Joseba Salbador

Sagardoetxea, 15 urte beteta, etorkizunari begira jarri da

Astigarragako Udalak herri galdeketa egingo du otsailaren 6an museoaren norabidea erabakitzeko.

Gasteizko Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusteko aukera izan zuten, irailean egindako bisitan.
Gasteizko Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusteko aukera izan zuten, irailean egindako bisitan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Astigarragako Sagardoetxea museoa 2006ko irailean ateak ireki zituenetik sagardoaren kultura mantendu eta sustatzeko lanean aritu da. Hala, joan den irailean, 15. urteurrena ospatu zuen, herritarrek sagardoaren kulturaz eta sagardogintzako kultur ondareaz gozatzeko hainbat ekitaldirekin.

Oraingoan, Astigarragako Udalak herri galdeketa egin nahi du Sagardoetxearen norabidea erabakitzeko. Udal agintariek diotenez, «Sagardoetxearen hamabost urteko ibilbideak bilakaera handia izan du eta museoaren etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko beharra eragin du». Horrela, 2021eko udaberrian Astigarragako hainbat eragile, elkarteetako ordezkari, Udal ordezkari eta norbanakoren parte hartzearekin, hausnarketa-taldea osatu zen Sagardoetxearen etorkizunaren norabideari buruzko proposamena lantzeko. Horrez gain, herritarrekin kontraste saioak ere egin dira landutako proiektuaren nondik norakoak azaldu eta beren ekarpenak jasotzeko.

Azken finean, parte-hartze prozesu honen bitartez lortu nahi dena da «sagardoetxea herriaren dinamikan errotua egotea, Astigarragaren identitatearekin bat eginez», eta sagarraren kultura sustatzeko «askotariko ekarpen eta ekimenen bilgunea eta lankidetzarako eremua izatea».

Era berean, gaur egun Sagardoetxeak biltegian dituen pieza  etnografikoak erakusteko eta tresnak berritzeko lekua izatea litzateke beste helburuetako bat; izan ere, bertan baitaude Erbitegi Etxeberri baserriko dolarea, kupelak egiteko Gartziategiko tresnak, matxakak, etab.

Azkenik, dokumentazio zentroa eta azalpenak emateko guneak sortzea lirateke beste helburuetako batzuk, baita sagarraren eratorriekin produktuak egiteko gune bat sortzea ere.
Behin proposamena landuta, Astigarragako Udalak herri-galdeketa bidez astigartarren adostasun edo desadostasuna ezagutu nahi du eta horretarako ospatuko du herri galdeketa otsailaren 6an.

Agintarien bisita

Joan den irailean antolatutako ospakizunen artean, Gasteizko Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarien bisita aipatu beharra dago, bertan izan baitziren Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta bozeramailea), Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko sailburua), Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria) eta Peli Manterola (HAZIko zuzendari nagusia).

Bertan izan zen Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea ere. Sagardoetxeak urte hauetan sagardogintzaren kultur ondarea mantentzeko egindako lana eta ondare hori datozen belaunaldiei erakusteko Astigarragak herri gisa duen erantzukizuna azpimarratu zituen.

Horrela, aipatzekoa da Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) eta Sagardoetxearen arteko elkarlanari esker, Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusgai dagoela Sagardoetxean. 400 urtetik gorako ardatz hori baserriaren bolumen ia osoa hartzen zuen dolarearen piezarik garrantzitsuena zen.

Horretaz gain, Sagardoetxearen Dokumentazio Zentroaren erakusketa antolatu zen eta bertan katalogatuta dauden funtsak (dokumentuak, hemeroteka, argazkiak, etab.) ezagutzeko bisita gidatuak egin ziren. Herritarrek ere izan zuten kultur aisialdiaz gozatzeko tartea eta familientzako bisita gidatu nahiz tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera eskaini zen.