J.S.

Munduko 15 herrialdetako 205 sagardo batu ziren Sagardo Forumean

Zeraingo Oiharte sagardotegiak eta Astigarragako Zapiainek lortu zituzten Euskal Sagardoa kategoriako urrezko dominak

Azaroan egin zen nazioarteko lehiaketako sari-banaketa.
Azaroan egin zen nazioarteko lehiaketako sari-banaketa. (NAIZ)

Munduko hamabost herrialdetako sagardogileak eta 205 sagardo desberdin elkartu ziren joan den azaroan ospatutako III. Sagardo Forumeko nazioarteko lehiaketan. Mundu osoko aditu ospetsuek bederatzi kategoriatan sailkatutako sagardoak dastatu zituzten eta Euskal Herriko sagardo tradizionalen kategorian Zeraingo Oihartek eta Astigarragako Zapiainek irabazi zituzten urrezko dominak.

Sagardo Forum nazioarteko hitzordua Sagardoaren Lurraldeak bi urtean behin antolatzen duen ekitaldia da eta azken hau laugarren edizioa izan da. Horren barruan antolatzen den lehiaketa, ordea, hirugarrena izan zen.

Mundu osoko eta mota guztietako sagardoak aurkeztu daitezke lehiaketara. Horrela, honako herrialdeetako sagardoak dastatzeko aukera izan zen azken edizioan: espainiar eta frantziar estatuak, Alemania, Austria, Britainia Handia, Ameriketako Estatu Batuak, Estonia, Herbehereak, Italia, Libano, Lituania, Polonia, Norvegia, Txekia eta Ukraina.

Euskal Herriko sagardo tradizionalez gain, beste honako kategoriak zabaldu ziren lehiaketan: sagardo natural asturiarra, sagardo tradizional frantsesa, sagardo tradizional ingelesa, sagardo berriak, “Premium” sagardo aparduna, Apfelwein, zaporetako sagardoa eta udardoa eta, azkenik, izotzezko sagardoa.
Euskal Sagardoaren kategorian Oiharte upategia izan zen irabazle nagusia, baina Zapiain sagardotegiak ere urrezko eta zilarrezko dominak lortu zituen. Zilarrezko domina lortu zuten beste bi sagardotegiak Isastegi eta Gurutzeta izan ziren, eta brontzeen artean, Izeta eta Alorrenea sailkatu ziren.

Kategoria bakoitzean banatutako sariez gain, Llagar Panizales-en “Sidra de hielo Panizales” sagardoak “Best of show” saria lortu zuen lehiaketako bereziena izateagatik.

Lau eguneko egitaraua

Lehiaketaz gain, Sagardo Forumean hainbat ekitaldi antolatu ziren lau egunetan zehar. Hala nola sagar, sagardo eta turismoari buruzko jardunaldi teknikoak.

Sagastien landaketak leku garrantzitsua izan zuen Forumean eta bertan aipamen berezia egin zioten manipulazio genetikorik gabeko Errezilgo Ibarbi sagarrari. Luis Berrondo elkarteko lehendakariak esan zuenez, gaur egun 15.056 sagarrondo daude Errezilen, 137 sagastitan banatuta, eta horietatik %67 Ibarbi barietatekoak dira.

Sagardoak sukaldaritzan eta turismoan duen eragina ere aztergai izan zuten jardunaldietan, eta hizlariek argi utzi zuten jatorrizko produktu hau saltzeko garaian hainbat kontzepturen balioa nabarmendu behar dela, hala nola historia, gertukotasuna, natura, lurrarekiko eta herriarekiko lotura, paisaia, biztanleak…

Jardunaldi teknikoak osatzeko, izotzezko sagardoak eta monobarietalak egiteko tailerrak antolatu zituzten. Ondoren, produktu horiek dastatzeko aukera ere izan zen bertako eta nazioarteko sagardoekin uztartutako afari batean.

Sagardo Foruma amaitzeko, hamabost herrialdeetatik ekarritako ehun sagardoak ezagutu eta dastatzeko aukera izan zen, Donostiako Kursaal aretoan antolatutako nazioarteko azokan.

Antolatzaileen esanetan, mota honetako ekitaldiak oso garrantzitsuak dira munduko beste herrialdeetan egiten diren sagardoak ezagutzeko eta nazioarteko ekoizleengandik ikasteko.

«Sagardo egin berria eraman nuen;  sagardo berriak beti du beste grazia bat»

Azken Sagardo Forumean protagonistarik izan bada, hori Zeraingo Oiharte sagardotegia izan da, Euskal Sagardoa kategorian txapela lortzeaz gain, beste hiru kategoriatan ere sariak lortu dituelako: zaporezko sagardoan, apardun sagardoan eta izotzezko sagardoan.

Oiharte sagardotegian urteak daramatzate euskal sagardo ekologikoa egiten, eta azken urteetan aitzindariak izan dira, besteak beste, sagardoa latan ontziratzen, baita sagardo aparduna eta izotzezko sagardoa egiten ere.

Haritz Eguren da sagardotegiko arduraduna eta berarengana jo dugu arrakasta horren gakoak ezagutzeko.

Zer motatako sagardoa eraman zenuen Sagardo Forumeko txapelketara? Zergatik uste duzu saritu zutela beste guztien gainetik?

Nik eraman nuen sagardoa egin berria zen. Hemen Goierrin, bero gehixeago egiten duenez, sagarra lehenago heltzen da eta irailaren hasieran bildutako sagarrarekin egin genuen. Txapelketa azaroan izan zen, eta ordurako sagardoa etorria zegoen. Fruta eta lore usain handiko sagardoa zen, oso lurrintsua, eta horregatik uste dut eman ziotela saria. Sagardo berriak beti du beste grazia bat, aurreko urtekoak ez duena, eta momentua aprobetxatu genuen.

Hala ere, ez zen sari bakarra izan.

Lupuluarekin hartzitutako sagardoak ere urrezko domina irabazi zuen zaporezko sagardoen kategorian. Orain arte garagardoa egiteko erabiltzen zen landare hau sagardoa egiteko ere erabiltzen hasi gara, eta ukitu berezi bat ematen dio, betiere neurria ondo hartuz gero. Bestalde, apardunarekin zilarrezko domina lortu genuen eta izotzezkoarekin brontzezkoa.

Sagardogileok nola ikusten dituzue Sagardo Foruma bezalako ekimenak?

Sagardoaren inguruan hitz egitea eta balioan jartzea beti da interesgarria, zalantzarik gabe, eta horregatik parte hartzen dugu ekimen horretan.