Maddi Txintxurreta

Matxismoaren biktimen ahots propioak: isiltasunak ez zaitu babestuko

Indarkeria matxista pairatu duten hamar emakumeren bizipenetan oinarritutako kontakizun fikzionatuak jaso ditu Nuria Prieto idazle eta ilustratzaileak ‘Calladeta no ets més maca’ izeneko liburuan. Euskaldunak dira horietako hiru: Aitziber, Helena eta Andrea.

Nuria Prieto idazle eta ilustratzaileak ‘Calladeta no ets més maca’ izeneko liburua aurkeztu du.
Nuria Prieto idazle eta ilustratzaileak ‘Calladeta no ets més maca’ izeneko liburua aurkeztu du.

Lehenengo, eskaintza bat: «Isilik egon nahi ez duten emakume guztiei». Ondoren, Audre Lorde idazle feministaren esan bat, ohartarazpen edo aholku modura: «Zure isiltasunak ez zaitu babestuko». Gibelean, eskerrak: Noemiri, Mariari, Rociori, Aitziberri, Judithi, Soniari, Alexiari, Helenari, Andreari eta Teresari. «Zuen ahotsen edertasunarengatik». Eta tartean, aipatutako izenen atzean dauden hamar emakumeen kontakizunak, indarkeria matxista sufritutakoak guztiak. Nuria Prietok jaso ditu testuz eta irudiz kontakizun horiek, Meraki argitaletxearen eskutik azaroan kaleratu duen ‘Calladeta no ets més maca’ lan fikzionatuan, katalanez eta gazteleraz. Gero eta ikuspegi zabalagoa eta askotarikoagoa eman nahi duten kontakizunak bilduko dituen liburu-sorta bateko lehena da Prietorena.

Liburu berezia da: protagonistaren errealitatea ikuspegi paraleloen edo metaforen bidez azaltzen du Prietok. Fikziozko kontakizunaren ondoren, historia errealaren aipamen labur bat sartzen du, protagonistaren biografia bat (batzuetan anonimoa) eta andrazkoek ematen dituzten aholkuak. «Maite zaituen norbaitek ez ditu zure ametsak suntsitzen. Lor ditzazun laguntzen zaitu», adibidez.

Aitziberrena da aholku hori. Liburuan agertzen diren hiru emakume euskaldunetatik bat da bera, basauriarra. Sexu indarkeria, fisikoa eta psikologikoa jasan zituen. Erasotzailea salatu zuen, baina Estatu espainiarretik ihes egin zuen, eta, hamar urteren ostean, egozten zitzaizkion lau delituak preskribatu egin dira eta ez du kondenarik bete.

Liburutegiko langileak jada atzeman dio Juliaren bikoteari baduela zerbait susmagarria. «Bi horiek, urrutitik, bikote polita ziruditen, baina gero...», esan dio lankideak. Zuzenbidea ikasten ari da Julia, buru-belarri liburutegian. Baina feminismoari buruzko liburuak hartzen hasi da, langileak arduraz begiratzen dion bitartean. Orduan konturatu da bere bikotekideak «indarkeria pasiboa» egiten duela bere kontra. Bortxatzen duela. Julia izena eman dio Nuria Prietok, baina Bilboko Helenarena da egiazko istorioa. Aholku bat ematen du Helenak liburuan: «Sexu indarkeria bikotekidearekin ere gerta daiteke. Adi egon».

Andrea donostiarrak 18 urterekin ezagutu zuen bere bikotekidea. 26 urte ditu orain, eta antsietate krisiak, depresioa eta abortu bat bizi izan ditu jada. Probokatzaileegi janzten zela esaten zion bikotekideak. Andrearen lagunak eta familia kritikatzen zituen, bere lana gutxietsi. «Ni, berarentzat, ez nintzen existitzen. Irainak, altzairuetan eta paretetan kolpeak, geroz eta ohikoagoak ziren», kontatu du. Katu bat adoptatu zuen, positiboa izango zelakoan. Baina erasotzaileak, Andreari bezala, animaliari ere tratu txarrak ematen zizkion. Katua hartu eta bikotekidearekin erosi zuen etxetik alde egin zuen donostiarrak.

Elipseak

Prietok idatzi eta ilustratutako liburuak ez ditu indarkeria matxistaren detailerik zehatzenak ematen. Elipse batean geratzen dira horiek guztiak, bortxaketak noiz, kolpeak non edo tratu txarrak nola azaldu ohi dutenak, esan gabe ere ikusten direnak. Elipsean geratzen den horri jarraitzen baitio ahots propioak, hamar emakumeon erabakiak indarkeriaren garren gaindi bizitzeko. Erakusteko, gainontzekoei, posible dela indarkeria, matxismoa, zauri fisiko eta psikologikoak, ankerkeria pairatuta ere, bizitzan aurrera egitea. Eta gero, sendatzeko asmoz, atzera begiratzeko adorea izatea. Zaurietan murgiltzekoa.

Hala dio liburuko protagonistetako batek: «Nik nahi dudana da hau neska gazteek irakurtzea. Kontziente izan daitezela zer arriskurekin egin dezaketen topo. Gizartean dagoen indarkeriaz».