Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Michel Houellebecqen «profeziek» bazterrak astindu dituzte jada

Hainbat hilabetez isilpean gordetako izenburua. 300.000 aleko tirada. Argitaratu aurretik norbaitek sareratu duen «altxorra». ‘Pop star’ bat legez elkarrizketei uko egiten dien idazlea... Ez dago zalantzarik, Michel Houellebecq itzuli da. Hilaren 7an eskuratu ahal izango da ‘anéantir’ (letra xehez).

2027ko Estatu frantseseko politika eta gizartea nola izango den imajinatu egin du Houellebecq-ek.
2027ko Estatu frantseseko politika eta gizartea nola izango den imajinatu egin du Houellebecq-ek. (Xabier LEOTY | AFP)

Maitatu edo gorrotatu, ez dago erdibiderik. Letra frantsesen enfant terrible-aren zortzigarren nobelak, momentuz, mota guztietako iritziak jaso ditu irakurri ahal izan duten kritiko literario gutxi eta hautatuen artean. Michel Houellebecq-en ‘anéantir’ (Flammerion argitaletxea; euskaraz, ‘suntsituta’ bezala itzuli daiteke) liluratu,  haserretu edo nekatu egin zaitzake, baina ez zaitu epel utziko.

Esaterako, Pierre Assouline kazetari eta idazleak, ‘anéantir’ luze egin zitzaiola aitortu ostean, bere blogean atzo sartutako kritikari titulu erabat argigarria jarri zion: «Houellebecqen berrienak suntsitu nau». Halere, inork ez du zalantzan jartzen hauxe izango dela urte hasierako literatura nobedadeen artean zalaparta gehien eragingo duen liburuetako bat. Batez ere 2027 urtean egingo den lehendakaritza-kanpainara ‘eramango’ gaituelako, hain justu Emmanuel Macron-en bigarren bost urteko agintaldiaren amaierara. Ordurako ‘gainbeheran’ dagoen Estatu frantses bat iragartzen du Michel Houellebecqek, beste behin ere ‘orakulua’ bihurtuta.

Frantziar letretako egungo idazlerik irakurriena eta nazioarte mailan ospe handiena duena, ‘anéantir’ eleberriarekin (736 orrialde, 26 euro) etorkizunari aurre hartzea maite duela baieztatuko du berriz ere. Orain 2027 urtera eramango gaitu. ‘Sumisioa’ (Meetok, 2015, Gerardo Markuletak euskarara ekarria) eleberrian antzeko zerbait egin zuen: Errepublikako lehendakaria musulmana imajinatu zuen ‘Charlie Hebdo’ren erasoen itzalpean.

Bere zortzigarren liburu eleberrian hiru trama desberdin harilkatuz, egungo frantziar politika ‘denboraren bidaia’ antzeko batean sartuko du. Bere modura, bere estilo azkar, dibertigarri, ezustez betetakoa... eta egiturarik gabekoa. Horrelaxe aitortu baitzuen egileak berak Sorbonan abenduan eskaini zuen ez usteko hitzaldian (ez baitzien komunikabideei iragarri): bere nobelek egiturarik gabekoak zirela. Eta kito.
Eta 2027 urtean Covid-aren menpe jarraituko al dugu? Houellebecqqek ez du covid hitza aipatuko liburuan. Baina osasuna eta heriotza oso presente daude eleberrian. Baita ere maitasuna.

Macron eta bere lagunak

Fikzioko Macron lehendakari honek –«animalia politiko bikaina» bezala definitzen zaio une batean– gobernatzen duen Frantzia ‘gainbeheran dago’: Hexagonoa desberdintasunez jositako herrialdea da, hiri txiki eta landa-eremuak desagertzerako bidean daude heriotza geldo batean, eta langabezia iraunkorra bihurtu da. «Eliteen eta populazioaren arteko arrakalak aurrekaririk gabeko maila lortu zuen», dio une batean narratzaileak. Baina Frantzia potentzia bat da industrian eta ikerkuntzan.

«Eta hau guztia» irakurtzen da, «erantzunik gabe, grebarik gabe, onarpen-giro harrigarrian». Ez baitago ezkerreko indar politikorik.

Seguruenik, liburuak salmenten zerrendak gailenduko ditu. Esaterako, bere azken lanak –’Sérotonine’ (2019)– marka guztiak hautsi zituen: 90.000 ale saldu ziren lehenengo hiru egunetan, eta paperean 400.000 ale saldu ditu guztira. Horregatik, sareetako kopia piraten auzi horrekin buruko min handia izango du argitaletxeak.