NAIZ

Lan istripuen aurkako neurriak exijitu dituzte sindikatuek Ikaztegietan

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek kontzentrazioa egin dute Ikaztegietan Lakua eta patronalari lan istripuak ekiditeko neurriak eskatzeko.

Astelehenean Ikaztegietan izandako lan istripu hilgarria salatzeko kontzentrazioa, Ikaztegietako Hertell kooperatibaren aurrean.
Astelehenean Ikaztegietan izandako lan istripu hilgarria salatzeko kontzentrazioa, Ikaztegietako Hertell kooperatibaren aurrean. (Jon URBE | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek kontzentrazio bateratua egin dute ostiral honetan Ikaztegietako (Gipuzkoa) Hertell kooperatibaren aurrean. Elkarretaratzean sindikatuek joan den asteartean Ikaztegietako hil zen behargin gaztearen heriotza salatu eta lan istripu hilgarriak ekiditeko neurriak aldarrikatu dizkiete Lakua eta patronalari.

60 pertsona inguru batu dira ‘Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez’ leloa zeraman pankartaren atzean. LABen esanetan, «prekaritateak hil egiten duela salatzeko eta erakundeei beste alde batera begiratzeari utz diezaiotela berriro exijitzeko» batu dira Hertell kooperatibaren aurrean.

Asteleheneko lan istripuan zendutakoa 23 urteko amezketar bat izan zen. Gaztea Ikaztegietako Hertell kooperatibarentzat lanean zebilen 5 metroko altueratik erori zen unean. Ospitalera eraman zuten, baina hurrengo egunean hil egin zen.

ELA sindikatuko ordezkaria den Maria Imazek adierazi duenez, lan-merkatua «gero eta prekarioagoa da» eta baldintzak «negargarriak» dira. Horren ostean, lan kargak «amaigabeak» direla eta laneko segurtasunari buruzko araudia ez dela betetzen salatu du.

Horregatik, Iñigo Urkullu buru duen exekutiboari eta patronalari «neurri erabakigarriak» hartzeko eskatu die, «langileen osasuna erdigunean jartzeko». Neurri horien artean, ikuskaritzak areagotzea eskatu du, horrela, laneko osasuna eta segurtasunaren gaineko kontrol «zorrotzagoa» egongo litzatekeela argudiatuz.

Urtea hasi denetik Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz hil den hirugarren behargina da Ikaztegietakoa. Era berean, hilabeteko epean hiru dira altueratik erorita hildako beharginak, joan den urtarrilaren 10ean eta abenduaren 18an beste bi langile zendu baitziren Gasteizen eta Zumaian (Gipuzkoa), hurrenez hurren.