Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Urteurrenen lasterketan abiatu dira euskal museoak

Aurten 20 eta 25 urte beteko dituzte, hurrenez hurren, Artium museoak eta Bilboko Guggenheimek. Egungo egoera ikusirik oraindik ospakizunetan indarrak xahutzeko garaia ez den arren, 2022rako prestaturiko erakusketen panoramak «alaiagoa» dirudi.

 Norman Fosterren auto bat. Guggenheimen egongo da ikusgai.
Norman Fosterren auto bat. Guggenheimen egongo da ikusgai. (GUGGENHEIM MUSEOA)

Hasi berri dugun 2022. urtea «pixkanaka normaltasunera bueltatzeko trantsizio urtea» izango dela aurreikusten dute Guggenheim Fundazioko partaideek, eta «litekeena da bisitarien kopurua 2021ekoaren eta pandemia aurreko garaikoaren erdibidekoa izatea».

Esaldia ez litzateke gu guztion esperantzaren isla –erabateko normaltasunera lehenbailehen itzultzea amesten baitugu–, baina, antza, zuhurtziaz eta tentu handiz begiztatzen dute etorkizun hurbila Euskal Herriko pinakotekako arduradunek, nahiz eta aurten urtebetetze biribil batekin topo egin: urriaren 18an 25 urte beteko ditu Bilboko Guggenheimek 1997an ateak ireki zituenetik. Frank Gheryren eraikin metaliko ikonikoa polemika giroan sortu zen, baina denboraren poderioz hiriaren iruditeriarekin bat egin duela dirudi. Turismoarentzat amu, gainera. 25 urte beteko ditu aurten, beraz, baina halere 2022ko aurrekontua 2019. urtekoaren parekoa izango da, 30.208.828 eurokoa zehazki. Pandemiaren mendeko bi urte hauek ez dira errazak izan, bisitarien jaitsierak kalte handia egin baitio museoari. 

Beste urteurren gailen batzuetan egin izan duen bezala, urte osoan zehar sakabanatuko ditu Guggenheimek kolektibo, interes talde, adin eta jatorri geografiko guztietako pertsonei zuzendutako hainbat jarduera eta ekitaldi. Erakusketei dagokienez, otsailean hasiko den denboraldian, Parisko Musée d’Art Moderne (MAM) museoarekin batera, fauvismoko, kubismoko, Parisko Eskolako eta surrealismoko zenbait maisulanen hautaketa bat egongo da ikusgai (otsailaren 11tik maiatzaren 22ra), baita Jean Dubuffet artistaren lanen bilduma bat (otsailaren 25etik abuztuaren 21era) ere.

Apirilean mota guztietako ikusleak erakarri nahi dituen erakusketaren txanda izango da, “Motion. Autos, Art, Architecture” (apirilaren 8tik irailaren 18ra) erakustaldiaren txanda izango baita. Norman Foster arkitekto britainiarrak taxututako erakusketa ikusgarriak aztergai izango du joan den mendeko artearen historian eta diseinuaren arloan automobilak izandako garrantzia. Bitxia da, baina hain justu garai horretan Bilboko Arte Ederretako Museoaren eraldaketako obretan ibiliko dira bete-betean, uda parterako bukatu nahi baitute. Eta, hain justu, Norman Foster arkitektoa da, Luis Mari Uriarterekin batera, museo honen berrikuntza proiektuaren sinatzailea.

Guggenheimi dagokionez, izango dira beste erakusketa batzuk urtean zehar, baina garrantzitsuena uda ostean iritsiko da, “Sekzioak / Intersekzioak” (irailaren 8tik 2023ko otsailaren 23ra) izenpean. “Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte” izeneko erakusketa handiak museo osoa hartuko du.

Oteiza, Chillida eta Sistiaga

Gasteizko Artium museoak 2002ko apirilaren 26an ireki zituen ateak. Bi hamarkada hauetan Euskal Herriko arte garaikidearen erakusleihoa izatez aparte, funts propioa osatzeko xedeari heldu dio eta programa parekide bat garatzeko zeharkako konpromisori eusten dio. Lan isila, baina beharrezkoa aldi berean.

Lehengo seihilekorako prestatutako egitaraua “Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta  praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979” (urtarrilaren 21etik ekainaren 12ra) proposamenarekin zabalduko da. Jorge Oteiza Fundazioarekin izandako lankidetzaren emaitza da erakusketa, proiektua bera Oteizaren “Quousque Tandem…!” saiakeran (1963) argitaratutako asmo batetik abiatuta—«Guk ezin dugu ikerketaz hitz egin, ez baitugu ez elkartzeko tokirik, ezta pentsatzera biltzeko leku sinple bat ere»—, erakusketa hau Euskal Herriko jendearen «hazkunde soziopolitiko, kultural eta intelektuala ahalbidetuko duten topaguneak sortzeko egindako deia» omen da. Hezkuntzari lotutako proiektu batzuk berreskuratu eta bildu dituzte hemen, taldekoak zein bakarkakoak, 1957tik 1979ra bitartean garatuak.

Dena den, hau ez da Altzuzako museoak bultzatutako lehen mailako erakusketa bakarra, iaz museok hasitako bi kolaborazioen lorratza luzatuko delako hurrengo hilabeteotan. Eta nola, gainera. Alde batetik, Oteiza Museoak “Jesus Jordanen” (1933) eskultura berreskuratu du, Orioko eskultorearen ibilbide hasierako lan bitxi bat; bestalde, eta honek berebiziko garrantzia du, martxora arte Valentziako Bancajaren egoitzan Oteizaren beraren eta Eduardo Chillidaren lanak elkartzen dituen erakusketa –“Jorge Oteiza y Eduardo Chillida. Diálogo en los años 50 y 60” izenburua du– ikusgai dago.

Iazko azaroan zabaldu zen eta pizten duen lehen galdera funtsezkoa da: zergatik Valentzian eta ez Euskal Herrian? Ehun bat eskultura biltzen ditu, «mugarri bat jartzen du Europako eskulturagintzaren bi egile handiren ibilbidean» –erakusketaren aurkezpenean aipatu zen legez– eta funtsak Chillida Lekutik eta Oteiza Museotik atera dira.

Antza, eta Gipuzkoako egunkari batek aurreratu duenez, udaberritik irailera bitartean Donostiako San Telmora etorriko da. Horrela bada, aurten euskal egile handien urtea bihur daiteke: hain zuzen ere, Kutxa Kubo fundazioak urtarrilaren 28an Jose Antonio Sistiaga margolariaren atzera begirakoa irekiko baitu. Ziburun bizi den artista handi hau Gaur talde artistiko berritzailetik bizirik gelditzen den bakarra da. Maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik.

Emakume izenarekin

Aurten bi emakume aparten lanak ere gerturatuko zaizkigu: bata Emma Kunz da (Brittnau, Suitza, 1892-1963), artista, ikertzaile eta sendagilea; eta bestea, Ruth Orkin argazkilari estatubatuarra. “Emma Kunzen Unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin solasean” (urtarrilaren 28tik ekainaren 19ra) erakusketaren bidez Tabakalerak Estatuan lehen aldiz erakutsiko du artista suitzarraren lana.

Pertsonaia bitxia eta ertzez beterikoa zen Kunz, medikuntza, natura eta ikuspegi magikoa eta animista dena elkarloturik ikusten zituelako. Ez zituen inoiz bere marrazkiak erakutsi bizirik zegoen bitartean, baina etorkizuneko belaunaldiei zuzenduta zeudela iragarri zuen («Nire obra XX. menderako egina dago», esan zuen). Hil eta hamarkada batera, bere obra berriro azaleratu eta artearen munduaren aurrean aurkeztu zen lehen aldiz.

Eta uda partean Kutxa Fundazioak beste emakume baten lana gerturatuko du Donostiara: Ruth Orkin (1921-1985). “Anthology” (uztailaren 8tik azaroaren 8ra) izeneko laginak 40-50eko hamarkadetatik aurrera fotokazetaritza landu zuen emakume aitzindari honen begirada gerturatuko digu. Bere lanen artean, “Don’t Be Affraid to Travel Alone” liburu ospetsua dago, Bigarren Mundu Gerraren ostean bakarrik bidaiatu zuten emakumeen ingurukoa.

Egiptoko museo handiaren irekiera astroek markatua izango da

Pandemiaren mendeko garai hauetan, nazioarteko museo handien proposamen eta egitarauak gerturatu ahal izango diren bisitari potentzialen kopurura egokitzen dira. Beraz, aurten ere tentuz ibiliko dira, eta erakusketak tamaina horretakoak izango direla aurreikusten da.

Dena den, izango dira hitzordu ikusgarri batzuk, esaterako Egiptoko Museo Handiaren irekiera. Gizako piramideetatik bi kilometrora eraikitako museo ikusgarri hau aurten zabaltzeko asmoa dute, bi data esanguratsurekin bat egiten duelako: aurten Rosetta harria deszifratu zeneko 200. urteurrena da eta Tutankamonen hobiaren aurkikuntzaren mendeurrena. Museoa zibilizazio bakar bati eskainitako munduko zentro arkeologikorik handiena da.

Londresen ikusgai

Londreseko The National Galleryn, ‘Raphael’ (apiriletik aurrera) eta Lucian Freud-i buruzko atzera begirakorik handiena (urritik aurrera) egongo dira ikusgai. Tate Modernen, uda partean, Lubaina Himid artista eta aktibista, eta Australiako aborigenen artea, aztergai.

Parisen

Antoni Gaudi arkitekto katalana izango da protagonista aurtengo Musée d’Orsayko erakusketa nagusian (apiriletik uztailera). George Pompidou zentroak, otsailean, Charles Ray bizirik dagoen estatubatuar eskultore ospetsuenaren monografia zabalduko du.

Eta Bartzelonan

Rene Magritten artelanak batzen dituen erakusketa monografiko handia prestatu du Bartzelonako CaixaForumek (otsailetik ekainera). Joan Miro Fundazioak, bestalde, urrian Paul Kleeren artelanak erakutsiko ditu. Naturaren inguruan eginiko lanak dira.