Arnaitz Gorriti

Covid-19a atzean lagata, prest dago Lointek Gernika Bizkaia Europan aurrera egiteko

Ezustean, abenduaren 15ean Malosten 83-59 irabazi zion Çukurova BK Mersin talde turkiarrari. Koronabirusaren erasan fisikoa ez da handia izan, baina ikusteko dago bizkaitarren nola erantzungo duten astearte arratsaldean, azken egunetan pare bat entrenamendu bakarrik egin eta gero.

Uztaipean nagusitzea izango da gernikarren buruhauste handienetako bat.
Uztaipean nagusitzea izango da gernikarren buruhauste handienetako bat. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Urruti dago gero joan den abenduaren 15a! Aspaldi jokatu behar zuketen Lointek Gernika Bizkaiak eta Turkiako Çukurovak BK Mersinek Emakumeen Eurocupeko final hamaseirenetako kanporaketaren itzulerako dema, baina 2021. urtearen hasieran gertatu zitzaien moduan, Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek covid-19 ditxosozkoaren bisita jasan zuten abenduaren bigarren hamabostaldi horretan. Kolpetik, bost kasu positibo azaldu ziren eta horrek talde turkiarraren aurkako itzulerako partida urtarrilaren 4ra arte atzeratzea suposatu du.

Zorionez, amaitu berri den urteko urtarrilean ez bezala, covid-19aren erasan fisikoa askoz murritzagoa izan da oraingoan. «Sintometan antzeman da honako hau askoz ere arinagoa izan dela hura baino, baita errekuperazioari dagokionez ere», adierazi du Itziar Ariztimuñok partida bezperan eginiko adierazpenetan. «Taldea fisikoki ongi dago eta prest gaude Turkian behar bezala jokatzeko».

Mario Lopezek, hala ere, «inkognita» argitu gabe ikusten du oraindik. «Jokalariak jokatzeko gogotsu daude eta ongi, itxura baten, baina egun pare bat baino ez dugu entrenatu azken aldian, Beraz, ikusi egin behar benetan nola gauden», onartu du Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak.

Gogan izan behar da Malosten, ezustean, 83-59 gailendu zirela Mario Lopezen jokalariak, Melisa Brcaninovic hegal-pibot bosniarrak 34 puntu eta 8 errebote erdietsi ostean. Astearte arratsaldean 16.00etatik aurrera jazoko dena ikusteko dago, baina egiari zor 24 puntuko aldea handia da euskal taldearen alde; hala, nahiz eta Çukurovak jokalarai apartak dituen, gernikarren erantzuna izango da gakoa kanporaketan zeinek egin dezakeen aurrera igartzeko orduan.

«Gogoan izan behar dugu Galatasarayren aurka duela pare bat urte jokatu genuen kanporaketa. Kapaz izan behar dugu aldeari eusteko, eta ez utzi arin saskiratu dezaten eta aldea azkar murriztu diezaguten», gogorarazi du Ariztimuñok.

Gogoan izan behar da 2019ko urtarrilaren 3an Lointek Gernika Bizkaiak 84-69 irabazi ziola Malosten Galatasaray taldeari, artean Emakumeen Eurocupeko txapeldun zen taldeari, baina itzulerako neurketan 15 puntuko alde horri buelta eman ziola talde turkiarrak. Ez bakarrik 76-58 izan zelako azken emaitza, baizik eta hasi eta berehala berdindu zuelako talde turkiarrak bizkaitarren aldea.

«Ezin diogu partidari ekin markagailuari begira», esan du Mario Lopez entrenatzaileak. «Ezin diegu partzial handiak sartzen laga, ezta beren erritmora jokatzen utzi ere. Ezin diegu joan-etorriko partida bat egin dezaten utzi, segundu gutxitan saskira begiratzeko idearekin. Eta defentsa ona egiteaz gain, defentsako errebotea lotu behar dugu nolabait. Malosten 21 errebote hartu zizkiguten; jaurtiketan kale egiten badute, ezin diegu bigarren aurkerarik laga», azpimarratu du.

Cukurovak talde jokorik ez zuen erakutsi Gernikako neurketan, baina ordutik hona, entrenatzailea ere aldatu berri zuten, nahikoa denbora izan du berriz ere martxa hartzeko, eta ez da ahaztu behar Tiffany Hayes, Yvonne Turner, Shavonte Zellous edo Quanitra Hollingsworth lako jokalari apartak dituela.

Urruti dago, bai, Malosteko joaneko partida, baina orduan ere inortxok ere ez zuen uste bizkaitarrek irabazi zezaketenik eta 24 puntuko aldea lortu zuten. Aurrera eginez gero, Carolo Basket talde frantsesa egokituko litzaioke berriz ere talde bizkaitarrari, baina hortarako aurrenik Çukurova BK Mersin turkiarra laga behar da bide bazterrean.