NAIZ

Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Donostiako Udaleko Liburutegi Nagusia Txillardegi Udal Liburutegia izendatzeko aldarrikapena buru, hainbat hitzordu jarri dituzte urtarrilerako. Hilaren 14an beteko dira 10 urte Jose Luis Alvarez Enparantza, ‘Txillardegi’, zendu zenetik.

2021eko ekitaldian Txillardegiri egin zitzaion omenaldia.
2021eko ekitaldian Txillardegiri egin zitzaion omenaldia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Urtarrilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza, ‘Txillardegi’, hil zeneko 10. urteurrena izango da. Horren baitan, urtarrilaren 11n, 13an, 15ean eta 18an hainbat omenaldi ekimen antolatu dituzte «zor zaion aitortza publikoa aldarrikatuz eta izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jar diezaioten eskatuz».

Urtarrilaten 11n, 19:00etan, Donostiako San Telmo Museoan, ‘Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta gaurkotasuna’ hitzaldia antolatu du Telesforo Monzon Fundazioko Txillardegi Gogoeta Guneak (TMelab), Araitz Aizpuru eta Iñigo Urrutiaren eskutik.

Hilaren 13an, aldiz, ordu eta toki berean, ‘Kronika’ liburua aurkeztu dute eta bertan izanen dira Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Juan Luis Zabala eta Gorka Bereziartua. Susa argitaletxeak eta ‘Argia’ aldizkariak antolatu dute.

Hilaren 15ean, 12.00etan, bere horma-irudiaren aurrean jarri dute hitzordua, Antiguako Txillardegi plazan, non omenaldi berezi bat eginen zaion. «Lehenik eta behin, horma-irudi berritua inauguratuko dugu. Ondoren, euskal idazle baten esku hartzeaz gain, txilar landareak landatuko dira eta bertan izango dira txalapartariak, Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Janitz Enparantza txistularia eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzariak», jakinarazi dute antolatzaileek.

Eta urtarrilaren 18an, aldiz, 19.00etan eta San Telmo Museoan, Jakin fundazioak prestaturiko Txillardegiri buruzko bi liburu berri aurkeztuko dira: ‘Txillardegi: Euskalgintza’ eta ‘Txillardegi: intelektuala eta gizartea’, Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Igone Lamarainen eskutik.

Horrezaz gain, 2022ko udaberrian, Telesforo Monzon Fundazioaren egoitza den Bergarako Olaso Dorrean, Txillardegiri buruzko erakusketa zabalduko da eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak mintegi bereziaren antolaketa iragarri du. Azkenik, 2022an Korrika Donostian bukatuko denez, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak ekimen berezia egingo du aldarrikapen hori defendatzeko. 

«Gure esku dagoen guztia egin dugu Txillardegiren heriotzaren X. urteurrenean, gaur arte izenik izan ez duen Donostiako Udaleko Liburutegi Zentrala Txillardegi Udal Liburutegia bihurtzeko ahaleginean», berretsi dute, ekimenetan parte hartuko duten guztiei eskerrak emateaz gain.