NAIZ

Iragarritako azken lekualdatzeen ondotik, EPPK-ko presoen erdia Euskal Herrian egonen da

Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratu du zazpi preso Euskal Herrira ekartzeko aste honetan egin den iragarpena. Izan ere, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Lakuako Gobernuak iragarritako lekualdaketa horiek gauzatzen direnean, EPPK-ko presoen erdia Euskal Herriko espetxeetan egonen da.

Urteko azken ostirala, Arrasaten.
Urteko azken ostirala, Arrasaten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Balorazio baikorra egin du Foro Sozial Iraunkorrak. Aste honetan iragarritako zazpi lekualdatzeekin, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen erdia Euskal Herriko kartzeletan egonen direlako. Hala ere, fase honetan egiten ari diren lekualdatzeen erritmo motelean jarri dute arreta.

«Inplikatutako alde guztiek etapa hau aldi baterako dela ulertzen dute, eta beraz, lekualdatzeak ezin dira tantaz tantakoak izan, eta ezin da egon Madrilgo eztabaida politikoaren eta etengabeko krispazioaren mende», azpimarratu dute. «Irmoki ekin behar zaio gaiari, arrazoizko epe batean eta modu iraunkorrean».

Foro Sozial Iraunkorrak uste du «premiazkoa eta zentzuzkoa» dela aipatutako aldi baterako etapa hau gainditzea. «Horrek aukera emango luke gai honetan behar den konfiantza giroa finkatzeko».

«Preso guztiek Euskal Herriko espetxeetan zigorra betetzen duten behin betiko agertokirantz irmoki aurrera egiteak» aukera emanen luke, Foro Sozialaren arabera, presoen auzia baldintza hobeetan konpontzeko.

Bi eztabaida zabalik

Foroaren ikuspuntutik, une honetan funtsezko bi eztabaida daude irekita. Alde batetik, «presoei ezartzen zaien salbuespeneko legea gainditzea eta araudi arrunta aplikatzea beharrezkoa da. Horren ondorioz, irteteko baimen arruntak eskuratzeko, hirugarren graduan espetxean aurrera egiteko eta baldintzapeko askatasuna izateko eskubidea izango dute, horretarako eskubidea ematen duten banakako baldintzen arabera».

Bigarrenik, «bergizarteratze plan orokor bat definitu behar da, erakunde publikoek gidatua eta hainbat eragilerekin adostua, presoak barne. Plan horri esker, presoei euren banakako bergizarteratze ibilbidean lagunduko litzaieke, bai baldintzapeko askatasunerako bidean, bai ondoren gizarteratzeko eta laneratzeko bidean».

Erantsi dutenez, bergizarteratze ibilbide honek bermatu beharko du presoek emandako urratsek bide bat izanen dutela eta Espetxe Agintaritza, Lakua eta beste erakunde eskudunen aldetik lagunduak izanen direla, «baliabide eta politika koherenteak abian jarriz».

Afera honetan erantzukizuna duten eragile instituzional, politiko eta sozial guztiei dei egin die Foro Sozial Iraunkorrak, ekarpen handiagoa egin dezaten, «bizikidetza demokratikorako hain garrantzitsua den gai honek erabateko konponbiderako bidean aurrera egiteko».