin, eta bere buruarekin kritiko topatu dugu.

Joseba Ezkurdia, pilotak probatzen aukeraketa batean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Joseba Ezkurdia, pilotak probatzen aukeraketa batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Txapeldunek berezkoa dute irabazteko sena eta hiru porrot segidan gehiegi dira Joseba Ezkurdia bezalako pilotari batentzat. Baina aitzakiak bilatzen hasi aurretik, nahiago du barrura begiratu eta egindakoa aztertu. Lehen hiru jardunaldietan sentsazioak ez omen dira izan «horren txarrak», baina lehiakor izateko diagnostikoa nahiko argi dauka, huts tontoak pilatzeari utzi behar dio eta, batez ere, partidak hasieratik bukaerara lehiatu.

Hiru jardunaldi jokatu dituzue eta punturik ez. Nola zaudete?

Ba nik uste hoberenean ez gaudela. Egia esan, penarekin, eta amorru puntu batekin ere bai. Azkenean hiru partida jokatu ditugu eta ez dugu lortu nahi bezala aritzerik eta haserre horregatik. Orain laugarren partida dugu, oso garrantzitsua, irabazi beharrekoa eta ea partida on bat egiten dugun.

Kanpotik ikusita, ematen du ez zaretela gai izan biok batera partida on bat egiteko; bata ondo aritu denean bestea gaizki eta alderantziz?

Bai, hala da. Oso ongi konpontzen gara eta erlazioa, bai kantxa barruan bai kanpoan, oso ona izaten ari da. Baina egia da bi partidetan nahi baino azkarrago irten naizela partidetatik, bi edo hiru huts eginda irten egin naizela, eta horretan neure buruarekin haserre nago. Baina burua hotz izan beharra dago, lanean segi; entrenamenduetan gustura gabiltza eta partida konpleto bat egitea lortu beharra daukagu. Eta nik uste partida on bat egin eta 22ra heltzeak konfiantza emango digula. Ea  ahalik eta azkarren lortzen dugun.

Iaz antzeko egoera batean ekin zenion txapelketari –Ladis Galarzarekin laugarren jardunaldian lortu zuen lehen garaipena, justu Peñaren ordez aritu zen Zubizarreta eta Albisuren aurka–, eta lehiakor izatea falta zenutela esan zenuen hasiera horretan. Aurten antzeko zerbait dago?

Bai, antzekoa esango nuke. Egia esan, neure buruarekin haserre nago, hirutik bi partidatan atera egin naizelako partidatik, ez naizelako konstantea izan eta esandakoa, puntua ahalik eta azkarren lortu behar dugu, partida irabazteak ematen duen konfiantza puntu hori lortzeko. Irabazi edo galdu, lehiakorrak izan beharra daukagu bai ala bai. Gure aldetik partida serioa jokatu, intentsitate altuan, ahalik eta huts gutxien egiten saiatu, txapelketan hori ezinbestekoa da eta ea lortzen dugun.

Bestela nola zaude, azkenaldian nahi baino gorabehera gehiagorekin?

Bueno, orain dela hiru aste oso ongi nengoen. Lau eta Erdikoa orain hiru aste edo hilabete bukatu zen eta oso ondo nengoen. Orain,  egia esan, hiru partida jarraian galduta, penarekin, sentsazio onak berreskuratu nahian. Egia da txar-txarrak ez ditudala, ez naizela gaizki ikusten, baina igual ari naiz normalean  egiten ez ditudan huts tonto horiek egiten eta horiek zuzendu beharra daukat. Baina  bestela animoz eta ondo nago, sentsazioz gaizki ez nabil, eta Xabirekin txapelketa on bat egiteko ilusioz.

Egia da ere bi atzelari jotzaileenen aurka aritu zaretela hirutik bitan. Orain Albisu tokatzen da  eta Xabirentzat partida zailenak horiek dira.

Bai, atzelaririk indartsuenen aurka ari gara oraintxe. Pena da Altuna eta Martijaren aurka Xabik partida oso ona egin zuela eta nik huts egin nuela; huts oso tontoak egin nituen eta haserre nago horrekin.
Bestela, nik uste Xabi txapelketa oso ona egiten ari dela, oso ondo ari zaio eusten eta ea nik gehiago laguntzen diodan. Bergaran egia da Beñaten pilotakadak oso azkar zetozela, ezkerparetarekin, oker jota eta Xabi igual deseroso aritu zela, baina esandakoa, burua hotz izan behar dugu, hobetzen eta ahalik eta lehiakorren izaten saiatu eta aurre egiten bikote zail horiei.

Zaila da aurkari hauekin partidak aurretik aldatzea...

Bai, eta, lehen aipatu dugun bezala, jotzaile handien aurka jokatu dugu eta bostetik eta bost eta erditik zaila da erritmoa aldatu eta min egitea; biak oso gainean izaten dituzu, biek ere ondo defendatzen dute eta horrela bikote bati aurre egitea zaila da. Baina guk gureari begiratu behar diogu eta nik Xabiri ahalik eta konfiantzarik gehien transmititzen saiatu behar dut; bera ari zait niri ematen, eta ea lortzen dugun bikote ona egitea.

Iazko esperientzia ere baduzu, gaizki hasi eta gero gora egin zenuten nabarmen eta finalerdietan sartu zineten.

Bai, hau luzea da, egia esan; behar dugu konfiantza puntu bat gehiago izan lehiakorrak garela ikusteko, baina hau oso luzea da. Astez aste lanean jarraitu beharra dago, helburua bizirik eustea da, lehiakorrak izatea eta pazientziarekin segi. Baina, egia esan, astelehenekoa guretzat partida garrantzitsua da, irabaziz gero beraiekin berdinduta eta galduz gero bi puntura geratuko ginateke eta ea lortzen dugun irabaztea.

Peña eta Albisuk ere ez dirudite euren unerik onenean, nahiz eta iazko finalistak izan.

Baina puntu bat dute eta lehen partida kristorena egin zuten. Ez dut uste gaizki jokatzen ari direnik. Zorte puntu bat falta izan zaie agian uneren batean, baina bikote oso-oso arriskutsua dira, asko exijitzen dute, Jon Ander Albisu hiru atzelari  onenen arteko bat da eta Peñak erasoan min handia egiten du. Guk gurea egin beharko dugu, ondo defendatu, opari gutxi egin, erritmo ahalik eta altuenean jokatzen saiatu eta ea min egiten diegun.